jabetza intelektuala iraskasleentzako

Ohiko galderak

Ba al dut irakaskuntzarako darabildan materialean copyright lizentziaz babestutako obra baten zati laburrak sartzerik?

Bai, baina betiere ondoko baldintzak beteta:

  • Zatia laburra izatea.
  • Xedea irakaskuntza edo ikerketa izatea.
  • Obra dibulgatuta egotea.
  • Aipamen gisa edo aztertzeko, komentatzeko edo iritzi kritikoa emateko egitea.
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Ba al dut irakaskuntzarako darabildan materialean testu baten zatiak, edo entzuteko materiala edo ikus entzunezkoa edo irudiak sartzerik?

Bai, baduzu irakaskuntzarako darabilzun materialean testu baten zatiak, edo entzuteko materiala edo ikus entzunezkoa edo irudiak sartzerik.

Ez duzu egilearen edo eskubide jabearen baimen beharrik, honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Jada Jabari Publikokoak izatea.
  • Edo erabili ahal izateko Copyleft, Creative Commons… lizentzia libreak izatea.
  • Beti-beti, egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Ba al dut copyright babesa duen obra baten zati laburrakerabiltzerik, gelan erakusteko?

Bai, baina betiere ondoko baldintzak beteta:

  • Zatia laburra izatea.
  • Xedea irakaskuntza edo ikerketa izatea.
  • Helburu komertzialik ez izatea.
  • Obra dibulgatuta egotea.
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Erabilitako zatia testu liburu batekoa, unibertsitateko eskuliburu batekoa edo antzeko argitalpen batekoa bada, kokapen bat adieraziko da eta, horrela, ikasleek legea betez izango dute babestutako obrarako sarbidea.

Ba al dut irakaskuntza saioetan testu baten zatiak, edo entzuteko material zatiak edo ikus-entzunezkoenak edo irudiak erabiltzerik?

Bai, baduzu irakaskuntza saioetan obra baten zatiak edo irudiak erakusterik. Ez duzu egilearen edo eskubide jabearen baimen beharrik, baldintza hauek betetzen badira:

  • Jada jabari publikokoak izatea.
  • Edo erabili ahal izateko Copyleft, Creative Commons… bezalako lizentzia libredunak izatea.
  • Beti-beti, egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Ba al dut irakaskuntza materialetan, nire blogean… Interneten egon eta copyright lizentziaz babestutako materialak erabiltzerik?

Bai, material horiek erabili ditzakezu esteka jarriz, baina ez kopiatuta. Interneten argitaratutako materiala ere Jabetza Intelektualaren Legeak babesten du. Kopiatu beharra baduzu, edo berrerabili… baimena eskatu behar diozu eskubideen jabeari.

Gogora ezazu estekak jartzean edo kopiak egiterakoan, beti-beti, egilea eta iturria behar bezala aipatu behar dituzula. Segurtasunez jokatu eta estekak eskaintzean webgune legalak erabili, egile eskubideak errespetatzen dituztenak.

Bibliotekan material hori dagoen begiratzeko gomendatzen dizugu eta, baldin badago, erabili bibliotekak ematen dizun esteka.

Ba al dut irakaskuntzako materialetan, nire blogean… interneten egon eta copyright lizentziarik ez duten materialak erabiltzerik?

Bai, baduzu interneten copyright lizentziarik gabe argitaratutako materialak erabiltzea, egile eskubiderik gabekoak edo erabiltzea ahalbidetzen duten Copyleft, Creative Commons… bezalako lizentzia libredunak badira, baldintza hauek beteta:

  • Egilea eta iturria behar bezala aipatzea.
  • Lizentzietan zehaztutako erabilera espezifikoak errespetatzea

Gomendatzen dizugu esteka egitea eta ez kopiatzea. Garrantzitsua da seguru egotea ematen duzun esteka egile eskubideak errespetatzen dituen legezko webgune batetik eskaintzen dela.

Bibliotekan material hori dagoen begiratzeko gomendatzen dizugu eta, baldin badago, erabili bibliotekak ematen dizun esteka.

