Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko inpaktu sozialeko ekintzailetza-ekosistema indartzeko proiektu bat bultzatu dute
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko inpaktu sozialeko ekintzailetza-ekosistema indartzeko proiektu bat bultzatu dute
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko inpaktu sozialeko ekintzailetza-ekosistema indartzeko proiektu bat bultzatu dute
BIDE izeneko ekimena Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak garatzen dute, eta lurraldeko eragileen inpaktua eta 2030 Agendaren aurrerapenari egiten dioten ekarpena aztertzen ditu

Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak BIDE (Basque Impact-Driven Entrepreneurship Ecosystem) proiektua bultzatu dute; ekimen horrek Euskadiko inpaktu sozialeko ekintzailetza-ekosistema indartzea du helburu, lurraldeko eragileen zeregina eta 2030 Agendaren aurrerapenari egiten dioten ekarpena aztertuz.
2025ean abiatutako proiektua Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak sustatzen du eta Mondragon Unibertsitateak garatzen du, Mondragon Team Academyren (MTA) bitartez —Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko nazioarteko ekintzailetza-sarea—, zeinak ikerketa-, metodologia-, monitorizazio- eta analisi-lanak gidatzen dituen.
Lehen fasean, lana honako hauetan oinarritu da: inpaktu soziala zer den definitzea, analisi-metodologia bat ezartzea eta hori sortzen lagun dezaketen erakundeak identifikatzea. Horretarako, sektore pribatuari arreta berezia jarri dion ikerketa bat egin da, eta horri esker, gizartean inpaktu positiboa duen jarduera garatzen duten erakundeetara lehen hurbilketa egin ahal izan da.
Denbora horretan, 177 enpresa eta erakundek osatutako hasierako oinarri bat eraiki da, eta azterlanean enpresa pribatuek, publikoek eta publiko-pribatuek parte hartu dute. Zabaltzen eta garatzen jarraituko duen lehen abiapuntua da. Ekimenak ez du errolda itxi bat osatu nahi, ezta erakundeak sailkatu ere; aitzitik, ekosisteman zer eginkizun betetzen duten, zer gaitasun ematen dituzten eta elkarren artean nola erlazionatzen diren jakin nahi du. Helburua: inpaktu sozialeko ekintzailetza Euskadin indartsuagoa izatea eta bere oihartzuna gero eta zabalagoa izatea.
Proiektuaren emaitzak
Proiektuaren lehen emaitzek erakusten dutenez, enpresa-sarean ETEak eta kooperatibak nabarmentzen dira. Aztertutako erakundeen % 71 inguru txikiak edo ertainak dira, eta orain arte sartutakoetatik 115 kooperatibak dira. Horrek esan nahi du inpaktu sozialeko ekintzailetza ez dagoela nahitaez enpresa handiekin lotuta, baita ETEekin eta tamaina txikiagoko enpresekin ere.
Gainera, analisiak 30 sektore baino gehiago biltzen ditu, eta horien artean energia, berrikuntza soziala, aholkularitza, nekazaritza, osasuna eta elikadura nabarmentzen dira.
Halaber, analisiak agerian uzten du inpaktu sozialaren sorrera ez dela jada helburu horrekin berariaz sortutako erakundeetara mugatzen, baizik eta ohiko enpresa-sarean ere tokia irabazten ari dela, beren jardueran jasangarritasuna, berrikuntza edo eraldaketa soziala txertatzen duten enpresen bitartez.
Lehen etapa honen ondoren, BIDEk urrats berri bat emango du identifikatutako eragileengana zuzenean hurbilduz, bertatik bertara ezagutzeko zer egiten ari diren, zer behar dituzten eta nola erlazionatzen diren elkarren artean. Harreman horri esker, orain arte jasotako informazioa osatu ahal izango da, eta Euskadiko pertsonen eta komunitateen bizitza hobetzen lagunduko duten konexio- eta lankidetza-aukera berriak detektatu ahal izango dira.
Gainera, proiektua Mondragon Team Academyk inpaktu-ekintzailetzaren eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen alde egindako apustuaren barruan kokatzen da; lan-ildo horrek prestakuntza, ekintzailetza eta inkubazioa, ikerketa eta ekosistemaren ezagutza lotzen ditu.
