'Burujabetzaren bidetik' liburu kolektiboa aurkeztu dute Euskal herrigintzaren etorkizunari buruzko ekitaldian

Atzealdea

'Burujabetzaren bidetik' liburu kolektiboa aurkeztu dute Euskal herrigintzaren etorkizunari buruzko ekitaldian

Argitalpena

'Burujabetzaren bidetik' liburu kolektiboa aurkeztu dute Euskal herrigintzaren etorkizunari buruzko ekitaldian

Oreki Fundazioak sustatu du liburua, eta Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirrek eta Deustuko Unibertsitateko Ion Muñoak koordinatu dute. Lanak euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi du, Euskal Herriaren etorkizunari begira

2022·05·31

$titulo.getData()


Maiatzaren 27ko ostiral arratsean, Orona Fundazioaren Areto Nagusian (Galarreta-Hernani) Euskalerrigintzaren geroaz, liburu aurkezpena eta herrigintzaz eztabaida izenburupean egin da Oreki Fundazioak antolatutako ekitaldia. Bertan, Fundazioak sustatuta argitaratu duten Burujabetzaren bidetik. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea liburu kolektiboa aurkeztu dute lehenik. Ondoren, Euskal Herriko herrigintzaren geroari begirako solasaldi mamitsua egin dute Xabier Barandiaranek, Iratxe Esnaolak eta Ana Urkizak. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hitzkuntza Politika sailburuak itxi du ekitaldia. 

 

 

 

Juan Ignazio Izeta Beraetxek, Oreki Fundazioaren lehendakariak, eman dio saioari hasiera, liburua eta topaketa posible egin dutenei eskerrak emanez, eta bertaratu diren hirurogeita hamar bat lagunei (herrigintzako eragileak, akademikoak, erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta abar…) ongietorria eginez. Bere hitzetan, Fundazioarentzat “ohore handia eta zinez pozgarria da liburu hau sustatu ahal izana, eta bereziki, gai hauen bueltan eztabaida eta gogoeta sustatu ahal izatea”. Gizarte zibilak Euskal Herriaren historian ez ezik, etorkizunaren eraikuntzan ere eduki beharreko papera aldarrikatu du, elkarlanean eta apaltasunez, liburuak dioen bezala, “bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea” egiteko.

 

Sarrerako aurkezpenaren ostean, Andoni Eizagirre Eizagirrek (Mondrago Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) eta Ion Muñoa Errastik (Deustuko Unibertsitatea) hartu dute hitza liburuaren gako nagusiak aurkezteko. Lehenik eta behin, Muñoak azpimarratu du “talde lan luze eta emankor baten emaitza” dela liburua, eta beraiei koordinatzeko eta editatzeko “zeregina eta luxua” egokitu zaiela. Liburuaren jatorria 2018an egindako herrigintzari buruzko mintegi batean dagoela azaldu du, eta hango gogoetetatik tiraka ondu dutela azken liburua. “Sarrera eta epilogoa guri idaztea egokitu zaigu, baina gainontzean liburuko ekarpenak 22 egile ezberdinek egin dituzte, eta benetan esker onezko hitzak baino ezin ditugu eduki haientzat” esan du. “Izaera eta ezaugarri ezberdinetako ekarpenak dira: gogoeta mailakoak, kapitulu historikoagoak, kontzeptualagoak, eta hainbat esperientzia herrigileren kontaerak uztartzen” direla esan du Muñoak.

 

Jarraian, Eizagirrek liburuan jasota dauden ideia nagusiak plazaratu ditu, azpimarratuz “liburuak euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi duela, egungo eta etorkizuneko erronkei argi egiteko asmoz”. Azaldu duenez, “gure aurrekoei arreta ipiniz gero, badira ikasgai on askoak, gurea bezalako ziurgabetasun giroan gizatasunez nola jokatu erakusten digutenak”. Gaineratu du “XXI. mendeak ez luke zertan ezberdina izan. Gaur egunean ere hurbilketa konparatzaileak berresten digu oparotasun handieneko eskualde eta herrialdeetan pertsonaren balioak, araubideak eta portaerazko jarraibideak zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, ongizatea eta kohesioa herribideratzeko”. Horiek kontuan hartuta, Eizagirrek adierazi du “euskaldunok besteei entzuteko eta besteetatik ikasteko bokazioa izan dugu, bai eta gurea ulertu eta berritzekoa ere” eta horregatik, bere hitzetan liburu honetara “aurrekoei entzun, zentzua eman eta gaurkotzeko gogo-aldarte gizatiarrak ekarri gaitu”. Egilearen ustetan, liburuan agerian geratzen denez, “gerogintzaren asmotan, esperientziaren zentzutik asko ikas genezake, ostera ere etorkizuneko galdera, erronka eta zeregin berrien aurrean gure burubide eta jokabideek gizabidez eta eskuzabaltasunez arituta guztiontzat erantzunak bilatzen jarraitu dezaten”.

