Egile-eskubideak ejabetza intelektuala

Ohizko galderak

 

 

Zer da jabetza intelektuala?

Jabetza intelektuala, izatez, giza adimenaren edozein sorkariri lotuta dagoen jabetza eskubidea da, zeinaren bitartez lan zientifiko, literario nahiz artistiko ororen egileen eskubideak babesten diren.

Nazioartean, jabetza intelektualaren kontzeptuaren barruan sartzen dira, batetik, arte, literatura eta zientzia lanekin loturiko egile eskubideak, eta, bestetik, asmakari, eredu industrial, patente eta markekin loturiko jabetza industrialeko eskubideak.

Estatu mailan, jabetza intelektualak egile eskubideak baino ez ditu kontuan hartzen, eta jabetza industriala beste araudi espezifiko baten bidez erregulatzen da. Honenbestez, gure inguruan, jabetza intelektual eta egile eskubide terminoak baliokideak dira, eta bietako edozein erabiltzen da.

Norena da obra baten jabetza intelektuala?

Obra baten jabetza intelektuala egilearena da, obra sortze hutsagatik. Horrek esan nahi du obren babesa automatikoa dela eta ez dela beharrezkoa obra formalki erregistratzea obraren egiletza aitortua eta errespetatua izan dadin.

Zer arau daude jabetza intelektualaren arloan?

Estatuan badago Jabetza Intelektualaren Lege bat, zeinaren bitartez egile eskubideak zehazten eta babesten diren Espainian (21/2014 Legea, azaroaren 4koa, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina aldatzen duena, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zena; eta 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilarena .

Jabetza Intelektualaren Legea

Zer babesten du jabetza intelektualak egile eskubideen bidez?

Egile eskubideek askotariko obrak babesten dituzte:

  • Jatorrizko obrak, zientifikoak, literarioak eta artistikoak; liburuak, konposizio musikalak, eskulturak, margolanak, argazkiak, ikus-entzunezko lanak, ordenagailu programak, etab.
  • Horietatik eratorritako obrak, hala nola itzulpenak, egokitzapenak, laburpenak, etab.
  • Bildumak: antologiak, datu baseak, etab.

Jakizu sortzen dituzun materialak, hala nola aurkezpenak, txostenak, proiektuak, bideoak, blogak, gradu amaierako lanak, master amaierako lanak, etab. egile eskubideen bidez babestuta daudela, formatua edozein dela ere: papera, ikus-entzunezkoak, plastikoak, lineakoak, etab.

Zer dira egile eskubideak?

Egile guztiek, egile izate hutsagatik, eskubide batzuk dauzkate beren obren gainean. Eskubide horiek ahalmen eta esklusibotasun osoa ematen diete obra horiek ustiatzeko. Eskubide horiei ‘egile eskubide’ esaten zaie eta bi motatakoak dira: eskubide moralak eta eskubide ekonomikoak.

  • Eskubide moralek izaera pertsonala daukate, utziezinak eta besterenezinak dira, eta batzuk mugagabeak dira denboran; esate baterako, egiletzaren aitorpenerako eskubidea eta obren osotasunerako eskubidea betiko dira.

Egiletzaren aitorpenerako eskubidea eta obren osotasunerako eskubidea, biak ere eskubide moralik garrantzitsuenak dira, dibulgaziorako eskubidearekin batera.

  • Eskubide ekonomiko edo ustiapen eskubideak mugatuta daude denboran, eta herrialde bakoitzean dauden legeen arabera irauten dute: Espainian egilea bizi den artean irauten dute eta, egilea hil ondoren, beste 70 urtean oinordekoei dagozkie eskubideak.
Eskubide ekonomiko edo ustiapen eskubideak transferigarriak dira, hau da, saldu, laga edo hirugarrenekin parteka daitezke, interes ekonomikoarekin ala barik. Beraz, ustiapen eskubideen titulartasuna ez da beti egilearena, zeren baliteke egileak hirugarren pertsona bati edo erakunde bati laga edo saldu izana, esaterako, editore bati, biltzaile bati…

 

Nola babesten dituzte legeek egileen eskubideak?

