Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketa abiarazi du, ingeniaritzako ikasle baten laguntza behar duten oinarri teknologikoko negozio-ideiak edo startup hasiberriak bilatzeko

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketa abiarazi du, ingeniaritzako ikasle baten laguntza behar duten oinarri teknologikoko negozio-ideiak edo startup hasiberriak bilatzeko

LEHIAKETA

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketa abiarazi du, ingeniaritzako ikasle baten laguntza behar duten oinarri teknologikoko negozio-ideiak edo startup hasiberriak bilatzeko

Urriaren 15ean itxiko den deialdian 15.000€ko sei sari banatuko dira. Lehiaketan parte hartu dezakete bai pertsona bakarreko proiektuek, baita taldeko proiektuek ere. Iniziatiba honek hainbat enpresen babesa du: Fagor Taldea, Orbea, Centro Stirling eta Fagor Ederlan.

2023·09·22

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak oinarri teknologikoko ideia berritzaileen alde egin du berriro, eta Enpresa Sortuz lehiaketa antolatu du ostera, oraingoan Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards izenarekin. Lehiaketa Estatu osoan egingo da, eta banaka edo taldeka hartu ahal izango da parte, urriaren 15a baino lehen. Lehiaketak 15.000 €-ko 6 sari emango ditu. Sari bakoitzak beka bat hartuko du barne: Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasle bat 2023 2024 ikasturtean negozio-proiektu berri batean sartzeko beka bat. Guztira, 90.000 €-ko sariak banatuko dira, bakoitza 11 hilabeterainoko beka/soldatakoak. Gainera, laguntza- eta aholkularitza-zerbitzua eskainiko da, baita proiektua garatzeko gune fisiko bat ere. Urriaren 16ko astean jakinaraziko dira lan finalistak. Handik astebetera, finala izango da, Arrasateko Garaia parke teknologikoan. Finalistek han aurkeztuko dizkiote proiektuak epaimahaiari.

Enpresa hauek babesten dute lehiaketa: Fagor Taldeak, Orbeak, Centro Stirlingek eta Fagor Ederlanek. Guztiek ere talentu teknologikoa eta enpleguaren eta aberastasunaren sorrera sustatzen dituzte lurraldean.

Era berean, bi informazio-saio antolatu dira, lehiaketaren xehetasunen, baldintzen eta sarien berri emateko zein interesdunen zalantzak argitzeko. Online izango dira, irailaren 26an, 15:00etan, eta irailaren 28an, 17:00etan.

Deialdia

Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketari esker, oinarri teknologiko-industrialeko negozio-ideia bat duen pertsona batek —edo dagoeneko startup gisa finkatuta dagoen proiektu batek— Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasle bat sartu ahal izango du bere proiektuan. Unibertsitateak eta lehiaketan parte hartzen duten enpresek beka bat eskainiko dute ikasleak ekintzailetza-proiektua martxan jartzen lagundu dezan.

Bestalde, proiektuan zer ingeniaritzako ikaslea sartu nahi duen aukeratu ahal izango du pertsona edo talde ekintzaileak: mekanikakoa, diseinukoa, antolaketakoa, elektronikakoa, informatikakoa, energiakoa, prozesu industrialetakoa, biomedikuntzakoa, mekatronikakoa, robotikakoa, proiektu-zuzendaritzakoa, zibersegurtasunekoa eta eragiketa-zuzendaritzakoa, besteak beste.

Mondragon Unibertsitatearekin harremanik ez duten profesionalek edo ikasleek ere hartu ahal izango dute parte lehiaketan. Kasu horretan, beka bat jasoko dute, datorren ikasturtean unibertsitateko ingeniaritzako ikasle bat proiektuan sar dadin, hari ordaintzeko. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleak ere aurkeztu ahal izango dira —hain zuzen, laster gradu-amaierako lana edo master-amaierako lana egin behar dutenak—, baita ikertzaileak ere.

Interesdunek idatzizko dokumentu bat aurkeztu beharko dute, zenbait alderdi zehaztuta: bezero potentziala, merkatuaren tamaina, balio-proposamena, diru-sarrerak nondik lortuko diren, negozio-eredua, lehiakideen azterketa eta abar. Positiboki baloratuko dira genero-berdintasuna eta negozio-ideiaren berrikuntza, bideragarritasuna eta jasangarritasuna. Orobat, hiru minutuko bideo pitch bat prestatu beharko dute, idatzizko dokumentuaren edukia laburbiltzeko.

Ideia originalak aurkeztu behar dituzte; ez da plagiorik onartuko. Dena den, aukera egongo da lehiaketa honetako —lehen, Enpresa Sortuz— beste deialdi batzuetan aurkeztutako ideiak aurkezteko, betiere saririk lortu ez badute. Halaber, sariak bateragarriak izango dira beste sari eta finantzaketa-iturri batzuekin.

Urriaren 23ko astean jakinaraziko dira pertsona edo talde finalistak, eta euren proiektua epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dute, Garaia parke teknologikoan.

Izen-ematea

Lehiaketan parte hartzeko, interesdunek urriaren 15a baino lehen eman beharko dute izena. Dokumentazioa egun horretan aurkeztu beharko da. Pertsona edo talde finalistak urriaren 16an jakinaraziko dira, eta, urriaren 23ko astean (data zehatzak lotzeko daude), euren proiektua epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dute, 3 minutuko pitchingaren bidez.

Azken ekitaldia Arrasateko Garaia parke teknologikoan izango da. Parte-hartzaileek bertaratu egin beharko dute.

Informazio gehiago

Izena emateko esteka

Lehiaketaren oinarriak

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ekintzailetza-taldearen kontaktua:

ekintzetza.mgep@mondragon.edu

Babesleak

1090x560