Hizkuntza politika

FAKULTATEKO HIZKUNTZA POLITIKAREN OINARRIAK

Elebitasuna, eleaniztasuna... egunetik egunera gehiago erabiltzen ditugun kontzeptuak dira. Elebakartasunaren alde nekez argudiatzen du jadanik inork, elebitasunari ere gutxitxo irizten diogu, eleaniztun izan nahi dugu guztiok.

Baina nolako eleaniztasuna nahi dugu gure unibertsitatearentzat? Bistan da ez ditugula euskara, gaztelera eta ingelesa erabiliko gure eguneroko zeregin guztietarako. Zertarako erabiliko dugu bakoitza?

Irakaskuntzan

Irakaskuntza bideratzeko hiru hizkuntzak erabili nahi ditugu. Titulazio bakoitzaren hezkuntza-proiektuak zehaztu beharko du zein leku egingo zaion hizkuntza bakoitzari curriculumaren baitan. Mondragon Unibertsitatearen helburu estrategikoetako bat da bertan ikasitako tituludunak gaitzea hiru lan-hizkuntzotan moldatu ahal izateko. Helburu handi horretara hurbiltzen joateko, MUko fakultate bakoitzak egokitzen joan beharko du, apurka-apurka eta etengabe. Hori da txanponaren alde bat.

Harreman hizkuntza

Txanponaren beste aldeak, berriz, eskatzen digu argitzeko zein izango den gure arteko harreman hizkuntza. Horri dagokionez ez dago zalantzarik: Mondragon Unibertsitatearen harreman-hizkuntza eta, zer esanik ez, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen harreman-hizkuntza euskara izan dadin nahi dugu.

Nabarmena da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko harremanetan euskara dela nagusi, ahozko zein idatzizko harremanei dagokienez. Irakasle ia guztiak eta ikasle guztiak euskaldunak izanik, askok eremu normalizatutzat jo dezakegu gure fakultatea hein handi batean. Hala ere, hainbat hutsune ere ikusten ditugu eta horiei ezin entzungor egin. Alegia, gure ingurunea nahiko normalizatutzat jota ere, badugu zer hobetu eta zertan eragin, baditugu hainbat eremu garrantzitsu ukitu behar eta ukitu nahi ditugunak.

Eta horretarako 2006-2007 ikasturtean Euskara Batzordea eta Euskara Plana jarri genituen abian, euskararen erabileran eta kalitatean aurrerapausoak diseinatu eta horietan eragiteko.