Legeen bitartez, egileek beren obren gainean dauzkaten eskubide moral eta ekonomikoak babesten dira, jendartearen erabilera baldintzak arautzeaz gainera. Horrek esan nahi du, egile eskubideak indarrean dituen obra bat erabiltzeko, beharrezkoa dela egilearen edo eskubideen titularren berariazko baimena edukitzea. Kasu askotan, konpentsazio ekonomiko bat ordaindu behar da obra bat erabiltzeagatik, erreproduzitzeagatik, banatzeagatik, jendeari komunikatzeagatik edo eraldatzeagatik.

Guztion onura bermatzeko eta heziketa jarduerak eta ezagutza hedatzeko, egungo jabetza intelektualaren legeak zenbait muga jartzen dizkie egile eskubideei. Izan ere, badira kasu batzuk non, legearen arabera, egilearen berariazko baimena ez den beharrezkoa, edo obra bat baldintza jakin batzuetan erabiltzeko ez den konpentsazio ekonomiko bat ordaindu behar. Horiek dira, hain zuzen, egileak bere obra ustiatzeko duen eskubide esklusiboari jartzen zaizkion “muga” edo “salbuespenak”.

Zein dira egile eskubideek dauzkaten salbuespen edo mugak?

Aurreneko muga, berez, denborazkoa da: Espainian, egile bat hil eta handik 70 urtera pasatuko da haren obra jabari publikora.

Obra bat jabari publiko den unetik aurrera, eskubideen titularraren baimenik gabe eta konpentsazio ekonomikorik gabe ustia daiteke. Gogoratu obraren egiletzaren eta osotasunaren aitorpenerako eskubide moralek indarrean jarraitzen dute eta errespetatu egin behar dira.

Badaude egile eskubideari lotuta dauden eta ustiapen eskubide bakoitzari dagozkion muga edo salbuespen batzuk aldez aurreko baimenik eduki gabe obren erabilera, erreprodukzioa, banaketa edo komunikazio publikoa onartzen dutenak.

Hona hemen legean jasotako muga garrantzitsuenetako batzuk:

  • Obrak parodiarako erabiltzea.
  • Gaurkotasun albisteak eta bide publikoan kokatutako obrak.
  • Desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko prozedura ofizialak.
  • Interes orokorreko kultura, zientzia edo heziketa izaera duten irabazi asmorik gabeko erakundeek baimena daukate obrak libreki erabili, erreproduzitu, mailegatu eta kontsultatzeko, baldin eta irabazi asmorik gabe eta soilik ikerketa xedez edo kultura eskuratzeko bidea errazteko xedez egiten bada. Esate baterako, eskola biblioteka batek, biblioteka publiko batek edo unibertsitate biblioteka batek ez du obren egileen edo eskubideen titularren baimenik behar obra horiek erabiltzaileei maileguz emateko. Hala ere, biblioteka nolakoa den, badago egindako maileguengatik ordainsari ekonomiko bat eskatzerik.
  • Kopia pribatua: dagoeneko zabalduta dauden obrak baimenik gabe erreproduzitzea ahalbidetzen du, baldin eta obra legalki eskuratu bada eta norberak erabilera pribatu eta ez komertziala emateko bada.

Zer da jabari publikoa?

Estatuko lege esparruan, eta orokorrean, egile bat hil eta handik 70 urtera, haren obra jabari publiko izatera pasatuko da. Horrek esan nahi du edozeinek kopiatu, banatu, egokitu, jokatu edo erakutsi dezakeela obra bat jendearen aurrean, dohainik, egilearen oinordekoen berariazko baimenik gabe. Hala ere, beti errespetatu beharko dugu egiletzaren aitorpena eta obraren osotasuna.

Gainera, legeak, auzitegien epaiak eta horien itzulpen ofizialak ere jabari publiko dira.

Kontuan izan ez dagoela mundu guztiarentzako jabari publikorik. Herrialde bakoitzak bere legeak ezartzen ditu; hori dela eta, legeria espezifikoa kontsultatu behar da beti.

REBIUN infografia:

Zer da obra bat erreproduzitzea?

Obra bat euskarri batean jarri eta obra hori komunikatzea eta kopiak egitea da. Esate baterako, obra bat editatu, fotokopiatu, digitalizatu, inprimatu, ordenagailu baten disko gogorrean edo kanpo memoria batean gordetzea, euskarri batetik bestera pasatzea (cd batetik dvd batera edo dvd batetik beste dvd batera), horiek guztiak erreprodukzio ekintzak dira.

