Aktualitatea

Mondragon Unibertsitateak diplomak eman dizkie LEINNeko graduatuei Oñatin eta Mondragon Team Academyren 9. urteurrena ospatu du Bilbon.

2017/06/18

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak bi ekitaldi izan zituen ostiralean, bata Oñatin eta bestea Bilbon. Oñatiko campusean, diplomak eman zizkieten Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako (LEINNeko) 88 graduatuei eta Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Masterreko (MINNeko) 9 tituludunei. Zehazki, Oñatiko LEINNeko 40 ikasle graduatu ziren, Bidasoako LEINNeko 26, Madrilgo LEINNeko 10 (Teamlabs-ekin lankidetzan) eta Holandako LEINNeko 12 (Team Academy Netherlands-ekin lankidetzan). Bilbon, berriz, Mondragon Team Academyren (MTAren) 9. urteurrena ospatu zen egun berdinean. Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko berrikuntza- eta ekintzailetza-sarea da MTA.

Diplomak emateko ekitaldia ostiralean 18:00etan izan zen, Oñatiko Campuseko Enpresagintza Fakultateko Areto Nagusian. Ekitaldi akademikoan, bertaratuek honako solasaldi hau entzun zuten: “Etorkizuneko enpresentzako joerak”. Hainbat enpresatako ordezkariek hartu zuten parte, tartean Prospektiker, DOT eta Ner Taldea zirela.

Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, itxi zuen ekitaldia, eta Lander Belokik, Enpresagintza Fakultateko dekanoak, ireki zuen.

MTAren urteurrena Bilbon

Bestalde, Mondragon Team Academyk (MTAk) bederatzigarren urteurrena ospatu zuen Bilbao Berrikuntza Faktorian egun berdinean. MTA ekintzaile batzuek elkarlanean eratutako nazioarteko sarea da. 2008an sortu zen, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultatearen barruan, Finlandiako Tiimi Akatemia ekintzailetza-unitatearekin lankidetza estuan. MTAk 10 berrikuntza-laborategi ditu gaur egun Europan, Amerikan eta Asian. Bilbokoan, Bilbao Berrikuntza Faktorian, hain zuzen, ospatu zen bederatzigarren urteurrena. Egunean zehar, ASHOKAren eskutik —munduko gizarte-ekintzaileen sarerik handiena—, gizarte-eraldaketaren kasu batzuk ezagutarazi ziren, kulturaren, kirolaren, enpresaren eta hezkuntzaren esparruetakoak.

Mondragon Unibertsitateak diplomak eman dizkie LEINNeko graduatuei Oñatin eta Mondragon Team Academyren 9. urteurrena ospatu du Bilbon.