Markagintza jorratzeko, ikastetxeei zuzendutako jardunaldia antolatu dute Mondragon Unbertsitateak eta AZK komunikazio agentziak

Atzealdea

Markagintza jorratzeko, ikastetxeei zuzendutako jardunaldia antolatu dute Mondragon Unbertsitateak eta AZK komunikazio agentziak

Jardunaldia

Markagintza jorratzeko, ikastetxeei zuzendutako jardunaldia antolatu dute Mondragon Unbertsitateak eta AZK komunikazio agentziak

“Hau da marka! Nola bereiztu zure ikastetxearen marka?” jardunaldia izango da, urriaren 27an, Eskoriatzako campusean. Dagoeneko irekita dago izen-ematea.

2022·09·20

$titulo.getData()


Gaur, hilak 19, Aretxabaletako campusean egindako aurkezpenean, Hau da marka! jardunaldia aurkeztu dute AZK komunikazio agentziak eta Mondragon Unibertsitateak. Urriaren 27an, Eskoriatzako campusean egingo den jardunaldian, Nola bereiztu zure ikastetxearen marka? gaia jorratuko dute. Aurkezpen ekitaldian, parte hartu dute Agurtzane Elkoro eta Jone Amonarriz AZK-ko marka eta komunikazio estrategia arduradunek, Amaia Pavon Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko proiektu eta transferentzia arduradunak eta Xabi Igoa Fakultateko Komunikazio taldeko kideak. Jardunaldia irekia izango da, baina, interesatuek aldez aurretik eman beharko dute izena.

 

Izen-ematea

Interesatuek hemen eman beharko dute izena:

  • Inskripzioa: Hau da marka! Nola bereiztu zure ikastetxearen marka?

 

Hezkuntza eta marka

Aurkezpenean, antolatzaileek azaldu dituzte jardunaldiaren helburuak eta zehaztu dute lehenengo edizioaren egitaraua. Agurtzane Elkoro AZK-ko marka eta komunikazio estrategia arduradunaren esanetan, “egun, edozein ikastetxerentzat ezinbestekoa da marka indartsu bat izatea; eta marka horren baloreekiko koherente jokatzea, ez bakarrik besteengatik desberdintzeko baizik eta ikastetxea posizionatu eta indartzeko”. Amaia Pavon Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko proiektu eta transferentzia arduradunak gehitu du, hezkuntza erakundeak eta ikastetxeak arduraz bizi dituztela komunikazio gaiak: “Fakultatearen asmoa da transferentzia zerbitzu integrala eskaintzea: irakasle izango direnak eta dagoeneko diren profesionalak formatzea eta ikastetxeetako komunikazioaren ardura duten profesionalei laguntzea”.

 

Hizlariak

Jardunaldiak bi zati izango ditu. Lehenean, Olga Llopis markagintzan aditua eta Comuniza brandin agentziako bazkide zuzendariak hitzaldia eskainiko du. Bere solasaldian, azalduko ditu hezkuntza erakunde baten marka hobetzeko estrategiak. Eztabaida eta galde-erantzunen ondoren, kasu praktiko eta arrakastatsuen txanda izango da. Hiru kasu arrakastatsu jorratuko dira: hasteko, San Fermin Ikastolako Ainhoa Permach Martin Komunikazio arduradunak azalduko ditu Iruñeko ikastolak orain urte gutxi egindako marka eraberritzeko prozesua eta bere onurak. Ondoren, Oñati BHI-ko ikasketa buruak, Lukene Igartua Egañak, hezkuntza zentroaren marka indartzeko baliatzen dituzten gakoak azalduko ditu. Aurkezpen laburrekin amaitzeko, Pello Agirrezabal Tolosako Herrikide ikastetxeko HH eta LHko zuzendari ohiak berriki egindako rebranding-aren inguruko esperientzia partekatuko du.

 

Egitaraua

  • 09:00-09:15. Ongi etorria:
    • Nagore Ipiña (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa).
    • Agurtzane Elkoro (AZK agentzia).
    • Amaia Pavon (Mondragon Unibertsitatea).
  • 09:15-10:15. Hitzaldia. Olga Llopis (Comuniza) Online.
  • 10:15-10:45. Eztabaidarako tartea.
  • 10:45-11:15. Atsedena eta kafea.
  • 11:15-12:00. Hiru kasu arrakastatsu: 
  • 12:00-12:50. Mahai-ingurua eta eztabaida.
  • 12:50-13:00. Itxiera. 

Antolatzaileak

Bi dira Hau da marka! jardunadiaren antolatzaileak: AZK agentzia eta Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako komunikazio campusa. AZK taldeak urteetako eskarmentua du komunikazio eta, bereziki, markagintza gaietan; hala, Arrasaten egoitza duen erakundea erreferentea bilakatu da komunikazio eta branding esparruetan Euskal Herrian. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, bestalde, 1976tik ari da hezkuntzan eragiten, ikertzen eta profesionalak prestatzen eta, Aretxabaletan duen komunikazio campusetik, komunikazioa eta hezkuntza arloak uztartzen. Hau da marka! jardunaldiaren lehen edizio hau urtero egiteko asmoarekin sortu dute. 

 

Argazkian, ezkerretik eskubira: Xabi Igoa (Mondragon Unibetsitatea), Agurtzene Elkoro (AZK), Amaia Pavon (Mondragon Unibertsitatea) eta Jone Amonarriz (AZK).

 

Informazio gehiagorako

Amaia Pavon

apavon@mondragon.edu

653 71 78 82