'Arikala', ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza berritzailea

Atzealdea

'Arikala', ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza berritzailea

Arikala proiektua

'Arikala', ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza berritzailea

Egitasmo berritzaile honen bidez, ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak emango zaizkie. Ondoren, esku-hartze horiek duten eragina neurtuko da.

2023·03·10

$titulo.getData()


Atzo, martxoak 29, proiektu berri eta berritzaile bat aurkeztu zuten Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak eta Euskaltzaindiak. Hain zuzen, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa-ekintza, aurrerantzean Arikala izenarekin ezagutuko dena. Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean izan da agerpena, eta bertan izan dira Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorra, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Miriam Ukia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria. Arikala gauzatuko duen hitzarmena ere sinatu dute guztiek.

Gazteen ahozko komunikazioaren % 80 inguru betetzen badu ere, orain arte gutxi ikertu izan den arloa dugu hizkera informalarena. Arikala egitasmoaren bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko da. Ondoren, material hori inplementatu eta inplementazioak ikasleen arteko hizkuntza-ohituretan izan duen eragina aztertuko da. Hartara, ikerketa honetatik ateratzen diren emaitzetatik abiatuta, etorkizunean materialak testuinguru berrietara eraman eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzeko aukera izanen da. 


Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburuak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du bere mintzaldian, egitasmo honetan Akademiak “lagun fin eta leialak” izan dituela gogoratuz. “Euskararen normalizazioan dihardu Euskaltzaindiak -esan du Urkiak-, euskara batua ikertzea eta sustatzea izan du —eta du— helburu lehenetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu beharrekoa dela uste du. Horren adibide da 2022ko urtarrilean gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren baitan kokatu behar da Arikala”.

Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorra ere pozik agertu da elkarlanaren ondorioz lortutako emaitzarekin: “Ikastolen Elkartean euskaldun osoak heztea dugu helburu; euskara bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta behar besteko bizitasunez erabiltzeko gai diren pertsonak heztea dugu jomuga. Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak duen hizkuntza-erregistroen aldaera-sorta: irakas-arloei begira erabili ohi den hizkuntza-erregistro formalaz gain, egoera ez-formaletarako ezinbesteko zaigun hizkuntza-erregistro bizia erabiltzen trebatu behar ditugu ikasleak; elkarren osagarri baitira aldaera horiek. Egiteko horretan ekarpen ezin interesgarriagoa egingo digu Arikala proiektuak. Ikerketa ezinbestekoa zaigu, bertatik edan eta gure egitekoan pauso eraginkorrak emateko".

Azkenik, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak nabarmendu du ikerketa-ekintza honek eragina izango duela gizartean eta euskararen normalizazioan: “Egungo gizartean ahozko komunikazioak duen garrantzia kontuan izanda, adierazgarria iruditzen zaigu ahozko hizkera informala aztertzea, eta ikerketan ardaztutako proiektu honen parte izatea. Gainera, ikerketa-ekintzan oinarritzen denez, aukera emango digu hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko".


2022-23 ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da Arikala Euskal Herri osoko 10 ikastoletan. 2022-23 ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024 LH5. mailan eta 2024-2025 ikasturtean LH6. mailan. Parte hartuko duten ikastolak hauek izanen dira: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.

Arikala, Mintzola egitasmoaren baitan
Euskaltzaindiak, 2022ko urtarrilean Mintzola egitasmoaren ardura hartu zuenetik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketan, dibulgazioan eta sustapenean dihardu. ‘Eguneroko hizkera’ deritzogun elkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia hizkera hori aztertzea da bai eta adierazkortasuna  lantzeko tresnak garatzea ere.