Abian da Aretxabaletako Komunikazio Campusaren II. edizioa

Atzealdea

Abian da Aretxabaletako Komunikazio Campusaren II. edizioa

Komunikazio Campusa

Abian da Aretxabaletako Komunikazio Campusaren II. edizioa

Zazpi lagunek hartuko dute parte Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduak antolatutako udako campusean.

2022·07·04

$titulo.getData()


Goizean hasi dute Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak elkarlanean antolatu duten Komunikazio Campusaren bigarren edizioa. Aurkezpenak egin dituzte lehenengo, eta Aretxabaletako Mondragon Unibertsitateko campuseko eraikina bisitatu dute gero. Gazteek bertatik bertara ikusi ahal izan dute zer nolako baliabideak izango dituzten proiektu ezberdinak egiteko, eta lokalizazio ezberdinak ere ikusi dituzte, besteak beste, bideo formatuan egingo dituzten lanetarako. “Normala den moduan goizeko lehenengo orduan urduri samar sumatu ditugu gazteak. Baina segituan osatu ditugu taldeak, aurkezpenak etorri dira eta konturatu orduko lehenengo bideo-aurkezpenetan jarri dira buru-belarri. Esango genuke lehenengo goizak “hegan” egin duela, adierazi dute aste honetan campusa gidatuko duten Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portillak eta Idoia Lahidalgak, eta Goienako kazetari Xabier Urzelaik.

Komunikazioaren mundura gerturatzea

Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Eta gaur dagoeneko hasi dira kamera aurrean lehenengo aurkezpenak egiten, kamerekin grabatzen ibili dira eta editatu ere egin dute. Bihar, asteartea, Goiena Komunikazio Taldera egingo dute bisita –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia bisitatuko dituzte– eta Arrasateko kaleetan ibiliko dira fotokazetari lanetan. Asteazkenean eta ostegunean Ainhoa Vitoria –Mondragon Unibertsitateko ikasle ohia, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatari–, eta Alex Padilla –sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikaria– izango dira eurekin, eta bakoitzak bere arloan sakonduko du eta ostirala podcastak egitera bideratuko dute, izan ere, hori izango da aste honetan izango duten zereginetako bat: zuzeneko podcast bana egitea.