Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak sei beka eman ditu proiektu teknologiko jasangarriak sustatzeko
Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak sei beka eman ditu proiektu teknologiko jasangarriak sustatzeko
Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak sei beka eman ditu proiektu teknologiko jasangarriak sustatzeko
«Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards» lehiaketaren aurtengo edizioan 42 hautagai aurkeztu dira eta gaur aukeratu dira irabazleak. Banatutako sarien zenbatekoa 110.000 €-tik gorakoa da
Mondragon Unibertsitateak 2025eko «Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards» lehiaketaren finala egin du gaur. Lehiaketaren helburua da industria-ekintzailetza jasangarria bultzatzea, startupen eta ingeniaritzako ikasleen arteko lankidetzaren bidez. Guztira 42 proiektu aurkeztu dira. Horietatik 22 dagoeneko eratuta dauden eta beren taldeetan ingeniaritzako ikasle bat sartzeko asmotan dabiltzan startupetatik datoz. Aurkeztutako gainerako 20 proiektuak, berriz, oraindik garatu gabeko ideia teknologiko ekintzaileak dituzten ikasle edo gazte talentudunenak dira. Bekaren laguntzarekin, beren ekintzailetza-proiektuan lehen urratsak eman nahi dituzte horiek. Bestalde, Talentua kategorian, Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako 18 ikaslek aurkeztu dute beka jasotzeko eta ekintzailetza-proiektuetan parte hartu ahal izateko hautagaitza.
Hautaketa-prozesuaren ondoren, zortzi proiektu izan dira finalista, eta sei beka eman dira. Horiei esker, talde irabazleek laguntza ekonomiko eta teknologikoa jasoko dute, eta talentu gaztea sartu ahal izango dute beren ekimenetan. Beka bakoitzak 25.000 eurotik gorako balioa du. Hautatutako proiektu berriez gain, aurreko ikasturteko proiektu irabazleetako baten luzapena ere onartu da. Dryfing startupa da eragilea, eta bigarren urtez jarraian beka jasoko du, Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasle batekin elkarlanean jarraitzeko. Guztira, 110.000 euro baino gehiagokoa da banatutako sarien zenbatekoa.
Honako hauek izan dira sei proiektu irabazleak:
- BegIA - Itsuei edo ikusmen urria dutenei eguneroko joan-etorrietan laguntzeko aplikazio mugikorra. Nabigazio gidatuaren bidez, ingurunea denbora errealean ezagutuz eta entzumen-komunikazioaren bitartez ematen du laguntza.
- Safer - Defentsa pertsonaleko gailu eramangarria, kalean eraso bat eraginkortasunez eta arduraz neutralizatzeko diseinatua, keinu natural eta erraz baten bidez aktibatzen dena.
- Coco - Material arinagoak eta larruazala gehiago errespetatzen dutenak erabiliz, gaur egungo bularreko protesien ordezko gizatiarragoa diseinatzea.
- Aery Bizkaia - Airetiko detekzio-sistema bat garatzea, lurreko minak eta gerrako hondakin lehergarriak identifikatzeko eta sailkatzeko.
- Zenit- Energia-trantsizioa azkartzea, energia-komunitateak digitalizatuta.
- Frosty - Adimen artifizial espezializatua, zure hozte-instalazioko biki digital batez konbinatuta presioa eta tenperatura zaintzen dituena, anomaliak aurreikusten dituena eta zure instalazioaren mantentze-lanen eta eraginkortasunaren kudeaketaren urrats bakoitza gidatzen duena.
Orbea, Fagor, MONDRAGON korporazioa eta Erreka dira lehiaketaren sustatzaile nagusiak eta haiei esker lortu ahal izan dira bekak. LABORAL Kutxako Gaztenpresa, Isea, Saiolan, GARAIA, Galbaian eta Erreka ere elkarlanean ari dira lehiaketan. Horiek guztiak inplikatuta daude lurraldean talentu teknologikoa, enpleguaren sorrera eta aberastasuna sustatzen.
Bi kategoria handi
Lehiaketa bi kategoria handitan banatua dago: proiektuak eta startupa. Aldi berean, lehenengo kategoria hiru hauetan banatuta dago: Ideas to commercialisation, epe laburrean merkaturatzeko aukeragatik onena den proiektua saritzen duena; Ideas to innovation, edukiren batean sakontzeko premia duen baina epe ertain-luzean merkatura iristeko aukera duen proiekturik onena saritzen duena, eta Ideas to research, oraindik ikertzeko beharra izan arren epe luzera merkatura iritsi ahal izatea espero duen proiekturik onena saritzen duena. Startupen kategoriari dagokionez, bi sari egongo dira Growing up eta Scaling up faseetarako.
Erronka: ekintzailetza teknologikoa
Lehiaketaren bidez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak unibertsitatearen erronka estrategiko bat lortzen lagundu nahi du: 2030erako Europako ekintzailetza teknologikoaren erreferente bat izatea, hain zuzen. Halaber, beste helburu hauek ere lortu nahi ditu: Mondragon Unibertsitateko ikasleen eta irakasleen ekintzailetza sustatzea; enpresekiko harremanak sendotzea, industriaren arloan barne-ekintzailetza jasangarria sustatuz, eta gizarte-aberastasuna sortzea, bereziki unibertsitatearen eragin-eremuan.
Enpresa laguntzaileak
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat urte daramatza lehiaketa bultzatzen, eta, urteotan, enpresa askok egin dute bat harekin. Aurtengo edizioan, Orbea, Fagor, MONDRAGON korporazioa, Erreka, Gaztenpresa, Isea, Saiolan, GARAIA, Galbaian eta Erreka dira kolaboratzaile nagusiak, eta guztien artean 110.000 € baino gehiagoko ekarpena egin dute, ekintzailetza-lehiaketa honek aurrera egin dezan.