Erreprodukzio ekintzak egiteko –norberarentzako 'kopia pribatua’ alde batera utzita– egilearen baimena beharko da, edo legeak hezkuntzaren alorrerako xedatua duen muga edo salbuespenen baten babesean jardun.

Zer da obra bat banatzea?

Obra baten originala edo kopia saldu, maileguz eman edo beste modu batera jendartearen esku jartzea da.

Obra bat banatzeari ekiteko, obraren egilearen baimena beharko da, edo legeak hezkuntzaren alorrerako xedatua duen muga edo salbuespenen baten babesean jardun.

Zer da obra bat publikoki komunikatzea?

Publikoari obra baterako sarbidea ematea da, obra horren alerik banatu gabe; esaterako, hitzaldi baten bidez, eskolak emanez, etab. Hezkuntza zentro batean komunikazio publikoa da, era berean, film bat ematea, musika entzunaldi bat egitea, antzezlan bat jokatzea, etab. Gainera, erabiltzaileek, ikastetxeko ekipamenduak erabiliz, erakundeko bildumetakoak diren eta egile eskubideak dituzten obrak bakarka entzun edo ikustea ere komunikazio publikoa da.

Komunikazio publikoko ekintzak gauzatzeko, obraren egilearen baimena beharko da, edo bestela legeak hezkuntzaren alorrerako xedatua duen muga edo salbuespenen baten babesean jardun.

Zer da obra bat eraldatzea?

Obra batek jatorrizkotik eratorritako beste obra bat sortzeko jasan dezakeen edozein aldaketa da; esate baterako, eraldaketa jarduerak dira bai 0egokitzapenak bai itzulpenak.

Obra bat eraldatzeko, obraren egilearen baimena beharko da, edo bestela legeak hezkuntzaren alorrerako xedatua duen muga edo salbuespenen baten babesean jardun.

Zer da Copyrighta?

© Copyright ikurrak adierazten dio jendeari obra bat originala dela eta obra horren erabilera, erreprodukzioa, eraldaketa, argitalpena… egile eskubideen mende dagoela.

Zer da Copylefta?

Mugimendu sozial eta kultural bat da, Copyrightak darabilen ‘eskubide guztiak erreserbatuta’ ohiko lemari aurre eginez, obrak partekatu eta berrerabiltzeko aukera proposatzen duena, lizentzia libreen erabilera bultzatuz, zeintzuen bitartez egileak ‘eskubide batzuk’ beretzat erreserba ditzakeen.

Zer dira lizentzia libreak?

Lizentzia libreak, berez, obren erabilera askeago eta partekatuagoa defendatzen duten lizentziak dira, eta jabetza intelektualaren legean xedatutako ustiapen eskubide guztiak ez erabiltzeko aukera eskaintzen diete egileei: beren muga propioak ezar ditzakete eta, horrela, beren obren eskubideak hobeto kontrola ditzakete, eta errazago kudeatu. Hala, erabiltzaileek errazagoa daukate obrak eskuratzea eta erabilpena bera.

Lizentzia libreen artean ere badira Copyleft izeneko batzuk, informatikan sarri erabiltzen direnak. Lizentzia horiek bermatu egiten dute edozein erabiltzailek obra bat erabili, aldatu eta birbanatzeko duen eskubidea, baldin eta lizentzia berdin edo baliokide batekin sortzen dituen obra eratorriak partekatzen baditu.

Oro har, askotariko sormen obretan gehien erabiltzen diren lizentzia libreak Creative Commons izenekoak dira.

Zer dira Creative Commons lizentziak?

CC lizentziek aukera ematen diete egileei, zenbait baldintza beteta, beren obren gaineko eskubide batzuk lagatzeko eta beste batzuei eusteko.

Creative Commons [https://creativecommons.org/] gobernuz kanpoko erakunde bat da, irabazi asmorik gabea, egileei eta sortzaileei beren obren gaineko eskubideak kudeatzeko lizentziak eta tresna libreak eskaintzen dizkiena, beren lana eta ezagutza era errazean partekatu ahal izateko.

CC lizentziak edozein sormen edukiri aplika dakizkioke; horien artean: hezkuntza baliabideak, musika, argazkiak, datu baseak, informazio publikoa, gobernuarena…

CC lizentzia bakoitzak zehazten du zein eskubide lagatzen dituen egileak, zein baldintzatan, eta baita erabiltzaileek zer egin dezaketen obrarekin ere, batez ere berriz argitaratu edo aldatu nahi badute. Ez dago lizentzia bakarrik, izan ere, egilearen borondatearen arabera, konbinazio desberdinak egin daitezke. Lizentzia guztietan ezinbestekoa da obraren egiletza aitortzea.

