Praktika onak eta ekarpen berriak plazaratzeko, ‘Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan II. jardunaldia’ Eskoriatzako campusean

Atzealdea

Praktika onak eta ekarpen berriak plazaratzeko, ‘Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan II. jardunaldia’ Eskoriatzako campusean

Jardunaldia

Praktika onak eta ekarpen berriak plazaratzeko, ‘Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan II. jardunaldia’ Eskoriatzako campusean

Abenduaren 1ean egingo den jardunaldian jorratuko dira UEMAko hainbat herritako hezkuntza komunitateetan azken bi ikasturteetan gauzatzen ari diren esperientziek egindako ekarpenak.

2023·11·07

$titulo.getData()


Abenduaren 1ean, jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan II. Praktika onak eta ekarpen berriak izenpean, Eskoriatzako campusean partekatuko dituzte UEMAko hainbat herritako hezkuntza komunitateetan azken bi ikasturteetan gauzatzen ari diren esperientziak. 

 

 

 

Jardunaldia Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikineko D.0.3 aretoan izango da. Ekitaldia euskaraz egingo da, eta, itzulpena behar duenarentzat, gaztelaniaz ere eskainiko da Telegram bidez. Abenduaren 1eko ekitaldia irekia izango da, baina, aldez aurretik, interesatuek izena eman behar dute.

Ekitaldian azalduko dute zer ibilbide eta zer ekintza sustatzen ari den proiektua UEMAko hainbat udalerri euskaldunetan bertan euskaraz bizitzen jarraitzeko, euskaraz ez dakiten guraso etorkinei informazioa eta parte-hartzea bermatzeko, eta eskoletan zein herrietan kulturarteko harreman eta ikuspegia zabaltzeko. Izan ere, euskalduntasunaren eta kulturartekotasunaren arteko bidea eraikitzea erronka handia da gaur egun udalerri euskaldunentzat eta bertako eskolentzat. Baina ez soilik haientzat; jardunaldian entzungo diren gogoetak eta esperientziak baliagarriak izan ahal dira beste herri eta eskola batzuentzat ere.

 

Horrela, beste esperientzia batzuen artean, partekatuko dituzte eskoletako ikasturte hasierako bileraren formatua eta dinamika nola aldatu den eta zer eragin izan duen, eta zein den gurasoen begirada eta haien rola euskara eta kulturartekotasuna uztertzeko eskoletan antolatzen diren ekintzetan.

 

Jardunaldian azken bi ikasturteetan gauzatutako hainbat praktika on eta berri azalduko dira, eta horretarako prozesuak sustatzen eta prozesuetan parte hartzen ari diren protagonistek hartuko dute hitza.

 

Ikasturte honetan ekimena beste hamahiru herritara zabaldu da eta horiei erantzuteko elkarlanean jarraitzen dute herrietako hezkuntza komunitateek, udaletako eragileek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak.

 

EGITARAUA

 

09:00 Harrera.

 

09:15 Sarrera.

Hizlaria: Nagore Ipiña Larrañaga (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa) 

 

09:30 Euskara eta kulturartekotasuna. Praktika onak.

Hizlaria: Karmele Perez Lizarralde (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Mondragon Unibertsitatea). Proiektuaren kokapena egingo da eta sustatutako aldaketek eragindako praktika on batzuen berri emango da.

 

10:15 Kurtso hasierako bileraren eraldaketa. 

Hizlariak: Eider Amundarain Goikoetxea (Zaldibiako Lardizabal ikastetxeko zuzendaria) eta Amelia Barquín López (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Mondragon Unibertsitatea). Ikasturte hasierako bileraren formatua eta dinamika nola aldatu den eta zer eragin izan duen azalduko da.

 

11:00 Proiektuaren zabalkundea: 18 herri berri.

Hizlaria: Maialen Zuazo Aurrekoetxea (UEMA). Proiektua hedatu egin da eta Zaldibiako esperientzia izatetik, 18 herritako esperientzia izatera pasatu da, momentuz. 

 

11:30 Atsedena.

 

12:00 Herrian ere eragitea.

Hizlaria: Nora Palmitano Rossi (Zestoako euskara teknikaria). Euskara bultzatzeko (umeen arloan ere bai) eta beste hizkuntzak zein kulturarteko harremanak herrian kontuan hartzeko sortutako ekintzak azalduko dira.

 

12:30 Gurasoen partaidetza

Hizlariak: Zineb El ghaouti El gharrad (Lardizabal eskola, Zaldibia), Josu Egiguren Urrosolo (Zaldupe eskola, Ondarroa), Amaia Mendizabal Elias (Ikasberri ikastola, Azpeitia). Gurasoen begirada ekarriko dute jakiteko zein den haien rola, nola bizi duten prozesua eta zer azpimarratzen duten haien eskoletan egiten ari direnaz.

 

13:15 Denon arteko elkarrizketa irekia. Galderak eta ekarpenak.

 

13:45 Hurrengo urratsak eta itxiera.


Jardunaldiaren bigarren edizio honek segida emango dio iazko abenduaren 2an antolatutako Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan jardunaldiari. Bertan, Zaldibiako hezkuntza-komunitatean euskararen erabilera eta kulturartekotasuna bateratzeko erronkak jorratu zituzten. Jardunaldi hauek jaso dute Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa.