Unai Portilla: “Bideoak, podcastak eta kamera aurrekoak egiten ikasiko dute bigarren Komunikazio Campusean”

Atzealdea

Unai Portilla: “Bideoak, podcastak eta kamera aurrekoak egiten ikasiko dute bigarren Komunikazio Campusean”

Komunikazio Campusa

Unai Portilla: “Bideoak, podcastak eta kamera aurrekoak egiten ikasiko dute bigarren Komunikazio Campusean”

Komunikazio Campusa antolatu dugu bigarrenez Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak. Uztaileko lehen bi asteetan egingo dira, Aretxabaletan, bi txandatan, astelehenetik barikura. Izen-ematea zabalik da. Xehetasunak eman ditu Unai Portilla Udalekuetako koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak.

2022·05·10

$titulo.getData()


Bigarrenez egingo duzue Komunikazio Campusa aurtengo udan. Nolatan?

Iaz egin genuen lehenekoz eta oso emaitza ona lortu genuen. Parte hartu zuten gazte guztiek nabarmendu zuten oso campus dinamiko, parte hartzaile eta dibertigarria izan zela. Oso ondo pasatu zutela.

 

Nori zuzenduta dago?

DBH-4ko eta batxilergoko 1. mailako gazteendako, 15, 16 eta 17 urteko neska-mutikoendako.

 

Zer egin ahalko da Komunikazio Campusean?

Komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasunak lantzeko aukera izango dute gazteek. Kamera aurrean aritzeko gako batzuk ikasi; eskuko telefonoarekin egin daitezkeen irudien grabaketa eta edizio lanak egin; argazki bidezko kazetari lanetan aritu; podcastak grabatu... Hori guztia, modu dibertigarrian, ezin baitugu ahaztu udalekuak direla eta ondo pasatzera datozela gazteak.

 

Komunikazioan adituak direnek hartuko dute parte. Nortzuek?

Ainhoa Vitoria Gazteako esataria, Alex Padilla sare sozialetan aditua eta Xabier Urzelai Goienako kazetaria izango ditugu, bakoitza egun banatan. Horretaz gain, Mondragon Unibertsitateko eta Goienako profesional bana ariko dira begirale eta koordinazio lanetan.

 

Bi txanda antolatu dituzue, ezta?

Bai, uztaileko lehen bi asteetan, lehen eta bigarren asteetan: uztailaren 4tik 8ra eta uztailaren 11tik 15era. Astelehenetik ostiralera, goiz partean: 09:00-13:30. Tartean, atsedenerako unea hartuta, hamaiketakoa ere bertan, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean, eskainiko zaie parte hartzaileei. Gehienez ere, hamabost laguneko txandak antolatu nahiko genituzke.

 

Izena emateko ze egin behar da?

Goinean sortu dugu gune bat Komunikazio Udalekuak izenekoa eta hor dago informazio guztia eta baita izena emateko formularioa ere. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, dena den, badago aukera; hauek dira bideak: 600 02 27 20 zenbakira deitu edo idatz daiteke (Whatsapp eta Telegram), eta helbide honetara ere idatz daiteke: komunikaziocampusa@mondragon.edu.

 

Noiz arte eman daiteke izena?

Ekainaren 17ra arte, eta prezioa 125 euro da.

 

Oraingoan, Euskal Herri osora zabaldu duzue campusa...

Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Ikus-entzunezko campusa erreferentzia da komunikazioan Euskal Herrian, eta, era berean, Goiena Komunikazio Taldea, tokiko hedabideen artean. Debagoienean bagaude ere, edozein euskal herritar euskaldunendako izan daitezke erakargarriak udaleku hauek.

 

Komunikazio campusak ez dira oso ohikoak inguru hauetan. Bakarrenetakoa da

zuena?

Bai. Katalunian bada bat, Ara egunkariarena, kazetaritzako campusa. Hura kazetaritzara bideratuagoa da; gurean, ordea, komunikatzaile baten profilak ezagutzeko aukera eskainiko dugu: kazetari, aurkezle, irrati esatari... Gaur egun, komunikazioaren ikuspuntutik, gazteei interesekoak eta erakargarriak izan ahal zaizkien bideo grabaketak, kamera aurrekoak, podcastak edo entzuteko moduko eduki digitalak, argazkigintza… Horiek jorratuko ditugu.

 

Nola sortu zaizue Komunikazio Campusa antolatzeko ideia?

Iruditu zitzaigun Debagoienean elkarren ezagunak diren, elkarrekin proiektuak landu dituzten eta komunikazioa langai duten erakunde bik, Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak, aukera zutela gazteei bideratutako udako campus berezituak egiteko. Adituak gara komunikazioan eta badugu eskarmentua hezkuntzan eta hedabideen alorrean. Gainera, halako ekintzek eskatzen dituzten beharretara egokitzen diren espazio fisikoa eta materiala ere badauzkagu –Aretxabaletako Ikus-entzunezko campusean eta Goienako instalazioetan Arrasaten–, profesionalak ere bai, eta baita zabalkunderako euskarri egokiak ere. Bien arteko sinergiak aprobetxatuz, eskaintza erakargarria aurkez dezakegula uste dugu.

 

Zein da campus hauen bereizgarria?

Udako campus hauen berezitasun handienak izango dira bertan parte hartuko duten gazteek dituzten egungo interesei lotutako edukiak. Izan ere, ohikoa da etxeko txikienentzako udalekuak antolatzea, baina hemen gazteek ere izango dute euren intereseko gaiekin ondo pasatzeko aukera. Gaur egun, gazte eta gaztetxo gehienek berezkoa dute komunikaziorako grina. Bideoak egin eta informazioa hainbat kanal eta sare sozialetan kontsumitzen dute, une oro. Gertuko gaia da eurentzat eta aisialdiarekin lotzen dute, baina, agian, ez dira jabetu euren etorkizuneko ibilbide profesionalaren parte izan daitekeela.

 

Baliabideak zuek jarriko dituzue?

Bai. Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean zein Goienan badugu komunikatzaile lanetan aritzeko material profesionala: bideo-ediziorako ekipoak, kamerak, telebistako platoak, irrati estudioak… Campusa Aretxabaletako Mondragon Unibertsitatearen Ikus-entzunezko campusean egingo dira, baina Goienara bisita ere egingo dugu.