Ba al dut nire irakaskuntza materialetan copyright lizentziaz babestutako inoren irudiak erabiltzerik?

Bai, legearen arabera badago irakasle gisa gure material didaktikoan izaera plastikoa edo fotografiko figuratiboa duten obra isolatuak sartzeko sartzerik. Ez duzu egilearen edo eskubide jabearen baimen beharrik, baldintza hauek betetzen badira:

  • Aipamen gisa edo aztertzeko, komentatzeko edo iritzi kritikoa emateko egitea.
  • Xedea irakaskuntza edo ikerketa izatea.
  • Obra dibulgatuta egotea (paperean, interneten…).
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Ba al dut copyright babesa duten film zati laburrak erabiltzerik, gelan erakusteko?

Bai, legearen arabera badago irakasle gisa inoren ikus-entzunezko obren zati laburrak erabiltzerik, baldintza hauek betetzen badira:

  • Dibulgatuta egotea.
  • Irakaskuntza edo ikerketa xedez egitea.
  • Helburu komertzialik ez izatea.
  • Zabalkundea saioaren gelara, hitzaldiarenera… mugatzea.
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Beti-beti egilea eta iturria aipatzea.

Gogoan izan zati bat obra osoarekiko esanguratsua ez den zati bat dela.

Ba al dut copyright babesa duten entzunezko zati laburrak gelan erabiltzerik?

Bai, legearen arabera badago irakaskuntzarako norberarenak ez diren entzunezko obren zati laburrak erabiltzerik, baldintza hauek betetzen badira:

  • Dibulgatuta egotea.
  • Irakaskuntza edo ikerketako xedez egitea.
  • Helburu komertzialik ez izatea.
  • Zabalkundea saioaren gelara, hitzaldiarenera… mugatzea.
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Beti-beti egilea eta iturria aipatzea.

Gogoan izan zati bat obra osoarekiko esanguratsua ez den zati bat dela.

Nola lortu dezaket baimena copyright lizentzia duten obra osoak edo zatia baino handiagoak direnak nire saioetan edo irakaskuntza materialetan erabiltzeko?

Obra baten eskubideen jabearen baimena behar izanez gero, berarekin jarriko gara harremanetan, pertsona bat izan edo erakunde bat (argitaletxeak, e.a.).

Espainian hainbat dira egileen eskubideak era kolektiboan kudeatzeko ardura duten erakundeak (CEDRO, VEGAP…) eta, horrenbestez, komenigarria izaten da haiekin harremanetan jartzea.

Baimen horiek tramitatzeko aholkularitza eta laguntza behar baduzu, zure bibliotekarekin harremanetan jar zaitezke.

Moodle edo beste plataforma birtualen baten bitartez, ba al dut nire ikasleei copyright lizentzia duen artikulu edo liburu bateko kapitulu baten testu osoa helarazterik?

Bai. Plataforma birtualen baten bitartez, baduzu zure ikasleei artikulu, liburu bateko kapitulu bat edo testu baten edukiaren %10 helarazterik, izan ere, horretarako, Mondragon Unibertsitateak urtero diru kopuru bat ordaintzen die CEDROri eta VEGAPi (eskubideak kudeatzeko elkarteak).

Gogoan izan beti egilea eta iturria behar bezala aipatu behar dituzula.

Ba al dut unibertsitateko gela birtualean (Moodle plataforma edo bestelakoak) interesgarri iruditzen zaidan inoren obra osorik jartzerik?

Gela edo plataforma birtualak (Moodle, esaterako), sarbide mugatuko sarea bada ere, edukiak jartzen ditu ikasleen eskura, eta hori Jabetza Intelektualaren Legeak dio “jendarteko komunikazioa” dela.

Obra bat jabari publikokoa edo Copyleft, Creative Commons… edo antzeko lizentzia duena ez bada, ezin da besterik gabe erabili, eta, horrenbestez, inorena den edozein material erabiltzeko beharrezkoa da egilearen edo eskubideen jabeen baimena.

