Materialen Zientzia eta Teknologia IV. Kongresua hasi da gaur Donostian

Atzealdea

Materialen Zientzia eta Teknologia IV. Kongresua hasi da gaur Donostian

KONGRESUA

Materialen Zientzia eta Teknologia IV. Kongresua hasi da gaur Donostian

Arantza Tapia Sailburuak eta Eneko Goia Alkateak inauguratu dute automobil-industria, aeronautika edo tren-industriako 100 aditu inguruk parte hartuko duten Kongresu hau.

2018·07·02

$titulo.getData()


Gaur eta bihar Materialen Zientzia eta Teknologiaren 4. kongresua egiten ari da Donostian. Aurreko hiru edizioen arrakastaren ondoren, aurten Donostiako Ceit-IK4-k eta Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak antolatzen dute kongresua.

Ekimen honek Euskal Herriko produkzio zientifikoaren eta teknologia berrien erakustoki bihurtzea du helburu, besteak beste. Halaber, bi jarduera horien uztarketaz, material aurreratuekin fabrikatutako produktu eta prozesu berritzaile zein adimentsuen sorrerarako behatoki eta eragile ere izan nahi du. 

MZT kongresuaren 4. edizio honetan 96 lan aurkeztu dira. Hauetariko 8 lanetan Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasle-ikertzaileek hartzen dute parte:

"Hotzetako forjan erabilitako altzairuaren gogortzearen karakterizazioa konpresio eta tortsio saiakuntzak erabilita" (L. Galdos1, N. Otegi1, J. Mendiguren1, E. Saenz de Argandoña1, J. Agirre1 eta B. Zubia1)

Forja prozesuak simulatzeko deformazioa altuetan materialak duen portaera ezagutzea ezinbestekoa da eta trakzio saiakuntzak ez diren saiakuntza berriak garatu edo erabili behar dira. Lan honetan, trakzio-saiakuntzetan lortutako gogortze-kurbak konpresioan eta tortsioan lortutakoekin konparatu dira. Saiakuntza bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak aztertu dira eta trakzio saiakuntza erabiliz gero egingo liratekeen akatsak kuantifikatu dira forja eragiketa bat simulatuz.

"Garezurraren ezaugarri estruktural eta mekanikoak kraniosinostosia duten haurretan" (N. Rodriguez-Florez1,2, J. Eguileor1, A. Borghi2, N.U.O. Jeelani2,3, D.J. Dunaway2,3, S. Schievano2,3)

Kraniosinostosia garezurraren garapen egokia oztopatzen duen jaiotzetiko gaixotasuna da. Garezurraren ezaugarriek kraniosinostosia zuzentzeko kirurgian eragina dutela pentsatzen denez, gure helburua haur hauen garezur laginak bildu eta karakterizatzea izan da. Emaitzek garezurraren portaera hobeto ezagutu eta tratamendu kirurgikoen plangintza zehatzago bat egitea erraztu dezakete.

"Automobilaren kapota, CRTM bitartez ekoizteko prozesuaren ezaugarritzea eta instalakuntzaren definizioa" (M. Baskaran1, J. Aurrekoetxea1, L. Aretxabaleta1, E. Arregi4, J. Acosta4, U. Argarate4)

Automozio sektoreak pisua murriztu beharrean aurkitzen da. Nahiz eta konpositeak oso eraginkorrak izan, beraien fabrikazio kostuak altuegiak dira. Horregatik ekoizpen teknologia berriak garatzea funtsezkoa da, eta CRTM prozesuak potentzial handia du. Lan honetan automobil baten kapota ekoizteko behar den instalazioaren azterketa teknikoa eginda.

"Solubilizazio denboraren eragina AA7075 aluminio aleazioaren gogorketan" (J. Etxarri1, N. Otegi1, L. Galdos1, U. Ibarretxe1, U. Argarate4 eta A. Aranburu4)

Lana autogintza industriara bideraturik, prezipitatuen solubilizazio denborak AA7075 aluminioaren amaierako propietateetan duen eragina aztertu da solubilizazio ondorengo tratamendu ezberdinak kontuan izanik. Helburu nagusia AA7075 aleazioaren berotako estanpazioan, materialaren amaierako propietateen eta ekoizpen denboraren artean oreka bat topatzen da.

"Zuntz jarrai duten konpositeen 3D inpresioa: Errealitatea eta aukerak" (J. Aurrekoetxea1, M. Iragi1, U. Morales1, A. Esnaola1, L. Aretxabaleta1)

Lan honetan zuntz jarraia duten konpositeen FFF (Fused Filament Fabrication) fabrikazioaren oinarriak aurkezten dira, eta baita teknologia honen diseinu-abantailak, bai materialari dagokionean (steered-fibre, dispersed stacking sequence laminates, functionally graded composites…), eta baita osagaien ikuspuntutik ere (digital materials, egitura auxetikoak…).

"Gas-atomizazioz ekoiztutako NdFeB oinarridun hautsen analisia eta hauekin fabrikatutako iman lotuen azterketa" (J. Perez-Arbulu1,5, N. Burgos5, J.M. Martin5, I. Elosegui5, M. Martinez-Iturralde5, G. Almandoz1, A. Escalada6)

Gas-atomizazio bitartez NdFeB oinarridun hauts magnetikoak ekoiztu dira. Hauts hauek suberatu ostean, polimero ezberdinekin nahastu eta iman lotuak produzitu dira. Hauts magnetikoen mikroegituraren azterketa sakon bat egin da, ale-tamaina eta orientazioa neurtzea ahalbidetzen duen EBSD teknika erabiliz.

"Litio-ioi kondentsadoreen analisia eta optimizazioa simulazio multifisikoen bitartez" (J. M. Campillo-Robles1, X. Artetxe1, K. del Teso Sánchez1)

Zenbakizko metodoak gero eta garrantzitsuagoak izaten ari dira metagailu elektrokimikoen analisia eta optimizazioa egiteko. Horiei esker, ekoizleek denbora eta dirua aurreztu dezakete metagailu elektrokimikoen garapenean. Lan honetan, litio-ioi kondentsadoreekin loturiko bi analisi multifisiko aurkezten ditugu.

"18650 litio-ioi bateriaren jokaera termikoaren analisia" (J. M. Campillo-Robles1, I. Veci7, K. del Teso Sánchez1, I. Cantero8)

Litio-ioi baterien eraginkortasuna, iraupena eta segurtasuna nabarmen murriztu daitezke lan-tenperatura desegokiaren eraginez. Hori dela eta, litio-ioi baterien lan-tenperatura kontrolatzea kritikoa da aplikazio guztietan. Ikerketa-lan honetan, LiFePO4 kimikadun 18650 litio-ioi bateria zilindrikoaren jokaera termikoa modelizatu eta simulatu dugu.

Irekiera ekitaldian Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak, Eneko Goiak, Donostiako Alkateak, eta J.Mª. Rodríguez Ibabek, Ceit-IK4-ko Presidenteak, hatu dute parte, besteak beste.

MZT 2018 Kongresua

MZT 2018 Kongresuko argazki galeria

 


1 Mondragon Unibertsitatea, Goi Eskola Politeknikoa, Arrasate

2 Craniofacial Unit, Great Ormond Street Hospital for Children, Londres, Erresuma Batua.

3 UCL GOS Institute of Child Health, University College London, Londres, Erresuma Batua.

4 Fagor Arrasate S. Coop

5 CEIT-IK4 eta TECNUN (Nafarroako Unibertsitatea), Donostia.

6 Orona Elevator Innovation Centre, Hernani.

7 Alten Bilbao

8 CEGASA Portable Energy