‘GipuzkoHarrok’ bideo lehiaketa: etorkizuneko Gipuzkoa irudikatzen

Atzealdea

‘GipuzkoHarrok’ bideo lehiaketa: etorkizuneko Gipuzkoa irudikatzen

GipuzkoHarrok lehiaketa

‘GipuzkoHarrok’ bideo lehiaketa: etorkizuneko Gipuzkoa irudikatzen

‘Nolakoa izango da etorkizuneko gipuzkoarron enplegua?’ gaia landuta, 2023ko ekainaren 9a arte egongo da irekita bideoak aurkezteko epea.

2023·02·27

$titulo.getData()


Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatzen ari den Etorkizuneko langileen enplegagarritasuna indartzeko proiektuaren testuinguruan, gazteei zuzendutako bideo lehiaketa antolatu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak: GipuzkoHarrok. Lehiaketaren helburua da Gipuzkoako etorkizuneko lana irudikatzea. Horretarako, ‘Nolakoa izango da etorkizuneko gipuzkoarron enplegua?’ gaiari erantzunda, gehienez 30 segundoko luzera eta formatu bertikaleko bideoak lehiatuko dira. 

 

Bi sail izango ditu lehiaketak: 18 urtetik gorakoak eta 18 urtetik beherakoak. Sariei dagokienez, nagusien sailean, lan irabazleak 700 euro jasoko ditu eta, bigarren lanak, 300 euro; gazteen sailean, ostera, lehenengo saria 500 eurokoa izango da eta, bigarrena, 200 eurokoa. Gainera, 300 euroko beste sari berezi bat ere egongo da. Bideoak aurkezteko azken eguna izango da 2023ko ekainaren 9an.

Etorkizuneko langileen enplegagarritasuna indartzeko proiektua

Proiektuaren xede nagusia da Gipuzkoan bizialdi osoko ikaskuntzarako sistemaren rola eta enplegagarritasuna indartzea. Proiektuak aintzat hartzen du enplegagarritasunaren hezkuntza lan munduratzea baino lehen hasten dela. Halaber, garrantzitsutzat jotzen ditu bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, gaitasun giltzarrien eta zeharkakoen garapena eta bizitzen ari garen trantsizioek dakarten testuinguruaren ulermena. 

 

Hasteko, proiektuak diseinatu du etorkizuneko langileen enplegagarritasuna indartzeko tailerra; horretarako, nazioarteko esperientziak aztertuko ditu lantegiak, bi ardatz kontuan hartuta: batetik, balioko du lantzeko etorkizun hurbileko langileen gaitasun giltzarriak, malgutasuna, konpromisoa, ikaskuntza, herritartasun aktiboa edo orientazioa; eta, bestetik, lagunduko du ulertzen bizi ditugun trantsizioek dakartela bestelako agertoki bat Gipuzkoarako. 

 

“GipuzkoHarrok” lehiaketa

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileek lideratuko duten proiektuak izaera praktikoa dauka, alegia, ez du bakarrik izaera teorikoa edo diseinu mailakoa izango. Horregatik, tailerra diseinatzeaz gain, ekintzak antolatzen ari dira hainbat ikastetxetan. Eta horiekin batera, asteon aurkeztu den “GipuzkoHarrok” lehiaketa. Bertan, esan bezala, nolabaiteko prospekzio lana eskatuta, ikus-entzunezkoen bidez etorkizuneko Gipuzkoa islatu beharko dute parte-hartzaileek. “GipuzkoHarrok” lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da, ekainaren 22an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Eskoriatzako campusean.

 

Zazpi ikerketa konpetitibo Gipuzkoan

Oraingo ikasturtean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak zazpi ikerketa konpetitibo lortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko deialdietan. Iraupen eta bidaide ezberdinak dituzten proiektu horiek Fakultatean jorratzen ditugun jakintza-arlo desberdinak landuko dituzte, hala nola STEM gaiak, hezkuntza berrikuntza, gobernantza eta interkooperazioa. Bost proiektutan zuzendaritza lanak egingo ditugu eta beste bitan, laguntzaile lanak.

 

Etorkizuneko langileen enplegagarritasuna indartzeko proiektua eta “GipuzkoHarrok” lehiaketa kokatzen dira Fakultateko ikertzaileak lantzen ari diren Eragin proiektuaren baitan. Azken urteotan, Eragin proiektutik aztertzen ari dira gaur egungo eta etorkizuneko enplegurako beharrezkoak diren konpetentzia pertsonalak eta horiek sustatzeko estrategiak.