Zer den GEP

MGEP kooperatiba MONDRAGON Korporazioa eta Mondragon Unibertsitatean sartuta dago, eta Mondragón Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren titular juridikoa da.

Bere jarduera nagusiak prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza dira.

Historia

Arrasateko Goi Eskola Politeknikoak 1943an ekin zion irakaskuntzari. Jarduera horren sustatzailea On Jose Mª Arizmendiarrieta izan zen, Mondragon kooperatiba-esperientziaren sortzailea. Ordutik, Eskola etengabe hazi da, eta makina bat enpresa-esperientzia berritzaile sortzen lagundu du.

Eskolaren historiako une garrantzitsu bat ULGOR Kooperatiba Elkartearen sorrera dugu, kooperatiba-mugimenduko lehen industria-kooperatiba izan baitzen. ULGOR, gaur egungo FAGOR, 1956an sortu zuten bost ingeniari teknikok.

Ildo horretan, ALECOP industria-kooperatibaren sorrera ere nabarmendu behar da. 1966an hasi zen ekinean, ikasleei ikasketak eta lana bateratzeko aukera eskaintzeko nahiak eraginda. FAGOReko bazkide da, hain zuzen.

Beste alderdi batzuei dagokienez, 1972an bultzada handia eman zitzaion nazioartean zabaltzeko asmoari, Eskolak lehen harremanak finkatu baitzituen atzerriko unibertsitateekin. Horretaz gain, 1986tik, partaidetza aktiboa izan du nazioarteko Heziketa eta Ikerketa eta Garapen Proiektu ugaritan.

1974an, IKERLAN Ikerketa Zentroa sortu zuten. Gaur egun, 200 ikertzaile inguru ditu, eta Espainiako puntako teknologia-zentroetako bat da.

1983an, Gizabidea Irakaskuntza Pribatuko Fundazioa eratu zen. On Jose Mª Arizmendiarrietaren proiektua bera hil ondoren gauzatu zen, azkenik. Eskolaren eraikinak Fundazio berriari atxikita geratu ziren.

Eskolaren partaidetza aktiboari esker, gizarte- eta enpresa-ekimenak erruz abiarazi dira azken hiru hamarkadetan: besteak beste, DIARA enpresa, industria-diseinuaren arloko aitzindaria (1985ean) eta hainbat ikastetxe.

1996an, CEI-SAIOLAN enpresa eratu zen, sektore aurreratuetan enpresa berriak irekitzen laguntzeko. Dena den, 1984tik horretan zebiltzan jadanik, eta emaitza onak ari ziren lortzen.

1995ean, Goi Eskola Politeknikoari ER353/ 1/95 ISO kalitate-agiria eman zioten. Agiri hori lortu zuen Espainiako lehen unibertsitatea, eta Europako lehenengoetakoa, izan zen.

2003-2004 ikasturtean, zilarrezko Q saria eman zioten, EUSKALITen kanpo-ebaluazioan 400 puntu baino gehiago lortzeagatik.

Azkenik, 1997an, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Mondragon Unibertsitatea eratu zuen, Debagoieneko beste bi unibertsitaterekin batera: Oñatiko ETEO Koop. E.rekin eta Eskoriatzako Irakasle Eskola Koop. E.rekin batera, hain zuzen. Gaur egun, aipatutako bi unibertsitateak ENPRESAGINTZA eta HUHEZI dira, hurrenez hurren.

2008an, ingeniaritza-ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntza eremura egokitu zituen EAEko lehen unibertsitatea izan zen.

2010eko ekainean, GEP-MUk AUDIT agiria lortu zuen, UNIQUIALen eta ANECAren ebaluazioa gainditu ondoren.

Irudi0

Itzuli gora

Goi Eskola Politeknikoaren Osaera

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren (GEP-MU) titular juridikoa Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) da. MGEP kooperatiba mistoa da, eta hiru motako bazkideak ditu (guztien kopuruak berberak dira):

• Lan-bazkideak.

• Bazkide erabiltzaileak (ikasleak).

Bazkide kolaboratzaileak (enpresak eta Administrazioa).

Batzar Nagusian (erabakiak hartzen dituen organo gorenean) eta Kontseilu Errektorean (jardueraildoak finkatzen dituen organoan), hiru bazkide multzoek ordezkaritza bera dute. Egitura horri esker, ikasleek eta enpresek zentroaren kudeaketan zuzenean har dezakete parte.

