2019-2020 kurtsoko emateak

Atzealdea

IMAGO III proiektuaren ematea

EMAKIDA

IMAGO III proiektuaren ematea

2019·11·21

$titulo.getData()


Gipuzkoako Foru Aldundiak IMAGO III Negozio ereduen indarberritze eta eraldaketarantz proiektua finantziatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Lehiakortasuna, iraunkortasuna eta Gipuzkoako enpresa ehunaren elkarlana sustatzeko programa - Lehiakortasuna Indartzea / ERAGILP" 2019. urteko  laguntza deialdiaren barruan.

 

Ikerketa esparrua

Egungo inguruneak, aldakortasuna, ziurgabetasuna, konplexutasuna eta anbiguotasuna ezaugarri dituenak, negozioa egiteko logika birpentsatzera behartzen ditu enpresak, inguruneko aldaketetara egokitu eta lehiakortasunari eutsi ahal izateko. Testuinguru horretan, negozio ereduen berrikuntza lehia abantaila berri gisa sortzen da, eta produktuen eta prozesuen berrikuntzari lotutako abantaila heda edo are ordezka dezake (Bashir & Verma, 2017; Foss & Saebi, 2018).

Negozio ereduen berrikuntzak enpresek balioa sortzeko, emateko eta hartzeko duten modua birkonfiguratzea errazten du (Teece, 2010). Funtsezkoa da negozio arlo berrietan aukerak esploratzeko eta enpresa birkokatzeko (Kranich A. et al., 2017; Schneider & Spieth, 2013). Are gehiago, ohiko negozio ereduak gero eta zaharkituago geratzen ari dira, industrien eraldaketa digitalaren eta etorkizun iraunkorrago baten beharraren ondorioz (Bocken S. W.; Rana, P.; Evans, S. et al., 2014; Bouwman et al., 2019). Euren negozio eredu berriekin merkatuko lehia arauak hankaz gora jartzen dituzten enpresa sortu berriak sartzearen ondorioz, ezarritako enpresen negozio ereduen bizi zikloa murrizten ari da, arrakasta zutenenak barne (Hock-Doepgen et al., 2020). Industria helduetan bereziki, non produktuak eta prozesuak berritzeko aukerak urriak diren, negozio ereduaren berrikuntzak aukera eraginkorra eskain dezake, denborari eta kostuari dagokienez, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko (Clauss et al., 2020).

Negozio ereduen berrikuntzak enpresen biziraupenerako eta lehiakortasunerako duen garrantzia gorabehera, oraindik ere fenomeno berria da, konplexutasun handikoa eta gutxi ulertua (Ghezzi and Cavallo, 2020; Pansuwong, 2020). Hala, negozio ereduetan berrikuntza sortzeari, hartzeari eta garatzeari eta enpresa emaitzetan duen eraginari buruzko ikerketa hastapenetan dago, eta beharrezkoa da ezagutza gehiago sortzea (Foss & Saebi, 2017; Schneider & Spieth, 2013).

Bestalde, orain arte garatutako ikerketaren ardatza fenomenoa batez ere enpresa handien testuinguruan aztertzea izan da, eta enpresa txiki eta ertainetan mugatua da negozio ereduen ezaugarriak eta horien berrikuntza aztertzen dituen ikerketa (Miller et al., 2020).

Are gehiago, zenbait azterlanek iradokitzen dute enpresa txiki eta ertainek ez dutela beren negozio ereduaren irudi argirik izaten, eta askotan ez dituztela ezagutzen negozio eredua modu eraginkor eta sistematikoan eraldatzeko aukera ematen dieten gaitasunak eta tresnak (Bouwman et al., 2016; Heikkilla et al., 2018; Pucihar et al., 2019; Wittig et al., 2017).

Helburua

Garatutako ikerketa esparruan oinarrituta eta Gipuzkoaren erronka estrategikoekin bat etorriz, IMAGO ekimenaren helburua da "erakundeak beren negozio ereduak eraldatu eta berraktibatzera bideratzea, beren konpetentziak garatuz, abantaila lehiakorra indartzeko eta jasangarriagoak izateko".

Horrela, ikerketa enpirikoetan oinarritutako ezagutza eta tresnak garatu nahi dira, Gipuzkoako ETEei erabakiak hartzen eta Negozio Ereduak eraldatzen laguntzeko.

Lortutako emaitzak

IMAGO ekimenaren helburu nagusiaren ildotik, honako emaitza hauek lortu dira:

  1. IMAGO metodologia. Metodologia modularra eta arina, ETEei aukera ematen diena merkatu ikuspegi eta teknologia berriak aztertzeko, eta balio proposamen eta negozio eredu berriak edo hobetuak identifikatu, garatu eta ebaluatzeko, bai eta Lean Startup ikuspegia hartzeko ere, beren hipotesiak merkatuan azkar kontrastatu eta balidatu ahal izateko.
  2. Txantiloi formako tresnak IMAGO metodologiako moduluak garatzeko.
  3. Gipuzkoako ETEetan IMAGO metodologia ekintzara eramateko jarduera plana eta zerbitzuaren diseinua
  4. IMAGO metodologiari buruzko prestakuntza eta trebakuntza materiala hainbat aholkularitza enpresatan
  5. IMAGO diagnostikoa egiteko tresna. ETEentzat funtsezkoak diren elementu estrategikoak eta lehiakorrak erreferentzia gisa hartzen dituen galdetegi gisako diagnostikoa da, eta enpresak bere balio proposamenen eta negozio ereduen eraldaketa bultzatzeko eta, ondorioz, bere lehiakortasuna hobetzeko dituen gaitasunak azpimarratzen ditu.
  6. IMAGO esplorazio tresna, egungo negozio eredua ebaluatzeko eta nola eraldatu den jakiteko
  7. IMAGO hurbilketa tresna, "eraldatzeko estrategia", "aukerak detektatzeko gaitasunak" eta "esperimentatzeko gaitasunak" palankak aktibatzeak erakundean izango lukeen eragina eta horren ondorioz lortuko lukeen bilakaera ebaluatzeko.
  8. Gipuzkoako ETE multzo batean aplikatu beharreko kasuak
  9. Diagnostikoei buruzko txostenak Gipuzkoako ETE multzo bateko negozio ereduen banakako diagnostikoak eta posizionamendu mapa garatzea..
  10. IMAGO webgunea, aurrez aipatutako metodologia, txantiloiak eta diagnostiko tresnak biltzen dituena. Esteka honetan sar zaitezke webgunean: IMAGO.

Parte hartzaileak

IMAGO ekimenean, Gipuzkoako hainbat eskualdetako eta hainbat sektoretako enpresek hartu dute parte:

  • IMAGO metodologia 28 ETE eta mikroETEtan aplikatu eta baliozkotu da.
  • IMAGO diagnostikoa egiteko tresnaren testeoa eta baliozkotzea 8 enpresarekin egin da.
  • 103 ETEk IMAGO diagnostikoa egin dute eta Gipuzkoako posizionamendu mapa sortzen lagundu dute. Enpresa gehienak enpresa txikiak izan dira (5 langile baino gutxiago eta 10 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena).
  • 6 aholkularitza enpresek IMAGO metodologiari buruzko prestakuntzan hartu dute parte.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentua lankidetzan aritu da ekimenean, eta oso lagungarria izan da parte hartu duten enpresak identifikatzeko, datuak biltzeko eta proiektuaren dokumentazioa enpresa parte hartzaileei bidaltzeko.