Berriak

Atzera

Ekintzaileentzako Europako Unibertsitatea sustatuko duen nazioarteko partzuergoan sartu da Mondragon Unibertsitatea

Nazioarteko Partzuergoa

Ekintzaileentzako Europako Unibertsitatea sustatuko duen nazioarteko partzuergoan sartu da Mondragon Unibertsitatea

Gaur aurkeztu dute Parisen EU4E izeneko proiektua, Mondragon Unibertsitatearekin batera Paris, Berlin, Lituania, Polonia, Portugal eta Finlandiako unibertsitateak partaide dituena

2019·10·11

$titulo.getData()


Ekintzaileentzako Europako Unibertsitatearen (EU4E deiturikoaren) ekimena abian jartzeko helburuarekin, Mondragon Unibertsitatea, Mondragon Team Academyren bitartez, Europa mailako partzuergoko kide egin da. Egitasmoak zazpi herrialdetako beste horrenbeste unibertsitate bildu ditu. Ekintzailetza-hezkuntzan Europako erreferente izatea da etorkizuneko unibertsitate horren helburua, ekintzailetza-prestakuntzako jarduera bateratuak garatze aldera.
 
Gaur bildu dira Parisen, estreinakoz, Ekintzaileentzako Europako Unibertsitatearen ekimeneko partzuergoko zazpi bazkideak, eta hitzarmena sinatu dute. Mondragon Unibertsitatearekin batera, honako hauek dira partzuergoko partaideak: ESCP Europe Paris campusa, ESCP Europe Berlin campusa, Lituaniako Administrazio eta Ekonomiako ISM unibertsitatea, Poloniako Kozminski unibertsitatea, Portugalgo Unibertsitate Katolikoa eta Finlandiako Oulu unibertsitatea. 
 
Europako Batzordeak 2020ko otsailean egingo duen Europako unibertsitateei buruzko proiektu-deialdian aurkeztu nahi dute partzuergoko bazkideek Europako Unibertsitatearen egitasmoa. Era berean, ekintzailetzaren inguruko hezkuntza-proposamena egingo dute.
 
Honako hauek dira nazioarteko proiektuaren ezaugarri nagusiak: 
  • «Ekintzaile sena» du ardatz, diziplina anitzeko gaia, zeharkako ikuspegiak erabiltzen dituena, eta Europan industriako eta gizarteko erronkei aurre egiteko diseinatuta dago.
  • Ipar,Hego,Ekialde,Mendebalde lankidetza sustatzen du, betiere lankidetza inklusiboa, osagarritasunera bideratutakoa elitismora baino gehiago.
  • Osagarriak diren ikuspegi pedagogiko eta metodologikoak, «ezagutzaren triangelua» —Hezkuntza, Berrikuntza eta Ikerkuntza oinarri dutenak eta bazkideen esperientzia espezifikoa eta osagarria aprobetxatzen dutenak.
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateko dekanoa den Lander Belokiren esanetan, «duela 10 urte LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) gradua eta Mondragon Team Academy martxan jarri genituenetik, Mondragon Unibertsitateak munduko hainbat tokitako gazteak trebatu ditu ekintzailetzaren alorrean, graduko eta graduondoko prestakuntza programen bidez, talde lana, egiten ikastea eta balio kooperatiboak oinarri dituen ekintzailetza bultzatzeko helburuz». Hala, Mondragon Unibertsitateak «bere esperientzia eskainiko dio partzuergoari, baita ekintzailetza- eta berrikuntza-gradu berezi bat abian jarri duen Espainiako lehenengo unibertsitatea izateak eman dion know howa ere».
 
MTA, 10 urte berrikuntzan
 
Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academyren bitartez, 10 urte baino gehiago daramatza ekintzailetza hezkuntzako metodologia berritzaileak garatzen. Ildo horretan, erreferente garrantzitsu bilakatu da, batez ere Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako Europako Gradu Ofiziala (LEINN) garatzean. Gradu hori 9 laborategitan eskaintzen dute: Irunen, Oñatin, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Mexikoko Querétaron eta Pueblan, eta Shanghain (Txina). Gaur egun 900 ikasle daude LEINN graduan eta 400 lagunek burutu dituzte ikasketak orain arteko 7 promozioetan. Azpimarragarria da gradudunen % 35ek startup bat sortu duela edo horretan diharduela (30en bat daude gaur egun), eta % 50 barne ekintzailetzako eta berrikuntzako proiektuak garatzen ari dela jada abian diren enpresetan. Beraz, tituludunen profila emankorra izaten ari da enpresen eta gizartearen ekosisteman.
 
Proiektuaren nazioarteko izaera da gako nagusietako bat; izan ere, Mondragon Team Academyren laborategi-sareak hainbat bazkide ditu laborategi horiek garatzeko: TEAMLABS Madrilen eta Bartzelonan, Florida Universitaria Valentzian, TZBZ aholkularitza-enpresa LEINN Internationalerako, UMx Querétaron eta IBERO Pueblan. Gaur egun ekimen berriak daude abian hiri hauetan: Seulen (Korea), Seattlen (AEB), Bogotan (Kolonbia) eta Nairobin (Kenya).