Irati Sagardia: “Ikasleak dira hezkuntza-igarobideen protagonistak, eta eskubidea dute entzunak eta kontuan hartuak izateko"
Irati Sagardia: “Ikasleak dira hezkuntza-igarobideen protagonistak, eta eskubidea dute entzunak eta kontuan hartuak izateko"
Irati Sagardia: “Ikasleak dira hezkuntza-igarobideen protagonistak, eta eskubidea dute entzunak eta kontuan hartuak izateko"
Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du Irati Sagardiak apirilean Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Transforming educational transition processes through stakeholder experiences" tesiak, nazioarteko aipamenarekin. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari buruz.

Pasa den apirilaren 11an, Transforming educational transition processes through stakeholder experiences tesia aurkeztu zuen Irati Sagardia (Donostia, 1994) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Irati Sagardiari.
Zein da doktorego tesiaren gai nagusia?
Tesiak eskola eta institutu batean gertatzen diren hezkuntza-igarobideak ulertu eta eraldatu nahi izan ditu. Hori ikerketa ikuspegi inklusibotik gauzatu da eta testuinguru zehatz horretan oinarrituta, protagonista nagusien (haur, gazte, familia eta irakasleen) esperientziak eta ahotsak etengabe kontuan hartu dira.
Derrigorrezko hezkuntza aldian dauden igarobide bertikalak hartu dituzu hizpide zure ikerketan. Zergatik erabaki zenuen gaia ikertzea? Zein izan da abiapuntua?
Tesiak derrigorrezko hezkuntzako igarobide bertikalak aztertzen ditu. Hau da, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara, Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara, eta baita Lehen Hezkuntzako zikloen arteko aldaketak ere. Batetik, ikerketa-taldeak aspalditik jaso izan du ikastetxeetatik igarobide horiei buruzko kezka. Bestetik, politika eta literatura zientifikoan ere zaindu beharreko prozesu gisa identifikatu dira, konplexuak direlako eta, sarri, oztopo bihur daitezkeelako. Igarobideak ikasle guztiek bai edo bai bizitzen dituzten esperientziak dira. Aldaketa horiek ikaskuntza eta garapenerako aukera gisa ulertzen ditugu, baina horretarako testuinguruak ondo zaintzea ezinbestekoa da. Zaintzarik gabe, haur, gazte eta familia askok kezka handiz bizi dituzte igarobideok, eta ondorioak izan ditzakete etorkizun akademikoan, sozialean zein emozionalean. Horregatik, tesi honetan protagonisten esperientziak erdigunean jarri dira. Ikerketa beraiekin eta beraientzat gauzatu nahi izan da testuinguru horien hobekuntza aukerak sortzeko.
Prozesuan zehar jasotako emaitzak hiru ikerlan ezberdinetan jaso dituzu. Zeintzuk dira hiru ildo horiek? Zergatik banaketa hori?
Ikerketa hiru artikulutan banatu da, ikerketa-ekintza parte-hartzailearen (IEP) prozesuaren izaera dinamikoa eta ziklikoa argi erakusteko. Banaketa horri esker, fase bakoitzean ateratako emaitzak eta horietatik eratorritako ekintzak modu bereizi baina osagarrian aurkezten dira.
Lehenengoak igarobide-prozesuen diagnostikoa jasotzen du, haur eta gazteen, irakasleen eta familien esperientziak bilduz. Bigarrenak IEPren lehen zikloa dokumentatzen du. Talde eragilearen sorrera eta lana azaltzen dira, baita ElkarZaintza ekintza-planaren diseinua, sozializazioa eta lehen inplementazioa ere, ondorengo ebaluazioarekin batera. Hirugarrenak, berriz, IEPren bigarren zikloa aurkezten du. Lehen zikloko ebaluazioan oinarrituta, hobekuntza-ildoak identifikatu ziren, planari doikuntzak egin zitzaizkion, berriro inplementatu zen eta prozesu osoa ebaluatu zen.