Oinarrizko baldintzak

Hona hemen CC lizentzietan konbinatzen diren oinarrizko 4 baldintzak: Aitorpena, Erabilera ez komertziala, Eratorririk ez eta Berdin partekatu.

  • Aitorpena- Atributtion (BY): egileak baimena ematen du beste batzuek bere obra (edo obra horretatik eratorritakoak) kopiatu, banatu eta erakusteko, baldin eta egiletza aipatzen bada.
  • Erabilpen ez komertziala – Non Commercial (NC): egileak erabilpen ez komertzialera mugatzen du obraren ustiapena eta, beraz, onartu egiten du beste batzuek haren obra (edo obra horretatik eratorritakoak) kopiatu, banatu eta erakustea, baldin eta tartean xede komertzialik ez badago.
  • Eratorririk ez – No Derivatives (ND): egileak onartu egiten du obra berrerabiltzea, baina ez obra aldatzea, ezta jatorrizkotik obra eratorririk sortzea ere. Egileak onartzen du beste batzuen eskutik obra sortu zen moduan kopiatu, banatu eta erakustea, aldaketarik egin gabe.
  • Berdin partekatu - Share Alike (SA): onartzen da obra berrerabiltzea eta aldatzea, baina baldintza batekin, alegia, sortzen diren obra eratorriak lizentzia bera erabilita argitaratzea. Egileak onartu egiten du bere obratik eratorritako lanak beste batzuek banatzea, baldin eta horretarako jatorrizko obraren lizentzia bera erabiltzen badute.

CC lizentzia motak

Baldintzak konbinatuta, 6 Creative Commons lizentzia desberdin sor daitezke:

 

 Aitorpena (by): obraren edozein ustiapen mota onartzen da, xede komertzialduna barne; baita banatzeko inolako mugarik ez duten obra eratorriak sortzea ere.

 

 Aitorpena – Ez komertziala (by-nc): onartzen da obra eratorriak sortzea, baldin eta erabilera komertzialik egiten ez bada. Ez du aukerarik ematen jatorrizko obra xede komertzialekin erabiltzeko.

 

 Aitorpena – Ez kormetziala – Berdin partekatu (by-nc-sa): ez da onartzen jatorrizko obraren erabilera komertzialik, ezta eratorritako obrena ere. Eratorritako obraren banaketa jatorrizko obra arautzen duen lizentzia berberarekin egin behar da.

 

 Aitorpena – Ez komertziala – Eratorririk ez (by-nc-nd): ez da onartzen jatorrizko obraren erabilera komertzialik, ezta eratorritako obrarik sortzea ere.

 

 Aitorpena – Berdin partekatu (by-sa): onartzen da jatorrizko obraren eta eratorritako obren erabilera komertziala. Banaketa, berriz, obra arautzen duen lizentzia berberarekin egin behar da.

 

 Aitorpena – Eratorririk ez (by-nd): onartzen da jatorrizko obraren erabilera komertziala, ez ordea eratorritako obrarik sortzea.

 

Nola erabili Creative Commons lizentziak

Copyright bidez babestutako obrak erabiltzen dituzunean bezala, Creative Commons lizentziadunak erabiltzeko ere behar-beharrezkoa da obraren egiletza aitortzea, eta erreferentzia bibliografiko gisa aipatu behar dituzu, aitortuak izateko funtsezkoak diren datuak jasota.

Praktika ona da CC lizentziadun obra baten aipamena idazten duzunean egilearen izena jasotzea eta bere esteka jartzea, halakorik badago; obraren izenburua eta bere esteka, halakorik badago; baita obrak argitaratzeko erabili den Creative Commons lizentzia mota eta bere esteka ere.

Zure obra edo zure obraren zati bat eratorritako lan bat bada, hots, egokitzapen bat edo itzulpen bat bada (besteak beste), argi eta garbi adierazi beharko duzu.

CC lizentziei buruz gehiago jakiteko: REBIUN Infografia. Creative Commons erabiltzeko jarraibideak

 

Ikus-entzunezko baliabideak