ELIXABET ARANBURU EZIOLAZA ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen
ELIXABET ARANBURU EZIOLAZA ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen
ELIXABET ARANBURU EZIOLAZA ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen

- Tesi titulua: Beroko ebaketa zehatzaren garapena S700MC erresistentzia handiko altzairuaren kasurako.
Epaimahaia:
- Lehendakaritza: Naiara Rodriguez Florez (Tecnun)
- Bokala: Amaia Torregaray Larruscain (UPV/EHU)
- Idazkaritza: Joseba Mendiguren Olaeta (Mondragon Unibertsitatea)
Laburpena:
Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko araudiak gero eta zorrotzagoak diren heinean, pieza arinen eskaria etengabe handitu da, bereziki automobilgintzaren sektorean. Horren ondorioz, xafla metalikoen konformazioaren industrian material konbentzionalak erresistentzia handiko altzairuekin ordezkatzen ari dira, osagaien pisua murriztu eta propietate mekanikoak mantentzeko. Testuinguru horretan, ebaketa zehatza mekanizazioaren alternatiba eraginkorra da, kalitate handiko piezak produktibitate handiagoz eta materialaren aprobetxamendu hobearekin fabrikatzeko aukera ematen baitu. Hala ere, erresistentzia handiko altzairuen ebaketa zehatzak hainbat erronka teknologiko ditu, hala nola pitzaduren sorrera, ebaketa-ertzen kalitatearen galera eta erreminten higadura goiztiarra.
Doktorego-tesi honen helburu nagusia S700MC erresistentzia handiko egitura-altzairuzko osagaiak beroan egindako ebaketa zehatzaren bidez fabrikatzeko prozesu eraginkor eta industrialki bideragarri bat garatzea izan da. Horretarako, materialaren karakterizazioa, analisi tribologikoa, simulazio numerikoa eta prozesuaren baliozkotze industriala uztartu dituen ikerketa integrala garatu da.
Lehenik, S700MC altzairuaren portaera termomekanikoa aztertu da tenperatura eta deformazio-abiadura desberdinetan. Azterketari esker, materialaren harikortasuna handitzen duten lan-baldintzak identifikatu dira, eta haren portaera mekanikoa deskribatzen duten eredu konstitutiboak garatu dira.
Ondoren, beroan egindako ebaketa zehatzean lubrifikazioak duen garrantzia dela eta, prozesuko kontaktu-presio handiak eta gainazalen deformazio larriak erreproduzitzeko gai den tribologia-saiakuntzetarako banku berritzaile bat diseinatu eta garatu da. Horri esker, hainbat lubrifikatzaileren portaera eta eraginkortasuna baldintza adierazgarrietan ebaluatu eta alderatu dira.
Era berean, elementu finituen bidezko simulazio aurreratuak garatu dira, prozesuaren portaera aztertzeko, konfigurazio desberdinak optimizatzeko eta industrializazioaren aurretik baliozkotzeko, garapen-denborak eta kostuak murriztuz.
Azkenik, Elay enpresako prentsa industrialean egindako saiakuntzen bidez prozesua benetako ekoizpen-baldintzetan baliozkotu da. Beroan egindako ebaketa zehatzaren bidez fabrikatutako piezak ebaketa zehatz konbentzionalaren bidez lortutakoekin alderatu dira, ebaketa-kalitatea, ertzen egoera eta zehaztasun geometrikoa ebaluatuz. Emaitzek prozesuaren bideragarritasun teknikoa eta S700MC altzairuaren fabrikazioan lortutako hobekuntzak frogatzen dituzte. Gainera, berrikuspen bibliografikoan ez da aurkitu beroan egindako ebaketa zehatza ingurune erdi-industrialean aztertzen duen aurretiazko lanik; beraz, tesi honek ekarpen originala egiten dio bai komunitate zientifikoari bai industriari, teknologia honen industrializaziorako oinarri sendoa eskainiz.
