Web edukia bistaratu

Informazioa bilatzeko aholkuak

Web edukia bistaratu

Nola bilatu informazioa

Bibliotekatik, informazio espezializatuko iturri desberdinak eskura ditzakezu, hala nola katalogoak, datu baseak, informazio atariak, aldizkari eta liburu elektronikoak… Iturriotan, informazioa arlo desberdinetan egituratuta dago; horien artean: egilea, dokumentuaren izenburua, aldizkariaren izenburua, aldizkaria, deskriptoreak, gaiak, hitz gakoak, laburpena…

Informazioa bilatzerakoan, kontuan izan behar duzu hitzen bidez ari zarela bilaketa egiten, eta makinek hitzok irakurri baino ez dutela egiten; hori dela eta, inportantea da termino egokienak pentsatu, sinonimo posibleak hautatu eta hizkuntza batean baino gehiagotan bilatzea. Zenbat eta hitz gehiago sartu, orduan eta erantzun kopuru txikiagoa lortuko duzu.

Estrategia ona da hitz bat edo bi sartzea eta, emaitza luzeegia denean bakarrik, berba gehiago sartzea, bilaketa zehatzagoa izan dadin.

Informazio iturri gehienek badaukate “Edozein eremu” edo “Bilatu erregistro osoan” izeneko eremu bat, eremu guztietan batera bilatzea ahalbidetzen duena. Gure gomendioa da aukera hori erabilita hastea bilatzen, zeren eta hori egiten baduzu, erantzun zabal askoa eskuratuko baituzu, eta beti izango baituzu aukera, beste eremu batzuk erabiliz edo zenbait eremu konbinatuz, erantzun kopuru hori txikitzeko.

Tresna hauek badauzkate oso baliagarriak izan daitezkeen bilaketa aurreratuak eta laguntza atalak.

Badira kontzeptu batzuk bilaketa eraginkorragoak egiten lagunduko dizutenak: trunkatzea, operadore boolearrak eta gertutasun operadoreak.

  1. Trunkatzea

Trunkatzea da hitz baten karaktere baten edo batzuen ordez ikur bat jartzea, termino bat eta haren aldaera posibleak aurkitu ahal izateko.

Trunkatzeko gehien erabiltzen diren ikurrak izartxoa * eta galdera ikurra ? dira.

Zein erabili jakiteko, jo ezazu erabiltzen ari zaren bilaketa tresnaren laguntzara.

hezi* idatziz gero, aterako dira heziketa, hezitzaile, heziera

haur? idatziz gero, aterako dira haurra, haurrak, haurtzaro, haurtzain

h?rri idatziz gero, aterako dira harri, herri

  1. Operadore boolearrak

Operadore boolearrek bilaketa batean termino bat baino gehiago konbinatzen uzten dute eta bilaketaren emaitza zabaldu edo murriztu egiten dute. Hiru operadore boolear daude:

ETA / AND, zehaztutako hitz guztiak dauzkaten erregistroak bilatzeko:

Bilaketaren emaitzak zehaztu eta murrizteko erabiltzen da

Gehry ETA museo

EDO / OR, gutxienez zehaztutako hitzetako bat daukaten erregistroak bilatzeko:

Bilaketaren emaitzak orokortu eta zabaltzeko erabiltzen da

museo EDO galeria

EZ / NOT, zehaztutako hitzak bilaketatik baztertzeko.

Bilaketaren emaitza kopurua txikitzeko erabiltzen da. Kontu handiz erabili behar da, erregistro egokiak ezaba ditzakeelako:

Guggenheim EZ New York

  1. Gertutasun operadoreak

Bilaketarako tresna espezializatu gehienek hitzen segida zehatz bat bilatzen uzten dute; hala, hitz multzo bat, sartu den hurrenkeran bilatzen dute, idatzita agertzen den bezalaxe. Aukera hau “esaldia” terminoarekin identifikatu ohi da.

Hona hemen gertutasun operadore arruntenak:

  • NEARek, zehaztutako terminoak gertu eta adierazitako hurrenkeran agertzen diren dokumentuak bilatzen ditu. Zehaztutako terminoen artean ager daitekeen hitz kopurua espezifikatzen utzi ohi du.

Ingurumen NEAR kutsadura

Aterako dira ingurumenaren kutsadura, ingurumen aspektuen kutsadura...

  • Komatxoak (“_”), komatxo artean zehaztutako terminoa idatzi den bezala bilatzeko.

“ingurumen kutsadura” idatziz gero, hitz horiek zehatz-mehatz jasoko dituzten dokumentuak agertuko dira; ez dira ingurumenaren kutsadura, ingurumeneko kutsadura eta halakoak agertuko.

Kontuan izan behar da zenbait bilaketa tresnatan ez dagoela zertan komatxoak jarri adierazpenak edo esaldiak bilatzeko. Zein gertutasun operadore erabili jakiteko, jo ezazu erabiltzen ari zaren bilaketa tresnaren laguntzara.