UniberZiutatea: hiriarentzat eta hiriarekin zelan hezi aztergai abenduaren 18 eta 19ko Bilboko mintegian

Atzealdea

UniberZiutatea: hiriarentzat eta hiriarekin zelan hezi aztergai abenduaren 18 eta 19ko Bilboko mintegian

uniberziutatea

UniberZiutatea: hiriarentzat eta hiriarekin zelan hezi aztergai abenduaren 18 eta 19ko Bilboko mintegian

Nazioarteko antropologoak, soziologoak eta hezitzaileak eta bertoko gizarte-eragileak elkartuko ditu Mondragon Unibertsitateak.

2019·12·16

$titulo.getData()


Abenduaren 18an eta 19an UniberZiutatea nazioarteko mintegia antolatu du Mondragon Unibertsitateak Bilbao Berrikuntza Faktorian (BBF). “Educating for and with de city” lelopean, nazioartetik etorritako antropologo, soziologo eta hezitzaileek eta Bilboko gizarte-eragileek hiriaren eta unibertsitatearen arteko harremana jorratuko dute.

 

Kongresuaren helburua da kontzeptu berri batean sakontzea: UniberZiutatea. Kontzeptu honen muinean asmo jakin bat dago: unibertsitatea hiri osora zabaltzea, gizarte-eragileen eta mundu akademikoaren arteko lankidetza-ekosistema sortuz.

 

Horretarako, mintegiak hainbat arlotako ordezkariak bilduko ditu: alde batetik, unibertsitatearen rol berria ikertzen diharduten akademikoak, eta, bestetik, Bilboko eragile sozialak. Hori guztia, Zorrotzaurre uhartean konplizitateak ehundu eta elkarlan ekosistema bat sortze aldera.

 

HIRU BATZORDE

Hiru batzordetan antolatuta egingo dute lan parte-hartzaileek: hiri-ondarea eta komunitatea,  unibertsitatearen XXI. mendeko rola eta, azkenik, ekintza-ikerketa eta unibertsitatearen eta eragile sozialen arteko elkarlana.

 

1- Hiri-ondarea eta komunitatea. Batzorde honek hizpide izango ditu Zorrotzaurreko hiri-ondarea eta komunitatearen memoria, unibertsitate-campus berria bere inguruan egoki errotu ahal izan dadin. Horretarako, Paul R. Mullins eta Joseba Zulaika antropologoak Zorrotzaurren edo inguruetan diharduten lagunekin elkartuko dira. 

 

2- Unibertsitatearen XXI. mendeko rola. Bigarren batzordean, unibertsitateak XXI. mendean izan beharreko rolaren inguruan eztabaidatuko dute Sue Wright, Jan Masschelein eta Keri Facer adituek Mondragon Unibertsitateko eta Zorrotzaurren kokaturiko Goi Hezkuntzako beste zentro batzuetako ordezkariekin. Talde honek arreta berezia jarriko du unibertsitateak gizarte-aldaketa eragile modura bete beharreko funtzioan.

 

3- Unibertsitatearen eta eragile sozialen arteko elkarlana. Hirugarren batzordean  Sue Hyatt antropologoak eta John Andersen soziologoak Zorrotzaurre inguruan diharduten profesional eta ekintzaileekin hausnartuko dute ekintza-ikerketa paradigmaz eta unibertsitateek gizarte-eragileekin elkarrekintzan jarduteko moduez. Ikerketa akademiko tradizionalak ez bezala, ekintza-ikerketak gizarte aldaketarako erreminta modura ulertzen du bere jarduna. Horretarako, arazo sozial konkretuak ikertzen ditu, arazootako protagonistekin elkarlanean.

 

Jardunaldien hasieran Jordán Guardo Bilboko Udaleko alkatetzako aholkulariak Udalak uharterako dituen planen berri emango du. 

 

EGITARAUA*

Abenduak 18,asteazkena

08:30 –  09:15 – Joseba Zulaika Oteizaren bidaide.

9: 30 - 9.30 - Mondragon Unibertsitatea: ongi-etorri

09:30 – 10.00 - Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomia Garapenerako zinegotzia: Zorrotzaurre: iragana, oraina eta etorkizuna.

10:00 – 10:20 – UniberZiutatea, estreinako hurbilketa.

10:20 – 10:45 – Kafe-etena.

10:45 – 11:00 – Lantaldeen dinamikari buruzko argibideak.

11:00 – 13:00 – Lantaldeak lanean: iritzi-trukea.

13:00 – 14:00 – Otordua.

14:00 – 15:30 – Lantaldeak lanean: proposamenen zirriborroa.

15:30 – 16:30 – Ideia eta asmoak partekatzen.

16:30 – 17:30 – Lantaldeak lanean: partekaturiko ideiak garatzen.

 

Abenduak 19, osteguna

08:30 – 09:15 – I lantaldea: ondorioak partekatzen.

09.15 – 10:00 – II lantaldea: ondorioak partekatzen.

10:00 – 10:30 – Kafe-etena.

10:30 – 11:15 – III lantaldea: ondorioak partekatzen.

11:30 – 15:30 –

Bilbo: Esperientzia bat.

Zer hurrengo? 

Azken iruzkinak.

 

*Jardunaldia ingelesez izango da.

 

HUMANITATE DIGITAL GLOBALAK GRADU BERRIA (HDG)

Mondragon Unibertsitateak 2020ko irailean abiatuko duen Humanitate Digital Globalak (HDG) graduaren harira sortu da jardunaldi hau. Hezkuntza formalaren eredua eguneratu gura du gradu honek, ikasgelako hormez harago hiriarekin eta hiriarentzat ikasteko aukera eskainiz.

 

Horretarako, ikasleek eragile sozialekin eskuz esku jardungo dute diziplinarteko moduluetan. Modulu horiek gaur egungo gizartearen erronkak ardatz hartuta egiturako dira: identitatea, jasangarritasuna, aberastasunaren banaketa, aldaketa teknologikoak… Gradu honek Humanitateak XXI. mendeko errealitateari begira jarri ditu, funtsean, digitalizazioa eta globalizazioa ikasketa-planen erdigunean kokatuta. Lehen bi urteetan pertsona, organizazioak eta fenomeno sozialak izango dituzte ardatz, eta bigarren zikloan bi espezializazio eskainiko dituzte: Global Studies eta Digital Humanities. Zorrotzaurreko AS Fabriken eskainiko da gradu berria.