GEP-MUren eginkizun nagusia industria-ingurunearen araberako lanbide-profilak prestatzea dela kontuan hartuta, izaera juridikoa (kooperatiba mistoa) funtsezkoa izan da, etengabe eraldatzeko eta kanpo-eskarietara egokitzeko. Izan ere, kooperatiba mistoa denez, enpresa-mundua eta, gure kasuan, kooperatibena uztartzen ditu.

Horri guztiari beste balio erantsi bat gehitzen zaio: ALECOPen ereduaren bidez, lana eta ikasketak bateratzeko aukera erreala dute gure ikasleek. Horrela, adibidez, karrera-amaierako proiektuak enpresetan zuzenean egin edo ikerketa-proiektuak GEP-MUn gauza ditzakete.

Era berean, GEP-MUko irakasleen maila soziolaborala industria-kooperatibetako profesionalen parekoa dela azpimarratu behar da. Hau da, lan-egutegia, ordutegia, ordainsariak eta sustapen pertsonala industria-kooperatibetakoekin bat datoz.

Bestalde, GEP-MUren estiloa eta konpromisoa bere zentroetan islatzen dira, horiek ere hezkuntzaberrikuntzaren eragileak ditugu eta. Aipa ditzagun batzuk:

Itzuli gora

Ingeniaritza

GEP-MUko ingeniarien trebakuntzaren eta arrakasta profesionalaren oinarriak honako hauek dira: ikasketen zorroztasuna eta maila, enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzen duen bitariko sistema, karrera-amaierako proiektua, internazionalizazioa, eta talde-lana ezaugarri duen kooperatiba-izaera.

Itzuli gora

Institutu Politeknikoa

Behar besteko oinarri teorikoa dutela, ikasleak bertako tailerretan trebatzen dira, ikasketa praktikoak eginez. Makinaria eta tresna modernoak erabiltzen dituzte, industria-inguruneko puntako enpresetakoen parekoak. Horrela, lan-munduan zuzenean sartzeko aukera izaten dute.

Itzuli gora

I+TG

GEP-MUko ikerketa-jarduna enpresekin sinatutako kontratuen bidez gauzatu da funtsean. Dena den, azken urteotan, ikerkuntza generikoa izugarri garatu da, eta etorkizunean ere indartzen jarraituko du.

Gure ikerkuntza-ereduak zientzia-bikaintasun maila du helburu, baina betiere gure enpresen epe ertain eta luzerako beharrekin bat eginaz. Enpresekin batera elkarlanerako eredua lantzen dugu, eta konfiantzaren eta helburu bateratuen bidez baliabideen eraginkortasuna areagotzen dugu.

Ildo horretan, teknologiaren transferentzia eta berrikuntza Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren ezaugarri bereizgarriak dira gaur egun ere.

Itzuli gora

Etengabeko prestakuntza

GEP-MUk ia hasieratik heldu zion alderdi horri, eta, gaur egun, graduondoko programetan, batik bat, berebiziko garrantzia du.

Itzuli gora

Irudi1

Internalizazioa

Duela 30 urte baino gehiago ekin zitzaion ikasleen nazioartekotzeari eta mugikortasunari Goi Eskola Politeknikoan, GOIER programaren bidez. Azken urteotan, gure ikasleen mugikortasuna sustatzeaz gain, nazioartekotzearen beste helburu bat da atzerriko ikasleak Eskolara etortzea eta euskal enpresei nazioartekotzen laguntzea.

2009-2010 ikasturtean 135 ikaslek baino gehiagok egin dute ikasketen zati bat atzerrian: Frantzian, Erresuma Batuan, Mexikon, Suedian, Txekiar Errepublikan, Alemanian, Polonian, Belgikan, Finlandian, Danimarkan, Holandan eta Eslovakian, Suitzan, Irlandan eta Italian.

Euskal enpresak nazioartekotzeko prozesuan parte hartzeari dagokionez, 5 ikaslek euskal enpresek atzerrian dituzten lantegietan landu dituzte Ingeniaritza Karrerako Amaierako Proiektuak: Frantzian, Errepublika Txekiarrean eta Eslovakian.

Institutu Politeknikoko ikasleek praktikak atzerrian burutu ditzaten egindako ahalegina azpimarratu behar dugu; HETELen, CONFEBASKen eta IKASLANen laguntzarekin gure 14 ikaslek atzerriko enpresetan egin dituzte praktikak ERASMUS programaren bidez.

Azkenik, MUren eta ALECOPen arteko nazioartekotzerako aliantza estrategikoaren barruan, nabarmendu behar dugu 3 ingeniaritza-titulazio garatu direla Bogotako (Kolonbia) Universidad Panamericanan ezartzeko.

Itzuli gora