Africa Basque Challenge programako euskal eta kenyar ekintzailez osatutako 11 talde lehian aritu dira Bilbon, beren startupak Afrikan eta Euskadin garatzeko

Atzera

Africa Basque Challenge programako euskal eta kenyar ekintzailez osatutako 11 talde lehian aritu dira Bilbon, beren startupak Afrikan eta Euskadin garatzeko

Africa Basque Challenge

Africa Basque Challenge programako euskal eta kenyar ekintzailez osatutako 11 talde lehian aritu dira Bilbon, beren startupak Afrikan eta Euskadin garatzeko

Startup berriek honako ekimen hauek garatuko dituzte, besteak beste: nekazariak eta erosleak elkarrekin harremanetan jartzeko enpresa teknologiko bat; kokoaren hondakinez egindako eraikuntza-materialak sortzeko enpresa bat, eta abar

2019·02·19

$titulo.getData()


Duela bost hilabete programa bat jarri zuen abian Mondragon Unibertsitateak, DOT S. Coop. sozietatearekin eta LKS Krean-ekin elkarlanean. Teknologia digitala erabiliz, Afrikan, Kenyan zehazki, gizarte-ekintzailetza sustatzeko aukerak aztertzea zen programaren helburua. Africa Basque Challenge izeneko programa berritzaile hori MONDRAGON TEAM ACADEMYren —Enpresagintza Fakultatean 2008an sortutako nazioarteko ekintzailetza-sarearen— bidez sustatzen du Unibertsitateak. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ditu laguntzaile, bata Ekonomi Sustapen Sailaren bidez eta bestea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. Helburua: Kenyan eta  Euskadin landa-komunitateen garapena sustatzea eta desberdintasunak murriztuko dituzten ekimen sozioenpresarialak bultzatzea. 

11 talde

Horretarako, Africa Basque Challenge programa jarri zen martxan joan den irailean. Programa hori aitzindaria da Espainian eta Europan, eta ekintzaile gazteei haien proiektuak Afrikan martxan jartzen laguntzea du helburu. Programaren lehen fasea Kenyan egin zen, azaroan. Aukeratutako 11 taldeek eta 47 parte-hartzaileek lantegietan, hitzaldietan eta arlo digitaleko eta nekazaritzako elikagaien industriako enpresa interesgarrietara egindako bisitetan hartu zuten parte. Bigarren fasea, berriz, Bilbon egin dute. Fase horretan, ekintzaileek finantzaketari eta negozio-planei buruzko prestakuntza jaso dute, ekintzailetza-proposamena gauzatzeko xedez. Proposamena aurreko ostiraleko ekitaldian aurkeztu dute taldeek, eta epai-mahaiak orduan aukeratu ditu proiektu irabazleak.

Yimby aretoan (Ercilla kalea, 24), 47 euskal eta kenyar ekintzailez osatutako 11 taldeek beren proposamenak defendatu zituzten, erreferentziako inbertsorez,  inpaktudun inbertsio-funtsetako ordezkariz, enpresariz eta gizarte-ekintzailez osatutako epaimahaiaren aurrean, eta epaimahai horrek erabaki zuen zein diren startup irabazleak.  

Startup berriek honako ekimen hauek garatuko dituzte, besteak beste: ekonomia zirkularreko enpresa teknologiko bat, nekazaritzako produktuen arrastoari jarraitu eta nekazariak eta erosleak elkarrekin harremanetan jartzeko (A2W); kokoaren hondakinez egindako eraikuntza-materialak sortzeko enpresa bat (HOCO); landa-eremuetako emakumeak jukaren balioaren bidez ahalduntzeko ekimen bat; turismo iraunkorra sustatzeko plataforma digitala sortuko duen konpainia bat; eguzki-panelen bidez kargatutako ekomotorrak erabiltzen dituen energia berriztagarriko sistema bat; Euskadiko eta Kenyako lehen Glamping proiektuaren bidez garatutako turismo iraunkorra; Afrikako moda sustatzeko eta, bidez batez, landa-eremuetako emakumeak ahalduntzeko plataforma bat (VAA); landa-eremuetako emakumeek eta neskek osasun-toalla seguru eta berrerabilgarriak eskuratzeko plan bat; ekintzaile txikiek blockchain-en bidez finantzaketa eskuratzea ahalbidetzen duen plataforma bat (AMTANI); herritarrak esku-langile kualifikatuekin (arotzekin, elektrikariekin, igeltseroekin eta abar) harremanetan jartzeko online plataforma bat, eta abar. 

Aukeratutako 4 startup onenek 15.000 euroko saria jaso dute, beren proiektua gauzatzeko, baita azelerazio digitaleko akonpainamendu bat ere, BRIDGE FOR BILLIONS plataformaren eskutik, MONDRAGON TEAM ACADEMNYko taldearekin elkarlanean.

Helburua 

Programak, lehenik, premia hau du abiapuntu: Afrikan landa-eremuen eta hirien artean dauden desberdintasunak murriztea; eta, bigarrenik, aukera hau aprobetxatzea: Afrika lurralde oso erakargarria da ikuspegi enpresarial eta sozialetik; izan ere, ekiteko eta askotariko proiektu berriak abian jartzeko aukera handiak eskaintzen dituen kontinentea da, eta garapen-behar ugari ditu arlo askotan. Premia eta aukera horiek uztartuta, MONDRAGON TEAM ACADEMYk abian jarri duen programa soziala irauteko bokazioarekin sortu da. Programa horren bidez herrialdearen hazkundea eta aberastasuna indartu nahi ditu Unibertsitateak, herrialdeari hazten lagunduko dioten ekimen sozialak aztertuz eta bultzatuz eta gizarte-oinarriko garapen ekonomikoa sendotuz.

Euskal-afrikar lankidetzarako programa hau abian jarrita, Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sareak lehen urratsak emango ditu kontinentean, eta ateak irekita utziko ditu Afrikan lankidetza gehiago egiteko (Afrika eta Ozeania dira sareak presentziarik ez duen kontinente bakarrak).

MONDRAGON TEAM ACADEMY

MONDRAGON TEAM ACADEMY unitatea Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean sortutako nazioarteko ekintzailetza-sarea da. Ekintzailetzan trebatzea eta hori bultzatzea helburu duen sareak 3 kontinentetan du presentzia, eta mundu osoko 1.300 ekintzaile ditu kide, sortu zenetik 10 urte igaro ondoren. Mondragon Team Academy abian jarri zenetik, hainbat jatorritako gazteak prestatu ditu ekintzailetzaren arloan, graduko —LEINN— eta graduondoko —MINN, TEAMINN eta beste batzuk— prestakuntza-programen bidez, talde-lanean eta balio kooperatiboetan oinarritutako ekintzailetza bultzatzeko helburuz.

Denbora horretan, Europara, Asiara eta Amerikara hedatu da MONDRAGON TEAM ACADEMY. Izan ere, sareak laborategiak ditu gaur egun Irunen, Bilbon, Oñatin, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron (Mexikon), Seulen (Korean), Punen (Indian) eta Shanghain (Txinan).
Bai MONDRAGON TEAM ACADEMY bai BRIDGE FOR BILLIONS gizarte-ekintzailetzako ekimenak dira, eta ASHOKAn, munduko gizarte-ekintzaileen sarerik garrantzitsuenean, parte hartzen dute.