Aurkeztu dute Huhezinema jaialdiaren 17. edizioa

Atzealdea

Aurkeztu dute Huhezinema jaialdiaren 17. edizioa

Huhezinema

Aurkeztu dute Huhezinema jaialdiaren 17. edizioa

2024ko urtarrilaren 24, 25 eta 26an egingo dute ikasturte honetako Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia. Film laburrak aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 27ra arte.

2023·10·24

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Humanitatea eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak aurkeztu egin du Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 17. edizioa. Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupe Kultura-etxean egingo dute Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduak antolatzen duen jaialdia, urtarrilaren 24, 25 eta 26an zehazki. Jaialdiaren helburua da Euskal Herriko sortzaileen film laburren eta bideoklipak plazaratzea eta, bide batez, lanik onenak saritzea eta euskal zinemagintzari bultzada ematea.

 

Inaugurazio ekitaldian hasita eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Hiru egunez, ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko film laburrak erakusteaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte. Urtetik urtera indartuz joan doan egitasmoa da Huhezinema eta, dagoeneko, zinemazaleentzat ezinbesteko hitzordua bilakatu da Euskal Herrian.

 

SARIAK

Iban Del Campo irakasle eta jaialdiaren koordinatzailearen hitzetan, “jaialdiak ahalegin berezia egiten du aurrekontuko diru gehiena sarietara bideratzeko. Azken urteotan, sail ofizialeko 10 finalisten artean dirua banatu dugu, jaialdia euskal zinemagileen arteko topagunea izan dadin. Aurtengo ikasle antolatzaileen taldetik jasotako ideia zaparradaren ondoren, berrikuntza bat gehitzea erabaki dugu: Aktore Onenaren Saria”. Aurtengo edizoan, Huhezinemak 4.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan.

 

Sail ofiziala

  • Huhezinema saria: 800€ Euskarazko film onenari. Saria epaimahai ofizialak emango du.
  • Laguntza publikorik gabeko film onenaren saria: 500€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak emango du. Sari hau diru laguntza publikorik gabe ekoiztutako eta banatutako film bati emango zaio.
  • Ikusleen saria: 100€-tan baloratutako oparia
  • Gainera, lan finalista guztiek 150€ jasoko dituzte.

Ikasleen saila

  • Ikasle film onenaren saria: 300€
  • MU saria: 200€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako ikus-entzunezko lan onenari.
  • Ikusleen saria: 100€-tan baloratutako oparia

Bideoklip saila

  • Bideoklip onenaren saria: 300€
  • Ikusleen saria: 100€-tan baloratutako oparia

Mundukide saria

  • 700€ irabaziko ditu aurkeztutako film laburren artean, Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film laburrak. Saria epaimahai ofizialak erabakiko du Mundukideko ordezkari batekin batera.

Aktore onenaren saria

  • Aktore onenak 150€-ko saria jasoko du.

Gainera, edizio honetan, berrikuntza bat ere aurkeztu dute antolatzaileek: azken urteetan kolaboratzaile izan den Eusko Jaurlaritzako HAZI erakundearekin lankidetza sendotu, eta sari berri bat emango du erakunde horrek. Antolatzaileek aurrerago zehaztuko dituzte sari horren baldintza eta ezaugarriak.

 

IZEN-EMATEA ETA OINARRIAK

Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko, izen-ematea inprimakia bete beharko dute interesatu guztiek azaroaren 28a baino lehen. Huhezinemako lantaldeak aukeratuko ditu proiektatuko diren lan onenak, eta, ondoren, adituz osatutako epaimahai batek baloratuko ditu lan finalista horiek. Batzorde antolatzaileak zinemagile eta sortzaile guztiak gonbidatu ditu jaialdiaren edizio honetan parte hartzera eta beraien ikuspegia ikus-entzunezko hizkuntzaren bidez partekatzera. Dagoeneko, jaialdiaren webgunean ikusgai daude lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

 

SORRERA ETA ANTOLAKETA

Huhezinema egitasmoa Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2008an sortutako ekimena da. Proiektuaren helburua da euskal zinemagileek beren sormena jendaurrean aurkezteko plataforma bat eskaintzea. Iban del Campo jaialdiko koordinatzailearen hitzetan, “ekitaldi hau garrantzitsua da Euskal Herriko kultura, sormena eta hezkuntza sustatzeko. Lanean jarraitu behar dugu orain artekoa hobetzeko, zinema ekitaldietan erreferentzia izaten jarraitzeko eta bertako gazteen eta ikasleen sormena sustatzeko”. 

 

Sortu zenetik, jaialdi hau besteengandik bereizten duen ezaugarri nagusienetakoa da, urtero, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle talde berri batek jaialdiaren antolakuntzan parte hartzen duela, Fakultateko beste irakasle batzuen gidaritzapean. Iban del Campok azaldu duenez, “ikasleek inplikazio, gogo eta mimo handiz parte hartzen dute Huhezinema jaialdiaren antolakuntzan, eta aurten ere sekulako lana egiten ari gara denon artean hau aurrera ateratzeko”. Helburua da, modu praktiko eta erreal batean, ikasleek bertatik bertara ezagutzea zinema jaialdi baten antolaketa prozesua. Taldean lanean aritzeak ahalbidetzen du graduan ikasitakoak praktikan jartzea, eta aldi berean, mundu profesionalarekin harremanak sustatzea.