Fagor Arrasatek eta Mondragon Unibertsitateak ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia sustatzeko aliantza berritu dute
Fagor Arrasatek eta Mondragon Unibertsitateak ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia sustatzeko aliantza berritu dute
Fagor Arrasatek eta Mondragon Unibertsitateak ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia sustatzeko aliantza berritu dute
Enpresak eta Ingeniaritza fakultateak indarrak batu dituzte berrikuntzako bi arlotan ezagutza eta teknologiak garatu eta hobetzeko: alde batetik, txapa metalikoaren eta material konposatuen fabrikazio prozesuetan, eta bestetik, automatizazio adimendunean.

Lankidetza honen bidez, ezagutza eta teknologien garapena bultzatuko da, alde batetik, txapa metalikoaren (altzairua eta aluminioa) eta material konposatuen fabrikazio prozesuetan, eta bestetik, automatizazio adimendunean. Zehazki, Fagor Arrasatek espezializazioa duen teknologia nagusietan lan egingo da, hala nola aplanatzea, tolestea, ebaketa, konformazioa eta profilaketa; baita material konposatuen fabrikazio prozesuetan, prozesuen digitalizazioan eta kontrol adimendunean, kalitate kontrolerako ikusmen artifizialean eta robotikan ere.
Garapen teknologiko berriak Fagor Arrasateren estanpazio eta prozesatze sistemetan, ebaketa lerroetan eta siderurgiarako ekipamenduetan txertatuko dira. Enpresako zuzendari nagusi Unai Lópezek azaldu duenez, eguneraketa honek enpresaren produktuak “teknologikoki gero eta aurreratuagoak izatea ahalbidetuko du, eta mundu mailan lehiakortasuna mantentzen lagunduko du”.
Mondragon Unibertsitatearen eta enpresaren arteko aliantzak ezagutzaren transferentzian du ardatza, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MU-EPS) zuzendari Carlos Garcíaren ustez hori funtsezko alderdia da. “Akordio honek gure taldeek ikertzen dutena mundu errealera eramatea ahalbidetzen digu, eta gainera maila handiko ikerketa garatzeko aukera eskaintzen digu”, adierazi du. Bere ustez, lortutako emaitzak “oso aberasgarriak” dira bi aldeentzat. Lankidetzak, halaber, talentu espezializatua erakartzea eta ikertzaileentzat prestakuntza ekintzak antolatzea ere barne hartzen du.
15 urte baino gehiagoko etengabeko lankidetzaren ondoren, akordioa berritu egin da aldi honetan lortutako emaitza onek babestuta. Hala nabarmendu du Konikerreko zuzendari Andoitz Aranburuk; izan ere, Fagor Arrasateren, Mondragon Unibertsitatearen eta Konikerren arteko lankidetzak ikerketa proiektu bateratuak bultzatzea, ezagutza zientifikoa sortzea eta industriarako funtsezko arloetan ikertzaile berriak prestatzea ahalbidetu duela azpimarratu du.
“Ikerketa taldeak erabat lerrokatuta daudela erakusten duen adibidea da. Hitzarmen berri honekin etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko gai izango gara”, adierazi du Aranburuk.
Euskararekiko konpromisoa ere akordioaren parte da. Bi erakundeek eguneroko lankidetzan euskararen erabilera sustatuko dute, eta proiektuetan parte hartzen duten pertsonek hizkuntza gaitasuna egiaztatzera bultzatuko dituzte. Era berean, hitzarmen honetan zehazten diren doktore tesiak eta gradu amaierako lanak euskaraz egitea sustatuko da.

