Berriak

Atzealdea

Guggenheim Bilbao Museoak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute pasa den ostiralean.

HITZARMENA

Guggenheim Bilbao Museoak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute pasa den ostiralean.

Ikasleak 5 euroren truke Museoaren Lagun bilakatu eta erakusketa eta jarduerez gozatzeko aukera izango dute

2017·12·19

$titulo.getData()


Bere XX. Urteurrenaren baitan, Guggenheim Bilbao Museoak lankidetza-hitzarmen bat bultzatu eta sinatu du EAEko hiru unibertsitateekin —Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea; Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea—; horri esker, erakunde horietako edozein fakultatetan matrikulatutako ikasleak Guggenheim Bilbao Museoaren Lagun izango dira, 5 euroko kopuru sinbolikoaren truke.

Ekimen honen helburua unibertsitateko ikasleak Museora hurbiltzea da, baita horiek jardueretan parte hartzera eta erakusketak bisitatzera bultzatzea ere; izan ere, unibertsitate garaian jasotzen duten prestakuntza pertsonal nahiz akademikoa osatzen lagunduko die horrek. Praktika honek esan nahi du Museoak %75eko deskontua egiten duela Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioaren gainean —20 euro urtean—, eta unibertsitateek konpromisoa hartu dute ekintza hori zabaltzeko, ikasleekin dituzten komunikazio-kanalen bitartez.

Lagun gisa alta eman nahi duten unibertsitate ikasleek Museoko Community mahaitik pasa beharko dute, haien datuak eman eta fakultateren batean ikasten ari direla egiaztatzen duen agiria ekarri beharko dute (ikasle txartela , matrikula, Unibertsitateetako idazkaritzako ziurtagiria edo antzekoak, datarekin betiere), 5 euro ordaintzearekin batera. Modu horretan, Museoaren Ikasle Lagun izatera igaroko dira automatikoki, eta Lagunen kolektiboak dituen abantaila zabalak izango dituzte. Onura horien artean daude, besteak beste, programazio artistikoaz gozatzeko nahi beste aldiz eta doan Museora sartzeko aukera (hamabi aldi baterako erakusketa izango dira 2018an, Bilduma iraunkorraz gain); deskontua musu-truk ez diren Museoaren jardueretan; Lagunentzat soilik diren jardueretan parte hartzeko aukera; deskontua Denda-Liburudendan eta Museoaren kafetegian; deskontuak beste kultura-erakunde batzuetarako sarreretan, hala nola, Bilboko Arte Ederren Museoan, Arriaga Antzokian edo BOSen; Museoko jarduera eta edukien inguruko informazioa jasotzea; eta doako sarrera Guggenheim sareko beste Museoetara. Gainera, ilararik egin gabe sartu ahalko dira Museora zuzenean, Lagun txartela mugikorrean erakutsita.

Adibide praktikoak

 

Gazteen artean jarduerarik arrakastatsuena Art After Dark da: hilabetean behin, ostiralez, mila pertsona inguru biltzen ditu emanaldiak, eta bertaratzen direnek erakusketak gauez ikusteko aukera dute, Atrioan jarduten diren nazioarteko DJ ezagunen musikaren erritmora. Kasu horretan, publiko orokorrarentzako sarrera 13 eurokoa da, eta 9 eurokoa Lagunentzat; beraz, saio bakoitzean 4 euro aurrezten dituzte.

Lagunentzako soilik diren jardueren adibide da Lagunentzako Ateak Zabalik jardunaldia: datorren abenduaren 18an izango da aurten, astelehenarekin, eta Museoaren alderdi eta arlo ezezagunenetan zehar gidaridun bisitaldiak egingo dira bertan.

Gaur egun eta inauguratu zenetik, ia 17.000 pertsonaz osatutako Lagun sare sendoa izan du Museoak; Lagun horiek ekarpena egiten diote urtero Museoari, eta erakundearen erroak eta indarra izan dira haren ibilbidearen lehen 20 urteetan. Hitzarmen honek abantaila garrantzitsuak biltzen ditu, eta hari esker EAEko ikasleei helduko zaizkie, aurrekontu falta artea eta kulturaz gozatzeko eragozpen izan dadin ekidingo baitu.

Unibertsitate ikasleentzako abantaila eta onuren zerrenda osoa:

 

- Txartel digital pertsonalizatua

- Doako sarrera zuzena Museora, ilararik egin gabe

- Informazioa online jasotzea

- Doako gidaridun bisitaldiak

- Doako entzuteko gida

- New Yorkeko eta Veneziako Guggenheim Museoetara doan sartzeko aukera

- Hitzaldietarako gonbidapenak

- Deskontuak Denda-Liburudendan (%5 argitalpenetan eta %15 gainerako artikuluetan)

- %10eko deskontua Guggenheim Bilbao tabernako kafetegi eta terrazan, eta %5ekoa Bistró eta Nerua jatetxeetan

- Deskontuak Museoak antolatutako jarduera eta ikastaroetan

- %50eko deskontuak Arte Ederretako Museorako eta Bilbao Euskal Museorako sarreretan

- %25eko deskontua Arriaga Antzokiko ikuskizun hautatuetan eta %20koa BOSen kontzertu hautatuetan

- Zerga-arinketa (%30)

Guggenheim Bilbao Museoak eta Mondragon Unibertsitaeak lankidetza-hitzarmena sinatu dute pasa den ostiralean.