‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle’ liburua aurkeztu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak
‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle’ liburua aurkeztu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak
‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle’ liburua aurkeztu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak
Aretxabaletako campusean izandako 'Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle' jardunaldia izen bereko liburu berria aurkezteko baliatu da, “hezkuntza sistema eleaniztunetan hizkuntza eta arloa modu integratuan” lantzeko asmoarekin.

Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campuseko IdeiEnea eraikinean egindako ekitaldiari Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eman dio hasiera. Bere hitzetan, gaur aurkeztu den liburua “hainbat mailatan” komunitatearentzat gaiak duen garrantziaren adierazle bat ere bada, “unibertsitate eta eskolaren arteko harremanaren eta elkarlanaren fruitua” baita liburua.
Jarraian, Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu du hitza. Sailburuak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako ekitaldia, ikasturtea hasteko espazio garrantzitsu bat dela adierazi du eta “eskola-hizkuntza oztopoak gainditzeko aukera” bezala aurkeztu du. Murgiltze ereduaren berrikuspen sakon bat egiteko momentua dela azpimarratu du Pedrosak, EUSLE gelatik EUSLE ikastetxeetara egiteko, “ikasleen ongizate orokorra bermatzeko”.
Jasone Cenoz Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen hitzaldiarekin jarraitu dute ostean jardunaldira bertaratu diren profesionalek. ‘Euskal hezkuntza sistemaren aukerak eta erronkak’ izeneko hitzaldian, hezkuntzak dituen erronkak asko direla azaldu du Cenozek, baina hizkuntza gakoa dela gainerako gaitasunak garatzeko. Euskal hezkuntza sistemak hizkuntza arloan izan duen bilakaera eta dituen erronkak xehetuta, zenbait galdera jarri ditu mahai gainean Cenozek.
Atsedenaren ondotik, Eneritz Garro, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak eta ‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle: arloko alfabetzatzea garatzeko oinarriak eta tresnak’ liburuaren egileetako bat denak, liburuaren nondik norakoak mamitu ditu.
Bukatzeko, Karmele Perez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak gidatutako mahai inguruan, eskoletako esperientzia partekatu dute Jone Zamarbide Gastesi (Samaniego IPI), Maite Gómez Lete (Haurtzaro Ikastola), Patxi Goñi Lerga (Elgoibar Herri Eskola) eta Igor Martin de Vidales Navarrok (Ibarrekolanda BHI).
‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle: arloko alfabetzatzea garatzeko oinarriak eta tresnak’ liburua
‘Denok gara (gure arloko) hizkuntza irakasle: arloko alfabetzatzea garatzeko oinarriak eta tresnak’ liburua ALPHA eta ELKARHITZ proiektuetatik abiatuta osatu da liburu hau. Bi atal nagusitan banatua dago. Lehen atalean arloko alfabetzea zer den argitzen da eta horren osagaiak zeintzuk diren zehazten da. Halaber, arloko alfabetatzearen geruzak ezaugarritzen dira: testu generoak, funtzio kognitibo-diskurtsiboak eta arloko hiztegia. Bigarren atalean, arloko alfabetatzea garatzeko oinarri metodologikoak eskaintzen dira. Hiru mailatako arloko alfabetatzearen integrazioa eta aldamiatzea proposatzen da: curriculumean, irakas-materialetan eta elkarrekintzan. Liburu honetan biltzen dira, alde batetik, nazioartean arloko alfabetatzearen inguruan garaturiko hainbat kontzeptu eta ezagutza, eta beste aldetik, eskaintzen da ALPHA zein ELKARHITZ proiektuen bidez autoreek kontzeptu eta ezagutza horiek euskal testuingutik egindako ekarpenak eta arloko alfabetatzearen garapenerako erabil daitezkeen hainbat tresna.
Liburua: https://ebiltegia.mondragon.edu/xmlui/handle/20.500.11984/13923

