Enpresetako soberako materiala ikaskuntzarako hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko aukera aztertu du, ekainaren 20an, Mondragon Unibertsitateak

Atzealdea

Enpresetako soberako materiala ikaskuntzarako hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko aukera aztertu du, ekainaren 20an, Mondragon Unibertsitateak

Jardunaldia

Enpresetako soberako materiala ikaskuntzarako hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko aukera aztertu du, ekainaren 20an, Mondragon Unibertsitateak

Zortzi eskolatako 29 hezitzailek eta haien ikasleek parte-hartze aktiboa izan dute ekimenean. Emaitzak datorren ekainaren 20an aurkeztuko dituzte, Eskoriatzako campusean egingo den ‘Biziberritu’ jardunaldian.

2022·06·17

$titulo.getData()


Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak proiektu pilotua jarri du martxan Gipuzkoako eskola batzuetan, enpresen botatzeko materialek Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eskaintzen dituzten aukera pedagogikoak —sormena, ingurune fisikoaren ezagutza, jolasa, harremanak, lankidetza eta abar— aztertzeko. Horretarako, esperimentaziorako zenbait proposamen jorratu dituzte.

 

Hezkuntzan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie esperimentazioari, sormenari eta jolasari, ikasleen artean ikaskuntza-prozesuak sustatzeko tresna egokiak direlakoan. Esperimentazio-prozesu horietan askotariko materiala erabil daiteke. Hain zuzen ere, materiala zenbat eta zehaztugabeagoa edo desegituratuagoa izan, orduan eta aukera gehiago eskaintzen dizkio ikasleari askotariko esperientzia aberasgarriak izateko. Horixe da Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak zenbait eskolatan martxan jarri duen esperientzia pilotuaren helburua. Hala, enpresetako soberako materiala sormena sustatzeko hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko aukera aztertu du. Hauek dira ekimenean parte hartu eta materiala eman duten enpresak: Kiro Grifols, Fagor Elektronika, Irizar, Ternua eta Orbea.

  • Eman izena jardunaldian (Ekainak 20, 15:00etan. Eskoriatzako campusa)

Saiakuntzaren ondorioak aztertzeko, Unibertsitateak Biziberritu proiektu pilotua abiarazi du, aurten, Gipuzkoako zortzi ikastetxeren parte-hartzearekin. Emaitzak datorren astelehenean, ekainaren 20an, azalduko dituzte Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatu duen jardunaldian. Guztira, urtebete eta 12 urte bitarteko 150 haurrek hartu dute parte proiektuan. Partaide izan diren ikastetxeen esperientzia aurrez aurre ezagutzeko parada izango da jardunaldian. Era berean, aukera egongo da esperimentazioaren inguruan hausnartzeko, bai eta botatzeko materiala ikaskuntza-tresna gisa erabiltzeak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei ekarri dizkien onurak aztertzeko ere. 

 

Saiakuntzan ikusi denez, proposamenak oso aberasgarriak izan dira umeentzat, aukera eman diete beren mundu sinbolikoa adierazteko (plazeretik), sormenaren bidea lantzeko eta parekideen artean lankidetzan aritzeko. Gainera, bakoitzak bere gaitasunen arabera, objektuen ezaugarriak eta haien arteko harremanak ezagutu ahal izan dituzte.

Jardunaldia Fakultatearen Eskoriatzako campusean egingo da. Ekitaldia 15:00etan hasiko da, eta irekia izango da. Hala ere, bertaratu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Eman izena Biziberritu jardunaldian.

 

Soberakinak, mundua ezagutzeko baliabidea

Material birziklagarria oso interesgarria izan daiteke ikasleek mundu fisikoa ezagutzeko. Horixe da Biziberritu proiektuaren abiapuntua. Izan ere, Unibertsitateko adituen iritziz, «materiala zenbat eta zehaztugabeagoa edo desegituratuagoa izan, orduan eta aukera gehiago eskaintzen ditu askotariko esperientziak izateko eta ondorio aberasgarrietara iristeko». Gainera, birziklatutako materialaren erabilerak hainbat aukera eskaintzen ditu sortzeko orduan, eta ikasleen arteko lehia desaktibatzen du. Horrek eragin positiboa du haien autoestimuan, sortu dituzten gailuak ezin direlako epaitu edo baloratu eredu bakar baten arabera. Egiturarik gabeko materialek, halaber, jolaserako aukerak ugaritzen dituzte, eta jolasa bera funtsezko tresna da garapen sinbolikorako.

 

EGITARAUA

  • 15:00 Ongietorria.
  • 15:10 Jardunaldiaren aurkezpena eta gaiari sarrera: «objektutik mundura».
  • 15:20 Mahai-ingurua: «Esperimentazioaren aurpegiak: zientzia, sormena eta jolasa». Olaia Miranda (EHU/UPV), Xabier Arregi (Mondragon Unibertsitatea) eta Itziar Arregi (Mondragon Unibertsitatea). 
  • 16:00 Esperientziak: 8 ikastetxeren esperientziak HHn eta LHn enpresetako materialekin.
  • 17:30 Eztabaida talde txikietan: «Esperimentazioak iradokitzen diguna».
  • 18:15 Ekarpenak partekatzea.
  • 18:30 Ondorio orokorrak eta itxiera.