Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko Arikalatarren lehen topaketa egin da Altsasun, Mondragon Unibertsitateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta

Atzealdea

Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko Arikalatarren lehen topaketa egin da Altsasun, Mondragon Unibertsitateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta

Topaketa

Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko Arikalatarren lehen topaketa egin da Altsasun, Mondragon Unibertsitateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta

‘Arikala’ egitasmoan parte hartzen ari diren Euskal Herri osoko 450 ikaslek lagunarteko euskara landu eta sustatzeko dinamikak egin dituzte bi egunez.

2024·03·05

$titulo.getData()


Atzo eta gaur, Euskal Herri osoko 450 ikasle elkartu dira Altsasun, lagunarteko euskara lantzeko antolatu den arikalatarren lehen topaketan. Honela, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Euskaltzaindia eta Ikastolen Elkartea elkarlanean lantzen ari diren ‘Arikala’ ikerketa-ekintzaren barruan, hainbat jolas-dinamika egin dituzte Euskal Herriko hamar ikastolatatik heldutako ikasleek.

 

 

 

Arikala ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza berritzailea da. Egitasmo honen bidez, ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak emango zaizkie, eta ondoren, esku-hartze horiek duten eragina neurtuko da. Orain arte, ikasleek ohiko ikaskideekin egin dituzte jolas-dinamikak; arikalatarren lehen topaketaren bidez, hainbat errealitate soziolinguistikotatik datozen ikasleak batera aritu dira ahozkotasuna eta lagunarteko hizkera lantzen. Honela, topaketaren helburua bikoitza izan da: batetik, arikalatarren komunitatea sendotu nahi izan da, eta, bestetik, gazte horiek euskararekin duten atxikimendua indartu nahi izan da.

 

Antolatzaileak pozik agertu dira topaketak emandakoarekin. Ikerketa-ekintzan oinarritutako proiektua denez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak adierazi du Arikalak aukera emango diela, hizkera informala aztertzeaz gain, hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz, material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko. Mondragon Unibertsitatearen ordezkaria proiektuan da Idurre Alonso ikertzaile eta irakaslea.

 

Orain arteko emaitzak ikusita, Euskaltzaindia ere pozik agertu da. “Mintzola egitasmoaren bidez, ahozko hizkera informala ikertu eta sustatu nahi du Euskaltzaindiak, besteak beste, haur eta gazteen artean. Baina asmoa ez da soilik ahozko hizkera informalari buruzko ikerketa teorikoak egitea; errealitatean esku hartzea eta esku hartze horien eraginak neurtzea ere nahi da. Kasu honetan, Euskal Herriko hamar ikastoletako haurrei ahozko hizkera informala lantzeko baliabideak ematen zaizkie eta horien eragina aztertzen da etengabe. Ez dago beste biderik: ahaleginean jarraitu, ahalegin horiek ebaluatu eta etengabe hobetu”, adierazi du Euskararen Akademiak.

 

Ikastolen Elkartetik berriz, proiektuak ikastoletan duen eragina azpimarratu dute: “Batetik, ludikotasunaren bitartez euskararekiko atxikimendua lortzeko eta sendotzeko aukera paregabea eskaini die Euskal Herriko hamar ikastolatako ikasle talde hauei. Bestetik, berriz, euren sentipenak euskararen bitartez adierazteko abagunea ere eskaini die. Hezkuntza formalaren eta ez formalaren arteko bereizketa lausotzea lortu da, eta bien arteko sinergia indartzea, haurrek euskara, gelatik kanpo erabilgarri izateaz gainera, bizigarri ere badela barnera dezaten, eta Euskal Herri luze zabalean eurak bezala euskaraz mintzo diren komunitate zabal bat dagoela ohar daitezen”.

 

Hiru urteko ikerketa-ekintza

2022-2023 ikasturtean hasita, hiru ikasturtetan garatuko da Arikala Euskal Herri osoko hamar ikastolatan. Hauek dira ikastolak: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nikolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola. Guztira, ikastola horietako 230 ikasle elkartu dira Altsasuko topaketan, hain zuzen, 2023-2024 ikasturtean, LHko 4. maila egiten ari direnak.

 

Arikala, Mintzola egitasmoaren baitan

Euskaltzaindiak, 2022ko urtarrilean Mintzola egitasmoaren ardura hartu zuenetik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketan, dibulgazioan eta sustapenean dihardu. ‘Eguneroko hizkera’ deritzogun elkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia hizkera hori aztertzea da bai eta adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea ere. Arikalak helburu horiei eusten die.

 

Arikala proiektua 2024