Gipuzkoa lehen postuan dago Europan langileek enpresen irabazietan eta kapitalean duten partaidetzari dagokionez

Atzealdea

Gipuzkoa lehen postuan dago Europan langileek enpresen irabazietan eta kapitalean duten partaidetzari dagokionez

Jardunaldia

Gipuzkoa lehen postuan dago Europan langileek enpresen irabazietan eta kapitalean duten partaidetzari dagokionez

Honako ondorio honetara heldu da langileek enpresetan duten partaidetzari buruzko behatokia, Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz proiekturako landutakoa

2019·11·25

$titulo.getData()


Langileek enpresetan parte hartzeari buruzko behatokia aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak. Era berean, Gipuzkoan langileek duten partaidetza horri buruzko ondorioak eta Europako gainerako lurraldeekiko konparazioa jasotzen dituen liburu bat ere aurkeztu dute. Bai langileek enpresetan duten partaidetzari buruzko behatokia, bai ondorioen liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Zehazki, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan daude bata eta bestea. Gipuzkoako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko proiektuak jartzen ditu abian programa horrek, esperientzia pilotuen bidez. Hain zuzen ere, langileek enpresetan zenbateraino parte hartzen duten ikertzea da programaren barruan sartzen diren lan-ildoetako bat. Zehazki, partaidetza horrek langileen ongizatean, lurralde-garapenean eta enpresen emaitza ekonomikoetan dituen ondorioak aztertzea da ikerketaren helburua. Hala, liburuak argi utzi du langileek enpresetan parte hartzeak eragin onuragarria duela pertsonen ongizatean eta enpresen emaitza ekonomikoetan. «Enpresan partaidetza handiagoa izateak lotura zuzena du pertsonen ongizatearekin eta, aldi berean, erakundearen etekin ekonomiko handiagoarekin», azpimarratzen du liburuak.

Liburuak jasotzen ditu, alde batetik, behatokiak emandako ondorio nagusiak, eta, bestetik, langileen partaidetza sustatzeko formulak ezarri nahi dituzten herri-administrazio eta enpresa-erakundeentzako argudioak eta adibide praktikoak.

Behatokia eta liburua aurkezteko ekitaldia Orona Ideo campusean egin da. Bertan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Mondragon Unibertsitateko errektorea, Vicente Atxa; proiektua aurrera eraman duen ikertzaile-taldeko kideak; eta ikerketan parte hartu duten 3 enpresetako ordezkariak (GSR S. Coop., Talleres Altube SL eta Soraluce S. Coop. enpresetakoak). Aurkezpenaren ondoren, mahai-ingurua egin da, behatokian eta liburuan jasotzen diren gaien inguruan.

“Lehenik eta behin, desberdintasun gutxien dituen komunitate aurreratua lortzeko, aberastasuna sortu behar da. Aberastasun hori sortzeko, behar beharrezkoak dira enpresak eta industria lehiakorrak, eta horretan, nire ustez, lehiakortasun horretan, langileen parte-hartze handiena duten enpresek, abantailak dituzte beste enpresetako ereduarekin konparatuta”, esan du Mondragon Unibertsitateko errektoreak. Vicente Atxaren ustez, “kasu honetan, puntu indartsu batetik abiatzen gara, Gipuzkoa bait da bai eredu kooperatiboan eta baita ere ez-kooperatiboan, pertsonen parte hartzearen sorlekua eta erreferentzia”.

Markel Olano diputatu nagusiak ikerketaren garrantzia azpimarratu du, lurraldearen "giza eta ekonomia garapenerako" funtsezko gaia jorratzen duelako. "Langileen partaidetza Gipuzkoaren eredu sozio-ekonomikoaren ikurretako bat da. Errealitate hori sendotzen jarraitu behar dugu, gure enpresen lehiakortasunari eta gizartearen kohesioari mesede egiten diolako", laburbildu du Olanok. Gaineratu duenez, onura horren erakusle dira jabegoan langileen partaidetza duten enpresak, zeinak modu horretan "lurraldean sustraitzen" diren eta jabegoan "egon daitezkeen belaunaldi aldaketak" modu arduratsuan aurre egiteko bide bat zabaltzen duten.