Leire Irazuren tesi defentsa

Atzealdea

Leire Irazuren tesi defentsa

Tesia

Leire Irazuren tesi defentsa

Tesiaren izenburua: Dynamics of viscoelastic-magnetorheological sandwhich structures; multiphysics analysis. SOBRESALIENTE CUM LAUDE klaifikazioa lortu du.

2017·12·14

$titulo.getData()


Laburpena

Sektore industrial askoren helburua egiturazko bibrazioak murriztea da, honela, osagai mekanikoen bizitza erabilgarria luzatu eta erradiazio akustikoa murrizten baita. Sandwich biskoelastikoak oso erabiliak izan dira egiturazko bibrazioak moteltzeko, izan ere, inplementatzeko errazak eta kostu baxukoak baitira. Gaur egun, gero eta bibrazio-kontrol efikazagoa eskatzen denez, denbora errealean ausazko bibrazioetara egokitzeko gai diren estruktura adimendunetan ardaztu dira azken ikerketak. Material magnetoerreologikoak material adimendunak dira, zeinen propietate erreologikoak eremu magnetiko baten bidez aldatu daitezkeen. Hortaz, ohiko sandwichen nukleoa material magnetoerreologikoekin ordezkatu daiteke, sandwich estruktura adimenduak sortzeko. 

Tesi doktoral honen helburu nagusia sandwich biskoelastiko-magnetoerreologiko meheen dinamika aztertzea da. Eremu magnetikorik aplikatu ezean, sandwich hauen izaera dinamikoa sandwich biskoelastikoen bera da. Eremu magnetikoak aplikatzean, berriz, sandwichen izaera dinamikoa aldatu egiten da, beraien azal eta nukleoetan sortzen diren fenomeno ezberdinen akoplamenduagatik. 

Lehenik, sandwich biskoelastiko meheen jokaera dinamikoa aztertu da, sandwich biskoelastiko-magnetoerreologikoen jokaera eremu magnetikorik gabe analizatzeko asmoz. Horretarako, konposizio ezberdineko sandwich biskoelastikoak karakterizatu eta zenbakizko ereduak definitu dira. Itsasgarri biskoelastikoek eta azal metalikoek sandwicharen propietate dinamikoetan duten eragina zehaztu da emaitza esperimental eta zenbakizkoei esker.

Azal metalikoetan sortutako Foucault-en korronteen fenomenoa ere aztertu da, korronte hauek sandwich biskoelastiko-magnetorreologikoen jokaera dinamikoaren gain duten eragina zehazteko. Horretarako, metalezko habe baten analisi modal esperimentala gauzatu da, habeak Foucault-en korronteak induzituta eta induzitu gabe dituelarik. Jarraian Foucault-en korronteen moteltze-gaitasuna ikusirik, sandwich hibrido berria proposatu da, zeinak moteltze biskoelastikoa eta Foucault-ena batzen dituen. Ondoren, metodo alderantzikatu berria garatu da, korronte hauen eragina zenbatetsi eta modelatzeko.

Nukleo biskoelastiko-magnetoerreologikoetan sortutako fenomenoak ere aztertu dira, hau da, efektu magnetoerreologikoa eta indar magnetikoa.  Horretarako, bi fenomeno hauek kontutan hartzen dituen sandwich biskoelastiko-magnetoerreologikoen eredu dinamikoa proposatu eta emaitza esperimentalekin egiaztatu da.

Azkenik, sandwich biskoelastiko-magnetoerreologiko meheen jokaera dinamikoa esperimentalki ebaluatu da.  Partikula magnetikoek eta eremu magnetikoaren intentsitateak eta posizioak sandwicharen propietate dinamikoetan duten eragina aztertu da. Tesi doktoral honetan zehar sortutako ezagutzak, sandwich hauen erantzun magneto-dinamikoa gidatzen duten fenomeno fisikoak ezagutzea ahalbidetu du.