Beraz, inorenak diren obra osoak erabili behar badituzu, eman sarbidea haien esteken bidez:

  • bibliotekako bilduman badaude, erabil ezazu katalogoko url-a (permalink-a)
  • ez badago eta Interneten erabilgarri badago eman esteka, betiere segurtasunez jokatuta eta estekak eskaintzean webgune legalak erabilita. Arretaz ibil zaitez eta ez eskaini obretarako sarbiderik ilegalak diren webguneetara daramaten esteken bitartez.

Aukera horiek ez badaude, egilearekin edo eskubideen jabearekin harremanetan jarri behar duzu.

Baimen horiek tramitatzeko aholkularitza eta laguntza behar baduzu, zure bibliotekarekin harremanetan jar zaitezke.

Moodle edo beste plataforma birtualen baten bitartez, ba al dut nire ikasleei copyright lizentzia duen aldizkari baten zenbaki bereko artikulu batzuen testu osoa edo liburu bereko kapitulu batzuena helarazterik?

Bai, baduzu hori egitea, betiere egilearen edo eskubideen jabearen berariazko baimena baduzu.

Baimenik ez baduzu eta hori eskatzeko aholkularitza eta laguntza behar izanez gero, jarri harremanetan zure bibliotekarekin.

Izan kontuan, edukiak copyright lizentzia badu, plataforma birtual baten bitartez zure ikasleei bakar-bakarrik artikulu bat, liburu bateko kapitulu bat edo testu baten edukiaren %10 helaraztea duzula, izan ere, horretarako, Mondragon Unibertsitateak urtero diru kopuru bat ordaintzen die CEDROri eta VEGAPi (eskubideak kudeatzeko elkarteak).

Gogoan izan beti egilea eta iturria behar bezala aipatu behar dituzula.

Ba al dut gelan nire ikasleei copyright lizentzia duten dokumentuen kopiak banatzerik?

Bai, betiere baldintza hauek beteta:

  • Lanaren zati txikia izatea.
  • Xedea irakaskuntza edo ikerketa izatea.
  • Helburu komertzialik ez izatea
  • Unibertsitateko testu liburu eta eskulibururen baten zati ez izatea. • Obra dibulgatuta egotea.
  • Erabilera justifikatuta badago.
  • Egilea eta iturria behar bezala aipatzea.

Zati txiki baino gehiago den orok eskubideen jabearen baimena behar du.

Ba al dut gelan nire ikasleei copyright lizentzia duten unibertsitateko testu liburu edo eskuliburuen kopiak banatzerik?

Gelan unibertsitateko testu liburu edo eskuliburuen zati txikiak edo parteak banatu nahi badituzu, egilearen edo eskubideen jabearen baimena behar duzu. Ez ahaztu beti behar bezala aipatzea egilea eta iturria.

Baimen horiek tramitatzeko aholkularitza eta laguntza behar baduzu, zure bibliotekarekin harremanetan jar zaitezke.

Ba al dut gelan nire ikasleei copyright lizentzia ez duten dokumentuen kopiak banatzerik?

Bai, gelan zure ikasleei baduzu copyright lizentzia ez duten obren kopiak banatzea, betiere baldintza hauetan:

  • Jabari publikokoak izatea.
  • Erabili ahal izateko Copyleft, Creative Commons… bezalako lizentzia libreak izatea.

Gogoan izan beti egilea eta iturria behar bezala aipatu behar dituzula.

Ze eskubide ematen dizu kopia pribatuaren mugak?

Kopia pribatuak ahalbidetu egiten du dibulgatuta dauden obren erreprodukzioa. Ez da egilearen edo eskubideen jabeen baimen beharrik baldintza hauek guztiak aldi berean betetzen badira:

  • obrarako sarbidea legezko bideetatik egitea
  • kopia erabilera pribaturako egitea
  • helburu komertzialik ez izatea.

Badago obra baten kopia pribatu bat egiterik, modu elektronikoan, paperean, cd-an eta abarretan, datu base elektronikoak eta ordenagailu programak izan ezik, baldin eta ez bada era kolektiboan edo irabazi asmoz erabiltzen.

