LEINN - 10. urteurrena

Atzealdea

LEINN - 10. urteurrena

LEINN Urteurrena

LEINN - 10. urteurrena

MONDRAGON TEAM ACADEMY ekintzailetza-sareak mundu osoan 1.300 ekintzaile dituela ospatuko du bere 10. urteurrena

2018·05·16

$titulo.getData()


MONDRAGON TEAM ACADEMYk (MTAk), Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean sortutako ekintzailetza-sareak, 10 urte bete ditu. Ekintzailetzan trebatzea eta hori bultzatzea helburu duen nazioarteko ekintzailetza-sareak hiru kontinentetan du presentzia eta mundu osoko 1.300 ekintzaile ditu kide, sortu zenetik hamar urte igaro ondoren. Hala, nazioarteko sare hori abian jarri zenetik hainbat jatorritako gazteak prestatu ditu ekintzailetzaren arloan, graduko (LEINN) eta graduondoko (MINN, TEAMINN eta beste batzuk) prestakuntza-programen bidez, talde-lanean eta balio kooperatiboetan oinarritutako ekintzailetza bultzatzeko helburuz.
 
Denbora horretan, Europara, Asiara eta Amerikara hedatu da MONDRAGON TEAM ACADEMY. Izan ere, sareak laborategiak ditu gaur egun Irunen, Bilbon, Oñatin, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron (Mexiko), Seulen (Korea), Punen (India) eta Shanghain (Txina).
 
MONDRAGON TEAM ACADEMY: taldekako ekintzaileak
 
MONDRAGON TEAM ACADEMY 2008an sortu zen, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko  ekintzailetza-sarea izateko xedez. Ereduak arrakasta handiko zenbait osagai ditu, kontuan harturik, une honetan, herrialde batzuek (Finlandiak, esaterako), aberastasuna eta enpleguaren sorrera errazten duten ekintzailetza-mailak dituztela eta, beste batzuek (Espainiak edo Euskadik, adibidez), % 2,6ko maila apala dutela, ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen) arabera. Formularen oinarrian, balio kooperatiboetan eta espiritu ekintzaile berritzailean ardaztutako eredua dago. 
 
MTA sareak tokian tokiko bazkideekin elkarlanean sortutako ekintzailetza-laborategien bidez dihardu. Deigarria da sarearen heterogeneotasuna; izan ere, bazkideen artean honako hauek ditugu: Teamlabs (Madril eta Bartzelona), Florida Universitaria (Valentzia), Mondragon Mexico (Querétaro), MTA China (Shangai) eta HBM (Seul), besteak beste.
 
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua egin zuen. Urteak daramatza ekintzailetzaren arloa jorratzen, eta, ildo horretan, aitzindariak eta erabat berritzaileak diren tituluak eskaintzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bestelako ikuspegi eta metodologia batekin landuz.
 
Horretarako, MTAk ekintzailetza-sareak hezkuntza-berrikuntzako hiru programa ditu, funtsezko hainbat ardatzetan oinarrituta, hala nola taldean ikastea, pentsamolde globala, eginez ikastea eta sareko lana. LEINN Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako gradua da, MINN Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko masterra da, eta TEAMINN, berriz, Talde ekintzaileen trebatzaileak prestatzeko masterra. Balio Kooperatiboetan oinarritutako elkarlaneko ekimenen bidez ingurunea eraldatzea da haien asmoa. 
 
ENPRESA-BERRIKUNTZA: LEINN, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua
 
Mondragon Unibertsitateak 2009. urtetik eskaintzen duen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN), ekintzailetzako, lidergoko eta berrikuntzako ezagutzak biltzen dituen nazioarteko gradu bakarra da. LEINN formulak sekulako arrakasta izan du, eta, horri esker, gradua mundu osoan zehar hedatu da, berrikuntzako 10 laborategien bitartez —horietako 8tan garatzen da LEINN—. 
 
Gaur egun, 750 lagunek ikasten dute LEINN gradua ematen den zortzi hirietan. Zehazki, Irunen, Bilbon, Oñatin, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron (Mexiko) eta Shanghain (Txina) ematen da LEINN. Graduak lortutako ospea haren emaitza bikainen ondorio da : gradudunen % 94,7 lanean dago, % 36k bere negozioa sortu du eta % 32 intraekintzailetzan dabil erakunde eta enpresetan. Horren aurrean, Espainiako ekintzailetzari buruzko datuak oso bestelakoak dira: gazteen % 43 langabezian dago eta graduatuen % 0,3 bakarrik da ekintzailea. Euskadin, berriz, % 24koa da gazteen langabezia.
 
Oso titulu gutxik dute LEINNek adinako gaitasun sortzailea. Hari esker, Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-hazia eta MONDRAGON TEAM ACADEMY ekintzaile-komunitatea eta laborategi-sarea mundu osoan zehar zabaltzen ari dira. 
 
