Adimen artifiziala eta zibersegurtasuna izan dira MasterTECHeko bigarren edizioaren ardatzak

Atzealdea

Adimen artifiziala eta zibersegurtasuna izan dira MasterTECHeko bigarren edizioaren ardatzak

DIPLOMA BANAKETA

Adimen artifiziala eta zibersegurtasuna izan dira MasterTECHeko bigarren edizioaren ardatzak

Gaur entregatu dira MasterTECHen bigarren edizioko diplomak, profesionalak teknologia-esparru estrategikoetan espezializatzeko Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren eta IKERLANen espezializazio programa.

2023·02·17

$titulo.getData()


MasterTECHen bigarren edizioa, IKERLANek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak sustatutako prestakuntza-programa, gaur, otsailak 17, amaitu da, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna ardatz izan dituen bigarren promozio honetako zortzi ikasleei diplomak emateko ekitaldiarekin.

Arlo horietan langile kualifikatuen eskaera handia dago euskal industrian, eta IKERLAN zentro teknologikoak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak profil horiek garatzearen aldeko apustua egin dute MasterTECHen prestakuntza-eskaintzaren esparruan.

Lehen moduluan, ikasleek adimen artifizialeko ereduen bizi-zikloari buruzko ezagutzak eskuratu dituzte, hala nola datuen analisia eta balidazioa eta digitalizazio-plataformak. Bestalde, zibersegurtasunari buruzko moduluan, segurtasuna sistema txertatuetan eta cloud-etan, zibersegurtasuneko gertakarien kudeaketa, hacking etikoa edo kriptografia bezalako gaiak eman dituzte.

MasterTECH profesionalei zuzendutako espezializazio-programa bat da, eta profil desberdinetako irakasle adituak ditu: Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasleak eta ikertzaileak eta IKERLANeko ikertzaileak. Ikasleek bereziki nabarmentzen dute masterrak unibertsitateetan ematen ez diren eta enpresen lehiakortasunerako estrategikoak diren alderdiak jorratzen dituela formatu praktikoan.

Cristina Zubia, IKERLANeko proiektu-arduraduna eta bigarren edizio honetako parte-hartzaileak adierazi duenez, “MasterTECH esparru ezin hobea da gaur egun industriako hainbat sektorek, hala nola zibersegurtasunak eta adimen artifizialak, eskatzen dituzten teknologiei buruzko ezagutza berriak finkatzeko eta eskuratzeko”. Eguneroko jarduerak bateratzeari dagokionez, nabarmentzen du “masterrak ahalegin pertsonala eskatu digula, baina merezi izan du. Eskertzen dut IKERLANen barruan egin ditugun ikerketa-lanak master amaierako proiektua garatzearekin uztartu izana”.

Goiuria Sagardui Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Etengabeko Prestakuntzako koordinatzaileak oso positibotzat jo du IKERLANekin duela urte batzuk abian jarri zuten lan-ildo bateratua, eta ziurtatu du MasterTECH lankidetzaren emaitzarik esanguratsuenetako bat dela. Sagarduik dio IKERLANekin batera plazaratzen diren MasterTECHek lantzen dituzten gaiak euskal enpresen berrikuntzaren esparru estrategikoak direla. “Urte batetik bestera aurrerapen teknologiko asko egin dira, eta lan-merkatuan denbora bat daramaten profesionalek gauza berriak ikasi behar dituzte berriro. IKERLAN oso ondo egokitzen ari da behar horietara, MasterTECHak emaitza bikainak ematen ari dira”.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta IKERLAN zentro teknologikoak lankidetza estuan dihardute 45 urtetik gora. Bi erakundeek duela urte batzuk talde eragile bat osatu zuten teknologia-sektorearen erronka garrantzitsuenei aurre egiteko, eta master hau zutabe garrantzitsua da lankidetza horretan.