C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen

Atzealdea

C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen

First LEGO League

C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen

BKI BOX (Bera Kruz ikastola, Markina-Xemein), NCLIC Shakespeare (NC learning investigation center, Gasteiz) eta C'Mon Guys (Madre de Dios ikastetxea, Bilbo), ikastetxeetako taldeak koroatu dira aurtengo FLL Euskadi-MONDRAGON txapelketan. Apirilaren 11n Burgosen jokatuko den estatu mailako finalerako txartela lortu dute hiru taldeek

2026·03·02

$titulo.getData()


Zientzia, teknologia eta jai-giroa nagusitu ziren larunbatean FLL Euskadi-MONDRAGON txapelketaren zazpigarren edizioan. Aurten, lehen aldiz, ekitaldia bi agertokitan banatu zen: Arrasateko ohiko Iturripen eta Bilboko Mondragon Unibertsitateko Bilbao AS Fabrik campusean. Bi egoitzen artean, ia 500 gaztek (67 talde), ehunka boluntariok eta harmailak bete zituzten senideek goiz ahaztezin bat bizi izan zuten, talde-lana eta robotika uztartuz. Zirrara, musika (Xaibor DJ-a eta Mauxitxa txaranga lagun) eta elkarrekiko laguntza izan ziren Erronka Garbia zigiluaren jasangarritasun-konpromisoarekin ospatutako final honen osagai nagusiak.

Aurtengo edizioan, gazteek lurpeko sekretuak arakatu dituzte UNEARTHED erronkari esker. Arkeologiaren munduan murgilduta, gure iragana ulertu eta etorkizun hobe bat eraikitzeko proiektu berritzaileak garatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko 68 ikastetxetako 3.400 ikasletik gorak. Hilabeteetako lanaren ostean, ikasleek argi erakutsi zuren arazo konplexuei irtenbide sortzaileak emateko gaitasuna dutela, betiere FIRST balioetan (elkartasuna, pentsamendu kritikoa eta inklusioa) oinarrituta.

Gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak (ZTIM) pizteko helburu horrek bat egiten du erabat MONDRAGONeko kooperatiben filosofiarekin. Hezkuntza-proiektu honi eskutik helduta, zientzia bertatik bertara bizitzeko aukera ematen zaie ikasleei. Horregatik, Innobasquek, Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGONek antolatutako final honek aliantza indartsua osatu du; besteak beste, Ausolan, Batz, Cikautxo, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, Lana, LKS Next, Lortek, Maier, Ondoan, Orbik, Ulma Taldea eta Ingeniera Soy elkartearen babesa jaso du ekimenak, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Arrasateko Udalaren laguntzaz gain.

Azken batean, FLL Euskadiren xedea ikastea, sortzea eta prozesuaz gozatzea da. Lehia osasuntsua bultzatuz, Explore (6-9 urte) mailako talde guztiek euren esfortzua aitortzen duen domina jaso zuten, eta Challenge (10-16 urte) mailan, berriz, ikasleen lan bikaina sari desberdinen bidez eskertu zen.

Sariak

Espainiako finalera sailkatuak (Irabazleen sariak):

  • INGENIERA SOY 1. saria (Bilbo): C'Mon Guys (Madre de Dios ikastetxea, Bilbo) taldearentzat.
  • INGENIERA SOY 1. saria (Arrasate): BKI BOX (Bera Kruz ikastola, Markina-Xemein) taldearentzat.
  • INNOBASQUE 2. saria (Arrasate): NCLIC Shakespeare (NC learning investigation center, Gasteiz) taldearentzat.