Mondragon Unibertsitateak parte hartu du proiektu-zuzendaritzaren inguruko euskarazko lexiko berria sortzen

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak parte hartu du proiektu-zuzendaritzaren inguruko euskarazko lexiko berria sortzen

TERMINOLOGIA

Mondragon Unibertsitateak parte hartu du proiektu-zuzendaritzaren inguruko euskarazko lexiko berria sortzen

Lexikoa eskuragarri dago UZEIko web orrian, Terminologia eta Lexikografia Zentroan, eta Proiektu-zuzendaritzaren euskarazko terminologia bateratzea eta sustatzea du helburu

2019·12·18

$titulo.getData()


Etengabeko aldaketak dituen testuinguruan bizi dira gaur egungo enpresak eta erakundeak, eta, arrazoi horrengatik, eraginkortasunez moldatzeko gai izan behar dute lehiakortasuna ez galtzeko. 

Proiektu-zuzendaritza eta kudeaketaren arloa asko indartu da azken urteotan bai industrian eta baita zerbitzuetako sektorean ere. Proiektuak aurrera eramateko ekintza guztiak planifikatu, antolatu, optimizatu eta kontrolatu beharra ezinbestekoa bihurtu da merkatuan lehiakortasuna ez galtzeko. 

Badira urte batzuk Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea proiektu-zuzendaritzako diziplina garatzen hasi zirela, eta hainbat titulutan Proiektu Zuzendaritza ikasgaia irakasteaz aparte, master propioak ere garatu dituzte.

Hala ere, erakunde, enpresa eta unibertsitateek ez dute terminologia bateratu bat ezarri; bakoitzak bere terminologia propioa proposatu eta erabili izan du. Eta egoera horrek, proiektu-zuzendaritza erabiltzen duten eragileen artean komunikazio-gabeziak eragin izan ditu, bai eta euskara erabili beharrean ingelesezko terminoetara jotzeko joera ere.

Orain sarean jarri den Proiektu Zuzendaritza Lexikoaren helburua, beraz, arlo horretan diharduten eragileek beren jardunean beharrezkoa duten oinarrizko euskarazko lexiko espezializatua adostea eta euskarazko terminologia bateratu bat sustatzea da.

Lankidetzan egindako lana

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ez ezik, PMI Euskadi branch-ek ere parte hartu du ekimen honetan. Project Management Institute (PMI) erakundeak ezagutza eta gaitasuna bermatzen dituen ziurtagiriak eskaintzen ditu, eta haren estandarrak dira mundu osoan zehar proiektu-zuzendaritzaren esparruan onarpen handiena dutenak.

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak landu du lexikoa, terminologia lantzeko jardueran duen esperientzia baliatuz. Aipatutako erakunde eta unibertsitateetako adituen ekarpenak bildu ditu bere proposamen lexikoan.

Lexiko eleaniztuna

Proiektu Zuzendaritza Lexikoa lexiko eleaniztuna da, lau hizkuntza biltzen baititu (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa), eta 457 kontzeptu jasotzen ditu guztira, bakoitza bere definizioz hornitua.

Lexikoak erabiltzaileen artean bere bidea egiten badu, proiektu-zuzendaritzan aritzen diren eragile eta profesionalek tresna baliagarria izango dute euskara elkarren artean modu koherentean erabiltzeko, eta arlo horretan espezializatuko diren ikasleek ere etorkizuneko lanean euskara ere berme osoz aritzeko baliabide praktikoa izango dute.

Lexiko doan deskarga daiteke hemendik.