Herrien despopulazioa amaitzea helburu duen esperientzia bat jarri dute martxan Mondragon Unibertsitateko LEINNer batzuek Nafarroan

Atzealdea

Herrien despopulazioa amaitzea helburu duen esperientzia bat jarri dute martxan Mondragon Unibertsitateko LEINNer batzuek Nafarroan

LEINN Proiektua

Herrien despopulazioa amaitzea helburu duen esperientzia bat jarri dute martxan Mondragon Unibertsitateko LEINNer batzuek Nafarroan

VIVID izeneko inkubagailua sortu dute, despopulazioaren erronkari aurre egiteko eta herriari eta gazteei mesede egiteko

2023·01·25

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sareak —Mondragon Team Academy— eta Emplea Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute, landa-eremuko ekintzailetza-esperientziak eta eremu horrek gazte talentudunei eskaintzen dizkien aukerak ezagutarazteko asmoz. Proiektuaren barruan, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko hainbat ikaslek egonaldia egin dute Nafarroako San Martin Unxen, herrien despopulazioaren arrazoiak ezagutzeko, horren ondorioak esperimentatzeko eta birpopulatzeko irtenbideak proposatzeko. Proba pilotu hori Estatuko gainerako herrietan erabiltzea da asmoa. Jardunaldia astearte honetan —urtarrilak 24— izan da, Oñatiko campusean, Emplea Fundazioaren eta Mondragon Team Academyren eskutik, eta izenburu hau izan du: «Ekintzailetza- eta berrikuntza-ereduak despopulazioaren aurkako eta landa-garapenaren aldeko borrokan».

Jardunaldian VIVID inkubagailuaren emaitzak ezagutarazi dituzte. Landa-berrikuntzako VIVID laborategiaren jarduketa-ildorik nabarmenetako bat da inkubagailua, eta helburu hau du: LEINN graduko eta beste profil batzuetako gazteak erakartzea, diziplina anitzeko taldeak sortzeko, herriak eskaintzen dituen erronkei erantzuteko eta herriarentzako zein gazteentzako balioa sortzeko.

2022an Nafarroako herri horretan hiru hilabetez bizi izan diren zenbait ikaslek hiru esperientziaren berri eman dute jardunaldian. Despopulazioaren arrazoiak ezagutzea eta horren aurkako irtenbideak ematea izan da egonaldiaren xedea.

Lehen esperientzia birpopulatze-turismoaren esparruan gauzatu da. Ikasleek murgiltze-prozesu bat burutu dute lurraldean, herritarrekin harremanetan izan dira eta herritar horien erronkei aurre egin diete.

Bigarren esperientzia karrera-amaierako proiektuaren formatuan burutu dute ikasleek: birgaitutako espazio bat diseinatu dute herrian, non Nafarroako despopulazioari eta ardoari lotutako gai guztiak eztabaidatu, sortu eta ezagutaraziko diren.

Azkenik, hirugarren esperientzian, aztertu dute ea hornitu ote daitezkeen San Martin Unx eta Nafarroako Erdialdeko eskualdea energia berriztagarriez, hidrogeno berdez, zehazki. Energia berriztagarrietako ingeniari bat eta Mondragon Unibertsitateko LEINNeko emakumezko ikasle bat izan dira esperientzia horren protagonistak.

Jardunaldian hiru esperientzia horien berri eman dute protagonistek. Horrez gain, murgiltze-esperientziak, herrian izandako harrera ona eta etorkizunean landa-eremuan bizitzeko aukera ere aipatu dituzte.

Ekitaldiaren bigarren zatian networking edo sarean lan egiteko espazio bat partekatu dute bertaratuek, hots, landa-eremuak eta, zehazki, VIVID inkubagailuak eskain ditzakeen aukerak ezagutzeko irrikan zeuden beste gradu edo maila batzuetako ikasleek. Halaber, bertan izan dira Gipuzkoako Lanbideko zuzendaria, Diputazioko Landa Udalerrien Garapenerako zuzendaria eta beste eragile batzuk.

Jardunaldia amaitutakoan, Mondragon Team Academyk eta VIVIDek oso balorazio ona egin dute 2022ko egonaldiaren emaitza eta esperientziei buruz. Era berean, lankidetza-ildo horrekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute, eta 2023rako proiektu berri batzuk iragarri dituzte.