200 ikasle baino gehiagok parte hartu dute Mondragon Unibertsitatean antolatutako STEAM orientazio profesionaleko topaketetan

Atzealdea

200 ikasle baino gehiagok parte hartu dute Mondragon Unibertsitatean antolatutako STEAM orientazio profesionaleko topaketetan

STEAM orientazio profesionala

200 ikasle baino gehiagok parte hartu dute Mondragon Unibertsitatean antolatutako STEAM orientazio profesionaleko topaketetan

Arrasateko eta Bilboko AS Fabrik campusek DBHko 4. mailako 209 ikasle hartu dituzte, arlo zientifiko-teknologikoetako profesionalak gertutik ezagutzeko eta etorkizuneko ikasketa eta lanbide aukerak aztertzeko.

2026·11·13

$titulo.getData()


Zientzia eta Teknologiaren Nazioarteko Astearen baitan, Mondragon Unibertsitateak STEAM orientazio profesionaleko topaketak hartu ditu Arrasateko eta Bilboko AS Fabrik campusetan, Elhuyarrekin elkarlanean. Guztira, DBHko 4. mailako 209 ikaslek parte hartu dute jardunaldietan, eta zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloko profesionalekin zuzenean hitz egiteko aukera izan dute.

Topaketa horiek Innobasquek kudeatzen duen STEAM Sare ekimenaren barruan antolatu dira. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak bultzatzen dute ekimena, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Halaber, AICE-IZEAk, Deustuko Unibertsitateak, Elhuyarrek, EHUk, Hetelek, Ikaslanek eta Mondragon Unibertsitateak parte hartzen dute.

Profesionalekin aurrez aurre, etorkizuneko aukerak ezagutzeko

Jardunaldien helburua izan da ikasleei arlo zientifiko-teknologikoekin lotutako lanbideen aniztasuna erakustea, baita etorkizuneko ikasketa eta lanbide ibilbidea aukeratzeko orientazioa eskaintzea ere.

Horretarako, ikasleek talde txikietan parte hartu dute, zazpi laguneko taldeetan, eta hamabost minutuko elkarrizketak izan dituzte STEAM arloko profesionalekin. Jardunaldian zehar, ikasle bakoitzak profil desberdinetako bost profesional ezagutzeko aukera izan du, haien lan-esperientziak, eguneroko zereginak eta ibilbide profesionalak gertutik ezagutzeko.

Topaketez gain, Mondragon Unibertsitateak «Zer egin dezake ingeniaritzak gugatik egunerokoan?» hitzaldia eskaini die ikasleei, ingeniaritzak eguneroko bizitzan duen eragina eta eskaintzen dituen aukerak ezagutarazteko.

209 ikasle Arrasaten eta Bilbon

Arrasateko campusean, Gasteizko Olabide Ikastolako DBHko 4. mailako 102 ikaslek parte hartu dute. Bilboko AS Fabrik campusean, berriz, Bihotz Gaztea Ikastolako eta Uribarri BHIko 107 ikasle bildu dira.

Jardunaldietan hainbat enpresa eta erakundetako profesionalek parte hartu dute, besteak beste: Aludium, ITP, Nervacero, EIKA, Artetxe, Maier, GEORKA-Deusto, Mondragon Lingua-Alecop, Laboral Kutxa, ULMA Packaging, Erreka, CIC energiGUNE, Lasai Konsulting, Fagor Automation, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta IKERLAN.

Ekimenaren bidez, Mondragon Unibertsitateak,MONDRAGON ZTIM HUB-en baitan, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko eta hezkuntza munduaren eta lanbide errealitatearen arteko loturak indartzeko konpromisoa berretsi du.