Energia Sistema Adimendunen masterreko ikasleek CAF Power & Automationen instalazioak bisitatu dituzte

Atzealdea

Energia Sistema Adimendunen masterreko ikasleek CAF Power & Automationen instalazioak bisitatu dituzte

BISITA

Energia Sistema Adimendunen masterreko ikasleek CAF Power & Automationen instalazioak bisitatu dituzte

Mondragon Unibertsitateak enpresen errealitatea ikasleei hurbiltzeko duen estrategiaren parte da bisita. Enpresetara egiten diren horrelako bisitez gain, enpresako profesionalek eskolak ematea, praktika ordainduak dituen prestakuntza duala, enpresan master bukaerako proiektua garatzea ere sustatzen ditu, besteak beste, estrategiak.

2023·06·06

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Energia Sistema Adimendunen Unibertsitate Masterreko ikasleen lehen promozioak masterraren lehen ikasturtea amaituko du laster. Azken asteetan 2 enpresa bisitatu dituzte. Apirilaren amaieran ULMA Embbededen instalazioetara joan ziren, eta maiatzean, berriz, CAF Power & Automation enpresa bisitatu dute.

CAF Power & Automationek Miramongo Parke Teknologikoan du egoitza, eta trakzio elektrikoko sistemak, energiaren optimizazio sistemak eta trengintzaren sektorerako (tranbiak zein lokomotorrak) kontrol eta komunikazio sistemak garatzen ditu. Konpainiak asmo handiko plan teknologiko bat du produktua garatzeko, eta plan horrek enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoekin lankidetza eta ikerketa bultzatzen du, horien artean Mondragon Unibertsitatearena.

Unibertsitateak harreman estua du konpainiarekin, eta Energia Sistema Adimendunen Masterreko ikasleen bisita Testaketa eta Baliozkotze Plataformen ikasgaian lantzen diren edukiekin bat etorri da. Ikasgai horretan zehazki, CAF Power & Automationeko langile bat da irakasleetako bat, eta laborategiko arduradunarekin batera Miramonen dituzten Hardware-in-the-Loop (HIL) plataformak erakutsi dizkie lehen pertsonan.

CAF Power & Automationek trakzio bihurgailuak garatzen eta fabrikatzen ditu trengintzako industriarako, eta, trenetan ontziratutako kontrol estrategiak baliozkotzeko, konpainiak ahalegin handia egin du trakzio eta metaketa sistemak birtualizatzen, HIL simulatzaileen bidez. Gaur egun, bere laborategian 10 simulagailu baino gehiago ditu, algoritmoak egiaztatzeko eta testatzeko, eta ikasleek lehen eskutik ikusi ahal izan dute hori.

Master duala, Hernanin ematen dena

Energia Sistema Adimendunen Unibertsitate Masterra Hernaniko Galarreta campusean ematen da, eta lana eta ikasketak txandakatzea ahalbidetzen du programa dualaren bidez. Masterra diseinatzean kontuan hartu da ikaslea astean 2,5 egunetan klaseetara joango dela (astelehenetan eta ostiraletan, egun osoz, eta ostegunetan, arratsaldez) eta 2,5 egunetan enpresara joango dela ikasgelan ikasitako guztia praktikan jartzera (asteartetan eta asteazkenetan, egun osoz, eta ostegunetan, goizez).

Bigarren ikasturtean, masterrak aukera ematen du 6 hilabeteko egonaldi bat egiteko atzerrian edo enpresa batean Master Amaierako Proiektua egiteko (6 hilabete lanaldi osoan). Lehen ikasturteko praktikak zein bigarren ikasturteko MALa ordainduta egongo dira.

Master honi buruz informazio gehiago jaso nahi baduzu idatzi helbide honetara:

jdelolmo@mondragon.edu