Hidrogeno Teknologien masterreko III.promozioa merkaturatu da
Hidrogeno Teknologien masterreko III.promozioa merkaturatu da
Hidrogeno Teknologien masterreko III.promozioa merkaturatu da
Master aitzindari hau zuzendu eta aurrera eramaten duen unibertsitateen arteko aliantza Euskadi, Katalunia eta Aragoiko unibertsitateek osatzen dute

Hidrogeno Teknologien Unibertsitate arteko Etengabeko Prestakuntzako Masterraren hirugarren edizioa amaitu da, eta 32 ikaslek jaso dute diploma. Bilboko, Bartzelonako, Tarragonako eta Zaragozako egoitzetan, dagoeneko 200 ikasle inguru espezializatu dira energia-trantsizioan funtsezkoa den energia-iturri horretan, Espainian aitzindaria den master hau ematen hasi zenetik.
Euskadiko, Kataluniako eta Aragoiko hezkuntza- eta ikerketa-erakunde ugariren arteko aliantzari esker, profesionalek hidrogenoaren erabileretan sakondu ahal izan dute, punta-puntako enpresetako nahiz administrazio publikoen zentro teknologiko eta teknikoetako espezialisten eta adituen eskutik.
Amaierako lanak eta aitorpenak
Masterra online ematen bada ere, edizio honetako ikasle guztiek sektoreko hainbat enpresa edo eragilerekin lankidetzan egin dute master-amaierako lana, eta gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: 100 MW-eko instalazio elektrolizatzaile bat ezartzearen bideragarritasuna, hidrogeno-gasa pilatzeko biltegi baten diseinua eta hidrogeno-tren baten ingurumen-inpaktua.
Hirugarren edizio honetan aurkeztutako MAL guztien artean, Andrés Molina Villamilek egindakoa izan da irabazlea, hidrogeno-hodi bidezko garraioko elementuen osotasuna kudeatzearen erronkei buruzkoa, alegia. Carburos Metálicos enpresak eman du saria, eta irabazleak Herbehereetako industriagunea bisitatzeko aukera izango du. Energia-trantsizioarekin lotutako instalazioAk bisitatuko ditu; haietan, hidrogenoa lantzen da bereziki, industriaren eta garraio astunaren deskarbonizazio-prozesua gauzatzeko funtsezko energia-bektore gisa.
Bestalde, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Saria, espediente akademikorik onenarena, Ekhi Díaz de Corcuera Muguerza Bilboko egoitzako ikasleari eman zaio. Horrek ere bidaia bat egingo du gastu guztiak ordainduta; kasu horretan, ordea, Euskadiko Energiaren Klusterraren espedizioan hartuko du parte, eta Bruselara joango da, European Hydrogen Week biltzarrera. Bertan, Europako Batzordeak eta hidrogeno-teknologien arloko mundu osoko eragile nagusiek jardungo dute, eta etorkizun handiko energia-iturri horren inguruko azken nobedadeak aurkeztuko dira. Horrenbestez, hidrogenoaren industria berriari laguntzen dioten azken aurrerapen teknologiko, industrial eta politikoak egiaztatu ahal izango ditu saridunak.
Masterra
Hidrogeno Teknologien Unibertsitate arteko Etengabeko Prestakuntzako Masterra bost unibertsitateren arteko lankidetzaren emaitza da; hauek dira: Mondragon Unibertsitatea, Universitat Politècnica de Catalunya, Universitat Rovira i Virgili, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea. Horrez gain, 6 prestakuntza eta ikerkuntza-zentro hauek aritu dira laguntzaile: Somorrostroko LHko Zentro Integratua, Comte de Rius LHko Zentroa, Institut Escola del Treball, Pirámide LHko Zentro Publiko Integratua, Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa eta Industria Antolakuntzako Eskola.
Industrian hidrogenoaren teknologien garapena sustatzea da horiek guztiek bat egitearen helburua, eta, ildo horretan, beharrezkoa izango da unibertsitatean prestatutako ingeniaritza-profilen eta lanbide-heziketatik datozenen arteko oreka.
