Beñat Flores: “Unibertsitatea hezkuntza etapa bikaina da sormenaren lanketa indartzeko”

Atzera

Beñat Flores: “Unibertsitatea hezkuntza etapa bikaina da sormenaren lanketa indartzeko”

elkarrizketa

Beñat Flores: “Unibertsitatea hezkuntza etapa bikaina da sormenaren lanketa indartzeko”

Cum laude kalifikazioa lortu zuen Beñat Floresek pasa de urrian aurkeztutako "Design Thinkingaren eragina aztertzen unibertsitate ikasleen auto-eraginkortasun sortzailean" tesiak.

2020·11·16

$titulo.getData()


"Exploring the impact of Design Thinking on Higher Education students' creative self-efficacy / Design Thinkingaren eragina aztertzen unibertsitate ikasleen auto-eraginkortasun sortzailean" izeneko nazioarteko doktorego tesia aurkezu zuen Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Beñat Flores ikertzaileak (Lezo, 1992) pasa den urriaren 30eran. Tesiaren aurkezpena online egin zen eta lortu zuen cum laude kalifikazkioa.

 

Zer da Design Thinking-a?

Design Thinkinga da arazo, proiektu edota erronka jakin bati erantzun berritzaile bat emateko helburua duen prozesua edo metodologia. Helburu hori lortzeko, Design Thinkinga fase desberdinez dago osatuta (ereduaren arabera hiru, bost, zazpi edo gehiago izan litezke), baina guztiek dute komunean gauza bera: ingeniaritza mekanikoko diseinatzaileen pentsamolde eta teknikak erabiltzea. Stanfordeko Unibertsitatean garatzen hasi zen modu teorikoan 70. hamarkadan, eta egun, munduko ehunka erakundetan erabiltzen da, besteak beste, edozein eremutan delako aplikagarria.

 

Zein ekarpen egiten du metodologia honek hezkuntzan?

Sormen gaitasuna berebizikoa da etorkizuneko (eta gaurko!) erronkei aurre egiteko. Badago nolabaiteko desfasea erronkak behar duenaren eta hezkuntzak eskaintzen duenaren artean. Adibidez, LinkedIn-ek urtero egiten du urtero zerrenda bat lan munduan beharrezkoenak diren “soft skills” edota konpetentzia orokorrekin, eta 2020an zein 2019an sormena dago lehen postuan. Aitzitik, hezkuntza askotan kritikatu dute sormena ez lantzeagatik, pentsamendu logiko edota arrazionalaren mesedetan. Eta unibertsitatea hezkuntza etapa bikaina da sormenaren lanketa indartzeko.

 

Aztertu duzu Desing Thinkingaren eragina unibertsitate ikasleen auto-eraginkortasun sortzailean, zeintzuk dira zure tesiaren ondorio aipagarrienak?

Design Thinking prozesua jarraitzen duen hamabost asteko esku-hartze programa bat diseinatu dugu Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan, eta ikasleen auto-eraginkortasun sortzailean nola eragiten zuen aztertu nahi izan dut nire doktorego tesian. Auto-eraginkortasun sortzailea da norberak duen pertzepzioa bere sormen gaitasunarekiko, eta dimentsio desberdinak hartzen ditu bere baitan. Ikerketako emaitzek erakutsi dute Design Thinkingean oinarritutako gure programak lagundu diela hein batean ikus-entzunezko komunikazioko ikasleei euren buruak sortzaileago sentitzen.

 

Zein izan da ikerketararen lagina?

Tesiak bi fase nagusi izan ditu: alde batetik, auto-eraginkortasun sortzailea neurtzeko galdetegi bat ingelesetik egokitu eta baliozkotu dugu, eta bestalde, galdetegi hori erabili dugu Design Thinkingean oinarritutako esku-hartze programaren eragina neurtzeko ikasle kopuru mugatu baten auto-eraginkortasun sortzailean. Lehenengo atazan 572 lagunek parte hartu zuten, EHUko (Psikologiakoak eta Ikus-entzunezko Komunikaziokoak) zein Mondragon Unibertsitateko (Hezkuntza graduetako eta Ikus-entzunezko Komunikaziokoak) ikasleak hain zuzen ere. Bigarren fasean, aldiz, lagina 93 lagunekoa izan da eta Mondragon Unibertsitateko zein EHUko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek parte-hartu dute soilik.

 

Zeurea nazioarteko tesia izan da? Zein izan da lan prozesua?

Nazioarteko aipamena lortzeko hainbat baldintza bete behar dira, eta haietako bat da, nire kasuan garrantzitsuena ziurrenik, atzerriko ikergune batean gutxienez 3 hilabeteko egonaldia burutzea. Design Thinkinga Stanfordeko Unibertsitatean sortu zenez, nire lehen aukera izan zen bertan egiten saiatzea. Eta nire harridurarako, berehala onartu ninduten Stanfordeko Center for Design Researcheko Visiting Research Student gisa. Nire egonaldian aukera izan nuen artikulu zientifikotan irakurtzen nituen ikerlari horiekin nire proiektuaren inguruan hitz egiteko, eta ikerketari izugarrizko bulkada eman zion. Diseinua guztiz aldatu nuen, eta ia zerotik abiatzea bezala izan zen Stanfordetik bueltan. Horrez gain, astero mintegiak izaten genituen, eta Design Thinkinga nola inplementatzen zuten ikusteko behatzaile gisa joaten nintzen ME310 masterreko eskoletara.

 

Zeintzuk dira zure lanak irekitzen dituen etorkizunerako ikerketa ildoak?

Hiru ikerketa ildo ditugu identifikatuta: Lehenik eta behin, Design Thinkingean oinarritutako esku-hartze programa birformulatu behar, ikasleen auto-eraginkortasun sortzailean modu esanguratsuagoan eragiteko. Dagoeneko egin ditugu zenbait aldaketa, eta horren jarraipena egiten ari gara. Bigarrenik, neurgailua bera euskaratzeko asmoa dugu, tesiaren garapen prozesuan ez zelako posiblea izan gaztelaniaz besteko hizkuntzara egokitu eta baliozkotzea. Azkenik, uste dugu interesgarria litzatekeela taldeko eraginkortasun sortzailea neurtzeko galdetegi bat sortzea, sarritan ataza sortzaileak talde-egituran burutzen direlako. Pentsatzen dugu taldeak izan dezakeela eraginik banakako auto-eraginkortasun sortzailean.

 

Topatu duzu harritu zaituen bitxikeriarik ikerketa prozesuan?

Uste dut gutxi hitz egiten dela doktorego-tesia egiteak dakarren benetako ikaspenaz. Gai bateko alor jakin baten inguruan “aditu” bihurtu zaitezke? Beharbada. Baina nik azpimarratuko nuke prozesu honetatik igaro izanak askoz ere gehiago erakutsi didala neure buruaz, auto-eraginkortasun sortzaileaz edota Design Thinkingaz baino. Tesi honen garapenean zenbait krisialdi suertatu dira, eta konturatu naiz horiei aurre egiteko barnean neramatzan, -eta, beharbada ezagutzen ez nituenak- estrategiak eta indarra atera ditudala. Prozesu hau ez dut bakarrik egin eta tesi-zuzendarien laguntza eta babesa ez zaizkit sekula falta izan.