Hala ere, kopia pertsonal horiek, ordain gisa, kopia pribatuko bidezko ordainsari delakoa dute, zeina jabetza intelektualaren eskubideen erakunde kudeatzaileen bidez gauzatzen den.

Ba al duzu ikasleei copyright lizentzia duten dokumentuen edo dokumentu zatien kopiak banatzerik, kopia pribatuaren mugari helduta?

Ez, kopia pribatuaren mugari helduta, ez duzu copyright lizentzia duten dokumentuen edo dokumentu zatien kopiak banatzerik, muga hori bakar-bakarrik kopia pertsonalentzako baita.

Ikusten baduzu dokumenturen bat edo zatiren bat ezinbestekoa dela, eman zure ikasleei obraren erreferentzia bibliografikoa edo bertan sartu ahal izateko legezko lotura. Horrela, ikasle bakoitzak bibliotekan aurkitu ahal izango du eta, behar izanez gero, kopia pribatuaren mugari heldu norbanako gisa.

Obra baten egilea beti da eskubide guztien jabea?

Ez ezinbestean.

Obra baten egileak beti mantentzen ditu lanaren gaineko eskubide moralak, baina litekeena da ustiapen eskubideak hirugarrenei lagata izatea. Horrela, hirugarrenak izango dira ustiapen eskubideen jabeak, hau da, eskubide horien titularrak.

Ba al du ondoriorik egile eskubidez babestutako lanak baimenik gabe erabiltzeak?

Bai. Egile eskubidez babestutako lanak baimenik gabe erabiltzeak legezko ondorioak ditu, izan ere, erabilpen horrekin jabetza intelektualeko eskubideak hausten dira. Egileek edo eskubideen jabeek legean aurreikusitako akzio zibil eta penalak gauzatu ditzakete.

Babesik gabe al dago copyright zeinua ikusgai ez daukan obra bat?

Edozein obra dago egile eskubidez babestuta, copyright zeinua ikusgai izan zein ez.

Gogoan izan lan bat babesteko ez dela derrigorrezko erregistratzea, ezta ikurrik edo jarraibiderik jartzea ere.

Askatasun osoz erabil al dezakegu obra bat Copyleft, Creative Commons… bezalako lizentzia badu?

Ez. Copyleft edo Creative Commons bezalako lizentzia librea duten obretan zehaztuta dago zer egin daitekeen eta zer ez. Beraz, aurreikusitako erabilerak errespetatu beharrekoak dira.

Zer da plagioa esparru akademikoan?

Plagioa da beste pertsona batzuen hitzak edo ideiak erabiltzea norberarenak izango balira bezala. Iruzur egiteko eratzat eta praktika txartzat hartzen da.

Gogoan izan lan zientifiko eta akademiko guztietan nahitaezkoa dela erabilitako iturriak aipatzea. Horrela besteen lana eta egiletza aitortzen da. Errekonozimendu hori ez egitea besteen lana gure egitea da, hau da, plagiatzea.

Nola saihestu plagioa?

Plagioa saihesteko erarik onena da darabiltzazun eta zureak ez diren edukiak aipatzea eta erreferentzia egitea.

Plagioa saihesteko era bat da zurea izan gabe hitzez hitz erabili duzun testua komatxo artean jartzea, dagokion aipuarekin, hau da, erreferentzia laburra egitea egilearen inguruan eta nondik hartu duzun adierazita.

Plagioa ez egiteko beste era bat parafraseatzea da, hots, beste pertsona baten ideiak eta kontzeptuak geure hitzekin azaltzea.

Zuzen parafraseatzeko, plagioa egin gabe, originalaren idazkera aldatu behar duzu, beste era batera idatzi eta ez bakarrik hitzak sinonimoekin ordezkatu. Parafraseatzerakoan testua ez da komatxo artean jarri behar, testua gurea baita eta originala eraldatu egin baitugu, baina betiere parafraseatutako ideia edo kontzeptuaren iturria eta egilea aipatu behar dituzu. Horrela egiten ez baduzu plagioa da.