Diego Egizabal: “Haurrek irakurketaren eta idazketaren behe-mailako buru-eragiketak modu automatikoan egiteko gauza izan arte hizkuntza idatzia nola irakatsi den aztertu dugu”

Atzealdea

Diego Egizabal: “Haurrek irakurketaren eta idazketaren behe-mailako buru-eragiketak modu automatikoan egiteko gauza izan arte hizkuntza idatzia nola irakatsi den aztertu dugu”

Elkarrizketa

Diego Egizabal: “Haurrek irakurketaren eta idazketaren behe-mailako buru-eragiketak modu automatikoan egiteko gauza izan arte hizkuntza idatzia nola irakatsi den aztertu dugu”

Bikain kalifikazioa lortu zuen Diego Egizabalek pasa den uztailean Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Idatzizkoaren hasierako irakaskuntza dispositibo didaktikoen argitan. D ereduko ikastetxe baten kasu azterketa" tesiarekin. Egilearekin hitz egin dugu ikerketa horri buruz.

2023·09·04

$titulo.getData()


Pasa den uztailaren 4an, Idatzizkoaren hasierako irakaskuntza dispositibo didaktikoen argitan. D ereduko ikastetxe baten kasu azterketa tesia aurkeztu zuen Diego Egizabal (Lasarte-Oria, 1974) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. ‘Bikain’ kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Diego Egizabal berari. 

 

Zure tesia kasu azterketa bat izan da. Zein gai jorratu duzu?

Idatzizkoaren hastapenetan hizkuntza idatzia nola irakatsi den aztertu dugu. Horretarako, euskarazko alfabetatze goiztiarrean eskarmentu handia duten HH4ko, HH5eko eta LH1eko irakasle banaren lan erreala sostengatzen duen ingeniaritza didaktikoa azaleratu eta ezaugarritu dugu. Horrek esan nahi du, hizkuntza idatziaren alderdi irakasgarriak identifikatu eta horiek irakasteko irakasleek ikasgelan abiatu dituzten dispositibo didaktikoak zerrendatu eta ezaugarritu ditugula. 

 

Zein eskola aztertu duzu eta zergatik?

Sare publikora igaro zen ikastola bat izan dugu aztergai, 50 urtetik gorako historia duena, Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dituena, D eredukoa, euskarazko alfabetatze goiztiarraren aldeko apustua egiten duena eta, oro har, ikasleen heren batentzat euskara bigarren hizkuntza duena. 

 

Zergatik zentratu zara idatzizkoaren hasierako irakaskuntzan. Garrantzi berezia du une horrek?

Kontuan hartu behar dugu alfabetatze prozesua bitan zatitzeko adina indarra duen mugarri bat gertatzen dela Lehen Hezkuntzako 1. zikloaren bueltan. Mugarri horren arabera, hasierako alfabetatzea eta alfabetatze aurreratua bereizten dira. Aipatu mugarria dugu, hitzen irakurketan eta idazketan inplikatutako behe-mailako buru-eragiketen automatizazioa. Hitzen irakurketari dagokionez, buru-eragiketa horiek ditugu: a) dekodetzea, b) hitzak ezagutzea, eta c) lexikorako irispidea. Hitzen idazketari dagokionez, berriz, a) hitzaren enuntziazioa, b) kodetzea, eta c) grafema eskuz idaztea. 

 

Behin behe-mailako buru-eragiketak automatizatzen direnean, haurrak baliabide kognitibo gehiago bidera ditzake goi-mailako buru-eragiketetara eta horri esker, diskurtsiboki konplexuagoak eta luzeagoak diren testuak ulertu eta ekoitzi ahal izango ditu. 

 

Zeintzuk dira tesiaren ondorio nagusiak? Harritu izan zaitu ondorioren batek?

Bideoz grabatutako gelako saioen behaketaren bidez, aukera izan dugu hizkuntza idatzia irakasteko dispositibo didaktikoen inbentarioa osatzeko. Bide batez, irakasleekin eginiko elkarrizketen edukien analisiari esker, dispositibo didaktikoak gidatzen dituzten hainbat  printzipio didaktiko-pedagogiko ere ezagutu ahal izan ditugu.

 

Bi dira nabarmendu daitezkeen ondorioak. Alde batetik, ikasgelan abiatzen diren dispositibo didaktikoak askotarikoak direla. Izan ere, irakurtzeko eta idazteko modalitate asko dago eta modalitate bakoitzak eskatzen du ezagutza eta buru-eragiketa jakin batzuk aktibatzea. Ez da berdina kopiatzea, irakasleari diktatzea edota ahots gora irakurtzea. Modalitate horietako bakoitzak eskatzen ditu buru-eragiketa ezberdinak aktibatzea. Edonola ere, horiek denak lagundu dezakete alfabetatze prozesuan. Bestetik, alfabetatze goiztiarrak sortu ditzakeen arrisku egoerak saiheste aldera, irakasleek askotariko estrategia abiatzen dituztela ikasleen ongizatea zaindu eta aniztasunari erantzuteko.

 

Tesia egiten ibili zaren denboran, zein izan da unerik gogorrena? Eta politena?

Denetarik izan da. Izan dira une goxoak eta mingotsak. Denak beharrezkoak, denetan gertatzen baitira askotariko gogoetak,  elkarrizketak eta ikaspenak. Denetan sortu dira idatzizkoaren hasierako irakaskuntzari buruzko zein ikerketa-prozesuari buruzko ezagutza osatuagoak eta zuzenagoak eraikitzeko aukera. 

 

Unerik gogorren bat aipatzekotan, txosten idatzia entregatzeko azken egunak aipatuko nituzke. Unerik politenak, berriz, literatura akademikoa irakurtzen eta irakasleen lana behatzen ikasgeletan emandako denbora.