Haurren, familien eta irakasleen pertzepzioak bildu dituzu. Zer diote eragileek?
Hiru urtez jasotakoa laburtzea zaila egiten zait. Hala ere, labur-labur esanda, etapa-aldaketek urduritasuna eta ziurgabetasuna sortzen dute. Aldaketa asko ematen dira eta horren aurrean harreman seguruak funtsezkoak dira: txikien kasuan, irakaslea da erreferente nagusia; adinarekin, berriz, lagunak bihurtzen dira giltzarri. Familiek seme-alabak ondo ikustea dute helburu, eta horretarako, oso garrantzitsua da beraien beharretan oinarritutako informazioa aurrez eta modu argian jasotzea. Horrela, familiak lasaiago daude eta seme-alabei laguntzeko prest sentitzen dira. Irakasleek, berriz, koordinaziorako eta informazio-trukerako espazio egonkorrak behar dituztela azpimarratzen dute. Horrelakorik ez dagoenean, igarobideak bakoitzaren esku geratzen dira, eta horrek alde handiak sortzen ditu. Ikerketa prozesuaren ondorioz, eskolan ElkarZaintza plana garatu dute, eta orain trantsizioak modu sistematikoagoan lantzen dira. Hau da, ekintza espezifikoan burutzen dira, haur, familia eta irakasleen igarobideak errazteko.
Zeintzuk dira zure lanaren ondorio nagusiak? Zein esango zenuke dela ikerketa lan honek egiten duen ekarpena?
Ondorio nagusien artean, haurren ahotsak entzuteak eta kontuan hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke: beraiek dira prozesuen protagonistak, eta haien esperientziek gure praktika hobetzeko bideak eskaintzen dituzte. Gainera, eskubidea dute entzunak eta kontuan hartuak izateko. Haurren, familien eta irakasleen bizipenek igarobideak ulertzeko markoa zabaldu dute. Eskolan igarobideak ez dira soilik etapa-aldaketak edo ekintza puntualak, baizik eta prozesu zabalago baten parte. Horrek aukera eman digu ohiko igarobide bertikaletatik harago begiratzeko (errepikapenak, harrera-planak, irakasle-ordezkoen aldaketak…). Nabarmendu da, halaber, igarobideak ez direla eskolako kontu hutsa, baizik eta komunitatearekin batera kudeatzeko prozesuak.
Lan honek ElkarZaintza planaren sorrera eta sistematizazioa ekarri du, baita etorkizunera begirako lan-ildo berrien definizioa ere, protagonista guztien beharrak kontuan hartuta eta beraiekin elkarlanean. Gainera, ikerketa gutxi topatu ditugu Lehen Hezkuntzako zikloen arteko igarobideak aztertu dituztenak; hortaz, lan honek hutsune hori betetzeko pauso batzuk ere eman ditu.
Zer moduz bizi izan duzu tesia egitearen prozesua?
Prozesua oso aberasgarria izan da: asko gozatu eta ikasi dut. Prozesu guztiek bezala, gora-beherak izan ditu, baina jasotako guztiarekin geratzen naiz eta oso eskertua nago. Profesional moduan, aukera paregabea izan dut ikerketaren alderdietan sakontzeko eta interes handia pizten didan gai batean murgiltzeko. Gainera, prozesua testuinguru erreal batekin lotuta egoteak dimentsio berriak ireki dizkit, eta eskolako partaideekin elkarlanean eraikitako ibilbidea oso esanguratsua izan da niretzat. Haurren, irakasleen eta familien ahotsak ikerketaren erdigunean jartzeak aukera eman dit haien esperientzietatik ikasteko; eta talde eragileko partaideen ekarpenek, begiradek eta egiteko moduek nire ikuspegia izugarri aberastu dute. Horrez gain, tesia ikerketa talde baten proiektuaren baitan kokatu da. Niretzat, talde horren ezagutza, konfiantza eta babesa giltzarri izan dira, bereziki lehen aipatutako “behera” horiek “gorantz” bideratzeko.
