Berriak

Atzera

Aroa Murciano: “Autokonfrontazioak aukera ematen dio irakasleari bere egiteko moduak hobetzeko”

elkarrizketa

Aroa Murciano: “Autokonfrontazioak aukera ematen dio irakasleari bere egiteko moduak hobetzeko”

Autokonfrontazioa irakasleen prestakuntzarako tresna bat da, eta bideoaren erabilpena du oinarri.

2019·05·07

$titulo.getData()


Aroa Murciano Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzailea da. Pasa den apirilaren 29an, bikain cum laude kalifikazioa lortu zuen bere nazioarteko tesiarekin. Eskoriatzako campusean egindako ekitaldian, "La autoconfrontación como herramienta de formación: análisis de la actividad de seis enseñantes de Educación Primaria en la enseñanza del debate socio-científico"  ikerketa aurkeztu zuen.

 

Zer da autokonfrontazioa?

Autokonfrontazioa irakasleen prestakuntzarako tresna bat da, eta bideoaren erabilpena du oinarri. Irakasle batek ikerlari-formatzaile baten laguntzaz bideoz grabatutako bere jarduera hitzetara ekartzen du eta honela gogoetarako espazioak sortzen dira. Autokonfrontazio modalitate asko daude: bakarka, taldean, hirugarren pertsona baten bideoa aztertuaz... Tresna horrek aukera ematen dio irakasleari bere egiteko moduak hobeto ezagutzeko eta hobetzeko.

 

Zergatik da garrantzitsua autokonfrontazioa?

Orain arte irakasleen prestakuntza nagusiki ezagutza teorikoak barneratzera murriztu izan da. Asko jota irakasleei “errezetak” eskaini izan zaizkie gero gelan aplikatu ditzaten eta irakasle asko teoria eta praktikaren arteko jauziaz kexu dira. Tresna honek irakasleen prestakuntza ulertzeko bide berriak dakartza: formazio prozesuaren erdigunean jartzen dira irakaslearen praktika eta praktikaren gaineko gogoeta. Praktikatik datozen ezagutzak azaleratzen dira eta, aldi berean, teoria praktikaren konplexutasunetik ezagutzeko eta ulertzeko aukerak sortzen ditu.

 

Hezkuntzako edozein etapatan da erabilgarria konfrontazioa?

Bai, noski. Funtsean hiru osagai ditu: irakaslea, ikerlari-formatzailea eta bideoz grabatutako irakaslearen jarduera. Tresna edozein etapetako irakasleekin erabili daiteke, eskolaurreko irakaskuntzatik hasi eta unibertsitateraino. Gakoa autokonfrontazioa abian jartzeko prozedura metodologikoa ezagutzea da.

 

Fakultateko ikasleek ikasten dute hobekuntza metodologia hori?

Bai, azken urteetan Hezkuntza graduetan erabiltzen da, zehazki 4. mailako “Ikerketa eskolan” materian. Ikasleek praktikak baliatzen dituzte haiek gidatutako saio bat bideoz grabatzeko. Ondoren, fakultateko tutorearekin autokonfrontazioa egiten dute eta ikaskideekin ere grabaketak partekatzen dituzte. Esperientzia berria eta aberasgarria izan ohi da ikasleentzat, ez baitute inoiz euren burua irakasle lanetan ikusi eta tresna honek euren egiteko moduak ezagutzeko eta hobetzeko aukera ematen die. Horrekin batera, beraien esperientziak gelakideekin partekatzeak irakasle lanbidea eta irakasle hasiberrien egiteko moduak hobeto ezagutzen laguntzen die.

 

Zer lagin erabili duzu tesia egiteko?

Guztira, testuinguru soziolinguistiko eta ikastetxe eredu ezberdinetako lau ikastetxek hartu dute parte ikerketan. Ikastetxe bakoitzean, jardun praktikoa eta ekintzaren azterketa uztartzen diren ikerketa-formazio zikloak gauzatu ditugu. Nagusiki, sei irakasle eta haien ikasleekin egin dugu lan, baina, tartean, bestelako irakasleek ere parte hartu dute.

 

Zeintzuk dira tesiaren ondorio aipagarrienak?

Alde batetik, argi ikusi dugu beharrezkoa zaigula eskolan dauden ezagutza praxeologikoak azaleratzea. Gelako konplexutasuna oraindik gehiegi ikertu gabeko eremua da eta beharrezkoa da berau hobeto ezagutzeko ikerketak bideratzea. Bestetik, irakasleen prestakuntzan eraginkorragoak izan nahi badugu, irakasle bakoitza jarri behar dugu bere prozesuaren erdigunean eta bere kezka eta erronkak baliatu hobekuntza bertatik bideratzeko. Ezinbestekoa izango da irakasleek haien egiteko moduak ezagutzea eta horien gainean gogoeta egitea, noski, ezagutza teorikoak bidelagun ditugula.

 

Zeintzuk dira etorkizunerako ikerketa ildoak?

Tesian emaitza interesgarri asko eskuratu baditugu ere, beharrezkoa zaigu oraindik ikertzen jarraitzea. Autokonfrontazioa modu sistematikoan irakasleen hasierako formazioan nahiz formazio jarraian nola txertatu aztertu nahi dugu. Horrekin batera, autokonfrontazioa lanbideko beste kide batzuekin egiteak eman ditzakeen emaitzak ezagutu nahi ditugu. Tresnak irakasleen formazio dispositiboen baitan izan ditzakeen aldaerak arakatu nahi ditugu eta bere eragin eremuari etekin handiagoa atera nahi diogu.