Berrogeita hamar lagun inguruk hartu du parte ikastetxeei zuzendutako marka-kontuei buruzko jardunaldian

Atzealdea

Berrogeita hamar lagun inguruk hartu du parte ikastetxeei zuzendutako marka-kontuei buruzko jardunaldian

Jardujnaldia

Berrogeita hamar lagun inguruk hartu du parte ikastetxeei zuzendutako marka-kontuei buruzko jardunaldian

Eskoriatzako campusean izan da «Hau da marka! Nola bereizi zure ikastetxearen marka?» izeneko jardunaldia

2022·10·28

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak eta AZK agentziak Hau da marka! jardunaldia egin dute Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako campusean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi horretan, ikastetxearen marka nola bereizi aztertu dute, eta berrogeita hamar lagun inguruk hartu dute parte: ikastetxeetako irakasle eta zuzendariak, eta unibertsitate-ikasleak.

Jardunaldiaren bidez irakasleei adierazi nahi izan zaie garrantzitsua dela marka sendo bat izatea eta marka horren balioekin koherente jokatzea, ez gainerako ikastetxeetatik bereizteko bakarrik, baizik eta ikastetxea bera posizionatzeko eta indartzeko ere bai. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen xedea da transferentzia-zerbitzu integral bat eskaintzea eta etorkizuneko irakasleak ez ezik egun lanean diharduten profesionalak ere trebatzea. Horretaz gainera, ikastetxe horietako komunikazio-arduradunei ere laguntza eskaini nahi die.

Hizlariak
Jardunaldiak bi zati izan ditu. Lehenbizikoan, Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak hasi du jardunaldia. Adierazi duenez, «hamarkadak daramatzagu ikastetxeekin elkarlanean eta hezkuntza-berrikuntzan lanean. Jardunaldi honekin, eragin integralagoa izan nahi dugu, ikastetxeok gauzatzen duten komunikazioa hobetzen laguntzeko».

Ipiñaren hitzaldiaren ondotik, Kataluniako Comuniza komunikazio-agentziako Olga Llopisek hartu du hitza, eta erakundeen komunikazioan kontuan hartu beharreko ezaugarriak aztertu ditu; esaterako, erabiltzailea definitzea, eta produktu edo ideia bati nola forma eman. «Hezkuntza-berrikuntza eta halako argudioak eskas geratu zaizkigu. Are gehiago, edozein ikastetxek berez eduki behar ditu atributu horiek. Erabaki behar da pertenentzia-ardatza landu behar den, edo desberdintze-ardatzari heldu behar zaion. Ez dira ukitu behar nortasunaren oinarrizko elementuak; desberdintzea erabiltzailearen esperientziatik etor daiteke, ez, nahitaez, irudi grafikotik. Marka ez da logotipo-kontua, nortasun-kontua baizik».

Arrakasta-kasuak
Eztabaida-saioaren ondotik, arrakasta-kasuak entzuteko txanda izan da. Hiru kasu aurkeztu dituzte. Lehenik eta behin, Ainhoa Permach Martínek hitz egin du, San Fermin Ikastolako komunikazio-arduradunak. Azaldu du Iruñeko ikastolak nola berritu zuen marka duela urte gutxi, eta zer onura ekarri dizkion zentroari. Hauxe kontatu du: «Marka eraldatzeko prozesuari ekin genionean, komunikazioa arlo estrategikoa (arlo pedagogikoa bezain estrategikoa) dela ulertzea izan zen lehen urratsa. Prozesuak, gainera, kontzientzia pizten lagundu du, kolektibo osoa jabetu baita komunikazioaren garrantziaz».

Jarraian, Lukene Igartua Egaña Oñati BHIko ikasketa-zuzendariaren txanda izan da, eta ikastetxe horren marka indartzeko erabilitako gakoak azaldu ditu. «Oñatiko ikastetxe guztiak batzeko marka berria sortzea izan zen gure prozesuaren lehenbiziko urratsa. Urgain izena aukeratu zuten. Logotipoa, leloa eta kontakizuna sortu genituen», azaldu du Igartuak.

Aurkezpen-saioak amaitzeko, Pello Agirrezabalek hitz egin du, Tolosako Herrikide ikastetxeko haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako zuzendari ohiak. Ikastetxe horrek berriki eginiko rebranding-esperientzia partekatu du. Hauxe azaldu du: «Marka berria sortzea etengabeko lana da. Guk gainerakoetatik bereizten gaituzten ezaugarrietan ipintzen dugu arreta. Eta, hiru zentro desberdin izan arren, esparru berean elkartzen asmatu genuen: adimen emozionalaren pean».
Aurkezpenen ostean, eztabaida-saio bat izan da hizlarien eta topaketan parte hartu dutenen artean.