Aste intentsiboa Alemanian
Aste intentsiboa Alemanian
Aste intentsiboa Alemanian
BIP programa berriari esker (Blended Intensive Programme), ingeniaritzako ikasleek Alemaniako hainbat enpresa bisitatu eta nazioarteko ikasleekin lan egin ahal izan dute

Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzetako hamar bat ikaslek parte hartu dute Alemaniako DHBW Heindeinheim unibertsitateak antolatu duen Environmental Tecnologies programan. Nazioarteko mugikortasuneko programa intentsibo honetan Mondragon Unibertsitateko ikasleek Finlandia, Portugal eta Alemaniako ikasleekin batera hartu dute parte.
BIP programaren baitan ikasleek Alemaniako enpresak bisitatu dituzte, beste unibertsitateko irakasleen hitzaldiak jaso, nazioarteko ikasleekin talde lanak garatu… Honenbestez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak atzerrian egonaldi bat egiteko modalitate berri bat integratu du bere eskaintzan, denbora luzez atzerrira joan nahi ez duten ikasleentzako mugikortasun alternatiba berri bat eskainiz.
Lehen edizio honetan, hainbat ingeniaritzetako ikasleek hartu dute parte (energia, mekatronika, diseinu industriala eta biomedikoa), eta Alemaniako bidaiaren aurretik gaiarekin lerrokatutako online formazio saio batzuk ere jaso dituzte ikasleek.



EU4Dual
BIP programa hau EU4Dual Europako Unibertsitate Aliantzaren esparruan gauzatu da. Aliantza horrek prestakuntza dualean erreferente diren unibertsitateak biltzen ditu, eta Mondragon Unibertsitatea du buru.


