Mondragon Unibertsitateak hezkuntza digitalaren erronkak eta aukerak aztertu ditu jardunaldi batean Bilbao AS Fabrik campusean

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza digitalaren erronkak eta aukerak aztertu ditu jardunaldi batean Bilbao AS Fabrik campusean

Jardunaldia

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza digitalaren erronkak eta aukerak aztertu ditu jardunaldi batean Bilbao AS Fabrik campusean

Partaide izan dira Amaia Arroyo Sagasta, Mondragon Unibertsitateako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzailea, eta Cristina Sánchez Romero, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UNEDeko) irakasle eta ikertzaile aditua.

2023·05·16

$titulo.getData()


Gero eta sakonago aztertzen da hezkuntzaren eta teknologia digitalaren arteko lotura. Askotan, lotura horren arriskuei eta ondorio kaltegarriei erreparatzen zaie, baina badaude alde batera utzi ezin diren aukerak ere. Hori guztia dela eta, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Hezkuntza digitala: aukera eta erronkak jardunaldia egin du gaur, hilak 16, Bilbao AS Fabrik campusean. Hausnarketa konstruktiboa egitea eta arreta digitalizazioak hezkuntzarentzat dakartzan aukeretan eta erronketan jartzea izan da xedea. Amaia Arroyo Sagastak, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, eta Cristina Sánchez Romerok, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UNEDeko) irakasle eta ikertzaile adituak, zuzendu dute topaketa. Besteak beste, nabarmendu dute teknologia digitalen arazo eta arriskuetan zentratzeak diskurtso ilunak sortzera eraman gaitzakeela: “hobe da sareak eta teknologia erabiltzeko eredu onak eskaintzea, ikasle edo seme-alabek ikus dezaten zein aukera eskaintzen dituzten” argitu du Arroyok.

 

 

 

Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UNEDek) CIBERPROXY izeneko proiektua zuzentzen du, metabertsoaren bidez bullyingari aurrea hartzeko. Ez du esan nahi teknologia digitalak eta Metabertsoa bullyinga detektatzeko erabili behar direnik, baizik eta prebentzio-lana egiteko eta ikasleak murgiltze-esperientzien bidez kontzientziatzeko erabili behar direla. Badakigu gazteek esperientziei lotuago dauden kanal digitalak erabiltzen dituztela, hala nola bideo-jokoak, eta mundu digitaleko bizipen horiek esperimentatzeko eta beste modu batera ikasteko aukera ematen dietela. Espainiako Gobernuko Ikerketa Agentziak finantzatu du proiektua, eta Cristina Sánchez Romero du buru, ikertzaile nagusi gisa. Proiektuak bizipen horietaz baliatu nahi du arazoaren prebentzioa sustatzeko, egoera hori gehien pairatzen dutenengandik hurbilago dagoen errealitate batetik helduta. “Murgiltze-esperientzia bat diseinatzen ari gara Metabertsoan, pertsonek jazarpen-egoera bat bizi dezaten, eta ondoren gaia gelan landu ahal izan dezaten simulazio horretatik abiatuta” azaldu du Sánchezek. Mondragon Unibertsitatea proiektuan parte hartzen ari da; zehazkiago, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategia laborategiaren bidez. Amaia Arroyo Sagasta da lantaldeko ikertzaileetako bat.

 

Hezkuntzaren digitalizazioaren inguruan dagoen zurrunbiloan —curriculum berrian gaitasun digitala funtsezko gaitasuna da, irakasleen gaitasun digitala ziurtatu behar da…—, teknologia digitalen ingurunea oso azkar eta etengabe aldatzen da. Digitalizazioak bultzatutako aldaketek ez dute atzera-bueltarik, eta beharrezkoa da etorkizunari baikortasun kritikoarekin begiratzea; hau da, teknologia digitalak hezkuntzari eskaintzen dizkion aukerak ezagutu eta aprobetxatzea, betiere arriskuez jabetuta.