ENPRESA-ERREALITATEA: MINN, Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Masterra, eta TEAMINN; eta SORTUTAKO STARTUPAK 
 
Intraekintzaletza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Master Exekutiboa (MINN) Mondragon Team Academyn sorturiko ekintzaile eta intraekintzaile exekutiboentzako programa da. Mondragon Unibertsitatearen titulua da, eta Euskadin, Txinan eta Indian ematen da. Intraekintzailetzako eta berrikuntza korporatiboko estrategien bidez enpresen eraldaketa bilatzen duten profesionalek parte hartzen dute horretan. 
 
TEAMINN masterra
 
TEAMINN Mondragon Unibertsitatearen berezko programa da, eta Tiimiakatemia metodologiaren sortzaileek eraturiko Finlandiako Partus LTD konpainiarekin elkarlanean  ematen du. Nazioarteko programa bat da, eta, Europako zenbait hiritan ez ezik, Txinan eta Asian ere ematen da.
 
Talde-coachingaren alorreko ezagutza, tresnak, esperientzia eta harremanak emateko pentsatuta dago, «Tiimiakatemia estiloan». Programak urte eta erdi irauten du eta irakasle, ekintzaile eta exekutibo edo kudeatzaileei zuzenduta dago.
 
Gaur egun 300 lagunek ikasten edo ikasi dute Mondragon Team Academyren graduondoko programetako bat munduko lekuren batean.
 
MTAren prestakuntza-programak —LEINN eta MINN batez ere— egin dituzten ekintzaileek sortutako startupen kopuruak agerian jartzen du sarearen enpresa-errealitatea.
 
Hala, azpimarratzekoa da LEINNen graduaturiko lehen 5 promozioetako ekintzaileek orain arte 22 enpresa sortu dituztela, proiektu ekintzaile berriekin. Horietan, 100 lagun daude zuzenean inplikatuta.
 
Bestalde, «leinner» horiek gradua amaitu ostean beste startup batzuetan ere lan egin dute, baina ez ditugu kontuan hartu. Sortu dituzten startupen artean, zerbitzu aurreratuak eta digitalak eskaintzen dituzten enpresak dira nagusi; baina, teknologiak startup batzuetan duen presentzia ere azpimarratu behar da, aplikazio teknologikoetan edo bioteknologiaren sektorean espezializatutako enpresen kasuan, esaterako.
 
Guztira, 100 lagunek dihardute startup horietan, eta, beraz, datu hori oso esanguratsua da zuzeneko enpleguaren sorrerari dagokionez; are gehiago, sortutako startup horietako askok ibilbide laburra dutela kontuan hartuta. Horrenbestez, hazteko aurreikuspenek nabarmen igo ditzakete enpresa horiek sortutako zuzeneko enplegu-ratioak.
 
Enpresa gehienak negozio-eredu eskalagarrietan eta inbertitzeko interesa duten negozio-ereduetan oinarrituta daude. Hori dela eta, esan dezakegu LEINN graduak startupen sorrera sustatzen duela, eta horiek haztea eta egonkortzea duela helburu. Proiektu horietako batzuk autoenplegura eta mikroETEetara bideratuta daude batik bat, eta irteera profesional interesgarria izan daiteke.
 
MTA-REN 10. URTEURRENEKO AGENDA
 
Mondragon Unibertsitateak hainbat jarduera antolatu ditu maiatzean zehar, hezkuntzaren, enpresaren eta komunitatearen aldeetatik ekintzailetza «omentzeko».  Lehenengo hitzordua, prestakuntzarekin lotutakoa, maiatzaren 11n izan zen: LEINN gradudunen bosgarren belaunaldiaren titulu-banaketa. Irun, Oñati, Madril eta Bilboko laborategietako gradudunek Bilboko ekitaldian jaso zuten titulua. Aurtengoa Bilboko laborategiko lehenengo promozioa izan da. Duela 5 urte abian jarri zen Bilbao Berrikuntza Faktoria izan da, hain zuzen, Bilboko laborategiaren hazia.
 
Maiatzaren 21eko astean, berriz, hainbat ekitaldi gauzatuko dira. Horien artean, azpimarratzekoa da TeamTalks enpresa-ekitaldia, Azkuna Zentroan (Bilbo) goizean eta Bilbao Berrikuntza Faktorian arratsaldean burutuko dena; bertan, erakunde eta enpresen barruko ekintzailetza jorratuko da, aldaketa eragiten duen motorra den aldetik. Hurrengo egunean, maiatzak 25, MTA komunitatea protagonista izango duen jardunaldia egingo da, eta hainbat jarduera burutuko dira bertan.
  • Maiatzaren 24a: TeamTalks.
  • Maiatzaren 25a: Falcon Day.