Albisteak

Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua antolatu du Mondragon Unibertsitateak, euskaraz.

2012/05/04

Industri eremu askotan erabiltzen diren materialen inguruko ikerketan ematen ari diren aurrerapausoek eragina dute enpresen lehiakortasunean, eta kostuak aurreztea ahalbideratzen dute, baina ez hori bakarrik; gure segurtasunean eta bizi-kalitatean ere eragiten dute. Materialen arloan aldaketa teknologiko eta zientifiko oso esanguratsuak eman dira azken urteotan, materialok kontrolatzeko tresna berriak sortu dira eta baita teknika eta material berriak ere. Aurrerapauso garrantzitsuok medio, datozen urteetara begira itxaropentsu dago komunitate zientifikoa.

Mondragon Unibertsitateak
Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua antolatu du, euskaraz izango dena. Gaur eta bihar Arrasaten egingo da eta helburu bikoitza du: batetik, arlo horretako azken ikerketa-lanak eta horien ondorioak aztertzea, eta bestetik, euskaraz egindako lanak biltzea; modu horretan, informazio-trukea eta Euskadin materialen alorrean egin diren azken ikerlanak aztertzea sustatu nahi da.

Arratsaldeon eman diote hasiera Kongresuari Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Irekiera-ekitaldian partaide izan dira Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala, Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar, Jon Peli Uriguen Berrikuntza diputatua, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Bixente Atxa, eta Idoia Urrutibeascoa Kongresuaren idazkaritza teknikoko arduradun eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea.

Mondragon Unibertsitateko errektoreak unibertsitateak zientziarekin eta euskararekin duen konpromisoa azpimarratu du, izan ere, transferentziari eta unibertsitateen arteko lankidetzari berebiziko garrantzia ematen baitio erakundeak, eta era berean, puntakoa da materialen inguruko azterketan.  Arrasateko alkateak, berriz, unibertsitateak herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du, eta ildo horretan, gizartean eta inguruko enpresetan duen eragina aipatu du. Berrikuntza diputatu Jon Peli Uriguenek gogora ekarri du Debagoienako eskualdeak euskararekiko duen konpromisoa, eta baita materialek enpresen lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa duten garrantzia ere. Gipuzkoan manufaktura-industriak pisu esanguratsua duela adierazi du, eta materialak horren oinarri direla gaineratu.  

Berrogeita hamarren bat txosten

Bi egunotan guztira 52 lan aurkeztuko dituzte partaideek, euskaraz,.materialen prozesuekin lotutako hainbat alderdiri buruzkoak. Hiru ardatz nagusi jorratu dituzte lanotan: materialen prozesuak, industri aplikazioak eta materialen propietateak. Hiru ardatzon inguruko ikerlanetan hainbat gai landu dituzte, hala nola, karakterizazio-teknikak, modelatuak, materialen propietateak -fisikoak, kimikoak, elektrikoak, mekanikoak etab.-, materialen aplikazioak eta industri erabilerak –eraikuntzan, garraioetan, energian, nanoteknologietan, etab.-, eta materialen eta ingurumenaren arteko harremana.




Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua antolatu du Mondragon Unibertsitateak, euskaraz.

Materialen Zientzia eta Teknologiaren Kongresua