 

Liburuaren aurkezpenaren ostean, Euskal Herrigintzaren geroaz eztabaidatzeko solasaldia etorri da. Elkarrizketan elkartu dira Xabier Barandiaran Irastorza, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta EAJren berrikuntza politikoaren arduraduna; Iratxe Esnaola Arribillaga, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakaria; eta Ana Urkiza Ibaibarriaga, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria. Hirurak galdera berari erantzunez hasi dira: “nola ikusten duzu gurre herriaren etorkizuna? Zeintzuk dira, zure ikuspegitik eta jardun-ezagutza eremutik begiratuta, erronka eta gako nagusiak?”. Barandiaranek, “globalizazioaren testuinguruan gertatzen ari diren eraldaketek euskal aberrigintzan duten eragina” jarri du mahai-gainean, eta “kanpotik datozen nahiz endogenoak ditugun aldaketa horien aurrean komunitate politikoa eta nazio kulturala” indartzeko estrategiez hitz egin du.  Bere aldetik, Esnaolak arreta ipini du “lau erronka handietan: demografikoan, klimatikoan, digitalean eta sozialean” eta aldarrikatu du “herri gisa burujabetza teknologiko eta digitalerako premia” daukagula eta hori lortzeko hainbat gako eman ditu. Urkizak etorkizunari nortasunaren eta hizkuntzaren begiradatik heldu dio, azpimarratuz “euskal nortasuna ulertzeko izan dugun azken hamarkadetako moduak ez digula balio gizartea aldatu delako” eta birmoldatu behar dugula “denontzat lekua izango duen nortasun integratzailea izan dadin euskara erdigunean izango duen komunitatean”.

 

Saioa ixteko ardura Bingen Zupiria Gorostidi Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak izan du. Zupiriaren esanetan, Muñoa eta Eizagirrek koordinatutako liburuak  “ikuspegi luzea dauka, ez dago posizio motzera begira, eta horrelako abiapuntuak behar beharrezkoak ditugu aurrez aurre dauzkagun erronkei eusteko, desafio hauek ez bait dira urtetan neurtzen”. Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu du garratzi handia duela gizartean diagnostiko partekatuak ahalbideratzea, errealitateari begirada zuzen bat egiteaz aparte, irtenbideetan asmatzeko balioko duena. “Ezinbestekoa da esku artean dauzkagun erronka estrategikoen aurrean diagnostiko partekatua egitea eta horretarako markoak finkatu behar ditugu eta gure markoa Europa da. Europako demokrazia liberala. Eta errealitate horren erdi erdian, nortasuna. Gure herriaren nortasuna”.

 

"Burujabetzaren bidetik. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea"

  • Koordinazioa: Andoni Eizagirre eta Ion Muñoa
  • Argitaratzailea: Oreki Fundazioa
  • Urtea: 2021
  • Orrialde kopurua: 379
  • ISBN: 978-84-941408-9-1
  • Eskuragarri: Oraingoz zuzeneko salmenta eskariz orekigintza@gmail.com helbidean (aurrerago banatuko da liburudendetan)
  • Partaideak/egileak: Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitatea), Manuel Castells (Berkeley Unibertsitateko Soziologia Katedradun Emeritua), Jurdan Arretxe (kazetaria), Enrike Ayerbe (Etor argitaletxearen editorea eta Oreki Fundazioaren lehendakaria), Patxi Juaristi (Euskal Herriko Unibertsitatea), Iñagi Goiogana (historialaria), Eba Gaminde (Deustuko Unibertsitatea), Leyre Arrieta (Deustuko Unibertsitatea), Kepa Bilbao (abokatu ekonomilaria), Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitatea), Javier Retegi (kooperatibista), Jose Luis Perez (Goierri Valley enpresen asoziazioko presidentea), Asier Vitoria (GUREAK taldeko zuzendari orokorra), Mari Karmen Garmendia (Donostiako Santo Tomas Lizeoa ikastolan eta Donostiako Elizbarrutiaren Irakasle Eskolan irakasle izana), Iñaki Mujika (Tknikako Zuzendari Exekutiboa eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea izana), Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea), Arrate Illaro (Euskaraldiko koordinatzailea), Jon Agirresarobe (Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Koordinatzailea), Joxe Agustin Arrieta (Nagusilan-eko bolondresa), Nerea Amenabar (Ubikare-ren sortzailea eta finantza-zuzendaria), Unai Zabala (Agintzari kooperatibako zuzendaria).