Mondragon Unibertsitateak 2027-2028 ikasturterako eskaintza akademikoa zabalduko du, titulazio eta prestakuntza-ibilbide berriekin

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak 2027-2028 ikasturterako eskaintza akademikoa zabalduko du, titulazio eta prestakuntza-ibilbide berriekin

Prentsaurrekoa

Mondragon Unibertsitateak 2027-2028 ikasturterako eskaintza akademikoa zabalduko du, titulazio eta prestakuntza-ibilbide berriekin

Unibertsitateak bi gradu berri, nazioarteko hiru gradu bikoitz eta Europako master bat eskainiko ditu. Horrez gain, Lanbide Heziketatik unibertsitatera sartzeko bide berriak, Ingeniaritza ikasketak egiteko malgutasun handiagoa eta prestakuntza DUALerako aukera berriak eskainiko ditu.

2026·11·23

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak 2027-2028 ikasturterako eskaintza akademikoaren berrikuntza nagusiak aurkeztu ditu. Unibertsitateak titulazio berriekin zabalduko du bere eskaintza akademikoa, eta gizartearen zein lan-munduaren beharretara egokitutako hezkuntza malgu, praktiko eta nazioartekoaren aldeko apustua indartuko du.

Berrikuntza nagusien artean daude Produktu Digitalen Diseinu eta Garapeneko Ingeniaritzako Gradua, Bilbao AS Fabrik campusean eskainiko dena; Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradua, Gasteizen eta Guardian emango dena; eta nazioarteko hiru gradu bikoitz, Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Multimedia Diseinu Grafikoan, Mekatronikako Ingeniaritzan eta Industria Antolakuntzako Ingeniaritzan, Mexikoko Mondragón Unibertsitatearekin elkarlanean garatuak.

Titulazio horiei Joint Master in Green Economy and Sustainable Future Europako masterra gehituko zaie. Enpresagintza Fakultateak sustatutako masterra da, EU4Dual aliantzako beste hiru unibertsitaterekin elkarlanean garatua. Nazioarteko lau titulazio berri horiekin, Mondragon Unibertsitateak nazioartekotzearen aldeko apustua indartuko du.

Malgutasun handiagoa eta unibertsitatera sartzeko bide berriak

Berrikuntza nagusietako bat izango da Ingeniaritzako lehen maila Unibertsitateko bost campusetako edozeinetan egiteko aukera, aukeratutako espezialitatea edozein dela ere. Gainera, ikasleek euskaraz edo gaztelaniaz ikasteko aukera izango dute.

Neurri horri esker, Mondragon Unibertsitatea Arabara ere iritsiko da. Izan ere, Gasteizen Ingeniaritzako lehen maila eskaintzen hasiko da, Egibiderekin elkarlanean, hasierako 80 plazarekin.

Horrez gain, Unibertsitateak Lanbide Heziketatik unibertsitatera sartzeko ibilbideak indartuko ditu. Ingeniaritzaren arloan, Goi Mailako Heziketa Zikloetatik datozen ikasleek bost urtean bi titulazio ofizial lortzeko aukera izango dute. Bestalde, ibilbide berri batek Ingeniaritzako gradu bat eta unibertsitate-master bat lau urte eta erdian amaitzeko aukera emango du.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ere kredituak aitortzeko aukerak zabalduko ditu Lanbide Heziketatik datozen ikasleentzat.

Prestakuntza DUALa, hezkuntza-ereduaren ardatz

Prestakuntza DUALak Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-ereduaren zutabe nagusietako bat izaten jarraituko du. Gaur egun, titulazioen % 60k aipamen DUAL ofiziala dute, MONDRAGON Dual ereduaren barruan, eta graduko ikasleen % 25ek modalitate horretan egiten dituzte ikasketak.

Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetzan 50 urtetik gorako ibilbidea eta 900 erakunde laguntzaile baino gehiagoko sarea izanik, Unibertsitateak eredu hori sustatzen jarraituko du, baita EU4Dual Europako aliantzaren bidez ere.

Berrikuntza horiekin, Mondragon Unibertsitateak etorkizuneko erronkei erantzuteko prestakuntza berritzaile, pertsonalizatu eta nazioartekoaren aldeko konpromisoa berresten du