Argitaratu dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2024’

Atzealdea

Argitaratu dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2024’

Irakur gida

Argitaratu dugu ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2024’

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak koordinatutako gidak 2024. urtean haur eta gazte literaturan euskaraz argitaratu diren 294 liburuak aztertu ditu.

2025·10·08

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sarean jarri du 2024. urtean euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako 294 liburuen sailkapena biltzen dituen argitalpena: Haur eta gazte literatura irakur gida 2024. 12 lagunek osatutako lantaldeak urteko argitalpen guztiak irakurri, aztertertu, eta hiru ataletan multzokatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bana gehitu diete.

 

12 lagunek osatutako lantaldea

Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, “gida hau talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du".  Bildumaren egileen iritziz, gida honek “ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazera bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino”.

 

2024. urteko gida egiteko, haur eta gazte literaturarekin lotutako zortzi erakundetako 12 lagunek hartu dute parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, oraingo edizioko irakurle taldea osatu dute hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Edurne Urbiztondo, Garbiñe Txintxurreta eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola), Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea); koordinatzaile lanetan ibili da Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz. Aurtengo azalaren diseinua Lehen Hezkuntza graduko Amets Sanz ikasleak egin du, eta maketazioa, berriz, Naroa Garayar Lehen Hezkuntza graduko ikasleak. 

 

Sailkapena: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dituzte lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili dituzten irizpideak: “Haur eta gazte literaturaz 2024. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa,gaiari ematen zaion tratamendua… kontuan izanda baloratzen ditugu”. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaie”.

 

Adin-taldeka ere sailkatu dituzte liburuak, baina azaldu dute zenbaki hori “orientagarria” baino ez dela: “Agertzen den adina orientagarria besterik ez da, bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, etab. sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa”.

 

Bilduma eskertua da Haur eta gazte literatura irakur gida; horren erakusgarri, urtero, gida hau dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuenetarikoa. 2024-2025 ikasturtean landutako irakur gida argitaratuta, hurrengo literatur gidaren lanketarekin hasi da taldea dagoeneko.

 

1990. urtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gida kaleratzen. Proiektua elkarlanean egiten dute fakultateko arduradunek, Debagoieneko udal liburutegiko eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin batera. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita daude.

 

2024ko gida (PDF): Literatur gida 2024

Irakur gidaren bilduma osoa (PDF): Literatura irakur gida: 2001etik 2024ra

 


Unibertsitatea baino gehiago gara