Nafarroako Gobernuak eta Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Atzealdea

Nafarroako Gobernuak eta Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Profesionalentzako prestakuntza

Nafarroako Gobernuak eta Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskaintzen duen tituluak Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza du, erdi-presentziala izango da eta urtarrilean abiatuko da.

2024·01·18

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur, urtarrilak 18. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskaintzen duen tituluak Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza du. Modu erdi-presentzialean eskainiko da, otsailetik ekainera bitartean, eta aurten kokapen berria izango du, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEINek) Noainen dituen instalazioak, hain zuzen ere. Bertan, ikus-entzunezkoen alorreko egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten ikasiko dute ikasleek. Hauek izan dira aurkezpen ekitaldian: María Sanz de Galdeano CEINeko zuzendari nagusia, Foru Gobernuaren aldetik, eta Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Mondragon Unibertsitatearen aldetik. Horietaz gain, bertan izan dira Amaia Pavón, tituluaren koordinatzailea, eta Garaxi Taberna, lehenengo edizioko ikaslea eta NAPAReko lehendakaria, ere. Ondoren, bisita instituzionala egin dute CEINera, ikasleek ikus-entzunezkoen alorraren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten ikasiko duten lekura.  

 

 

 

Tituluan ikus-entzunezkoen alorreko edukiak jorratuko dira, sektorearen egoera ezagutzeko eta egungo merkatuaren joerak identifikatzeko; horrez gain, ekintzailetzako eta berrikuntzako estrategietan sakonduko da. Horrela, ikuspegi dibergente baina, aldi berean, integraletatik erantzun ahal izango diete sektoreak dakartzan erronkei.

 

Sektorea bultzatzea

Prestakuntza-programa hori Nafarroako Gobernuaren Energia, I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, Nafarroako Garapen Ekonomikoko Departamentuaren estrategiaren, S4 delakoaren, ekintzen artean. Estrategia horrek ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzen du, baita beste industria-sektore batzuk ere, eta, bigarren edizio honetan, NAPAR – Nafarroako Ekoizleen Elkartearen laguntza ere izango du.

 

Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreari ezagutza bereizgarria eta espezializatua emateko beharraren ondorioz sortu da titulua, eta helburu argia du: foru-erkidegoko ikus-entzunezkoetako enpresa-sarea sendotzea, negozio-eredu berrien bidez. Aspaldi honetan, ikus-entzunezkoen sektorea garrantzi eta proiekzio handia ari da hartzen foru-erkidegoan. Horren erakusgarri da Nafarroako Gobernuak arlo hori sustatzeko egindako apustua. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza jasotzen du sektoreak. Hori dela eta, prestakuntza sustatzeko, matrikulen prezioaren % 55eko hobaria eman du, berriro, ikastaroaren bigarren edizio honetan.

 

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko komunikazioaren arloko irakasleek ez ezik, ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat profesionalek ere hartuko dute parte ikastaroan, hain zuzen ere gaur egun esku artean proiektu arrakastatsuak dituztenek, hala nola Garaxi Tabernak, Itziar García Zubirik eta Eva Patricia Fernándezek (Camilo José Cela unibertsitatea), baita Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-sareak ere (Mondragon Team Academy). Haiekin guztiekin, ibilbide profesional arrakastatsua lortzeko estrategiak aztertuko dira, bai eta negozio-ereduak berritzeko nahiz ikus-entzunezkoen enpresen dimentsioa handitzeko gakoak ere.