Eider Salegi: “Begirada sentikorra garatua duen pertsonak haurraren gaitasunean sinesten du”

Atzealdea

Eider Salegi: “Begirada sentikorra garatua duen pertsonak haurraren gaitasunean sinesten du”

ELKARRIZKETA

Eider Salegi: “Begirada sentikorra garatua duen pertsonak haurraren gaitasunean sinesten du”

Cum laude kalifikazioa lortu zuen Eider Salegik pasa de uztailean Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Irakaslearen begirada sentikorraren eraikuntza” tesiak. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari buruz.

2021·09·15

$titulo.getData()


Pasa den uztailaren 16an, "Irakaslearen begirada sentikorraren eraikuntza" doktorego tesia aurkeztu zuen Eider Salegik (Orio, 1981) Eskoriatzako campusean egindako ekitaldian. Cum laude kalifikazioa lortu duen tesiari buruz galdetu diogu ikertzaileari. 

 

Zertan datza irakasle baten “begirada sentikorra”? 

Irakaslearen begirada sentikorraz hitz egiten dugunean, irakaslearen begiratzeko moduari erreperatu nahi zaio; begirada honek eragin zuzena baitu irakaslearen portaeran eta jarduera profesionalean. Identitate sentikorra duen irakasle bat, ez da soilik sentikorra den irakasle bat; haratago doan zerbait da, irakasle izateko modu bat konfiguratzen baitu. 

 

Irakaslearen begirada sentikorraren definizioa bost alderdi kontutan hartuta osatu da: Haurrarekiko begirada, hezkuntzarekiko begirada, irakaslearen rolarekiko begirada, bestearekiko begirada eta norbere buruarekiko begirada. 

 

Tesian alderdi bakoitza sakontasunez garatzen bada ere, asko laburbilduz, horrela definituko genuke lana: begirada sentikorra garatua duen pertsonak haurraren gaitasunean sinesten du. Haurra ikusteko eta haurtzaroa ulertzeko modu horrek, bere eskuhartzea guztiz baldintzatuko du, eta hortik abiatuta haurrarengan zentratutako eskuhartzeak jarriko ditu martxan eta haurra seguru, gustora eta konfiantzan egoteko eta bere gaitasunak garatzeko testuinguruak prestatuko ditu. Haurren prozesu naturalen behatzaile bihurtzen da, positiboa, goxoa, sentikorra, abegikorra, ulerkorra, emozionalki konektatzeko gaitasuna du, haurren autonomia bultzatzen du, mugak argi jartzen ditu baina malgutasunez jokatzen du, ez du boterea indarrez erabiltzen.. Irakasle sentikorraren helburua haur bakoitzaren berezitasunetara iristea da.  Horretaz gain, begirada sentikorra duen irakasleak errespetuan eta onarpenean oinarrituta begiratzen eta ulertzen du bestea; hala nola lankideak, familiak… Bere helburua ez da bestea moldaraztea, ez da sarkorra, bestea ulertzen saiatzen da, gaitasun sozioemozionalak ditu, eta arduraz eta konpromisoz jokatzen du. Begirada sentikorra duen irakasleak, identitate sendo bat landuta dauka, ziurtasunez eta sendotasunez erantzuten dio hezkuntza jardunari, eta egoera berrietara moldatzeko prestutasuna agertzen du. Horretaz gain, begirada sentikorra duen irakasleak bere burua zaintzen du, ongizaterako bideak martan jartzen ditu. Etengabeko prestakuntza oso inportantea iruditzen zaio.

 

Alabaina, begirada sentikor horretan zeharka eragiten duten aldagaiak ere badira; irakaslearen ezaugarri pertsonalek garrantzi handia dute; eragin zuzena baitu bere begirada sentikorrean; irakasle horren bizitzako mugarri eta bizipen esanguratsuak aztertzea, atxikimendu ereduan arakatzea edota ongizateari eta autoestimuari buruzko autopertzepzioa kontutan hartzea esanguratsua da esate baterako. Bestetik irakasle horrek jaso duen formazioan arreta jartzea ere inportantea da, zeren formazioaren nolakotasunak ere eragina izan dezake begirada sentikorra eraikitzerakoan. Besteak beste, muinean, alderdi horiek ditu helburu ikerketa lan honek.

 

Zergatik da garrantzizkoa begira hori izatea?

Haur Hezkuntza etapa erabakigarria da, arrazoi askorengatik; jolasaren garaia da, mugitzen ikastekoa, hitz egiten hastekoa, ingurunea deskubritzekoa, autonomia eskuratzekoa eta gainerakoekin harremanak izatekoa. Haurtzaroan, nortasun oso baten eta, jakina, bizitza oso baten lehen zutarriak finkatzen dira. Haur Hezkuntza da haurraren eskola ibilbidearen hastapena eta haurraren garapenerako duen garrantzia aitorturik, etapa estrategikotzat hartu beharko genuke eskoletan. 

 

Kontutan izan behar dugu eskola irakaskuntza hutsa baino zerbait gehiago dela. Testuinguru horretan, hazten laguntzen dieten harreman garrantzitsuak eraikitzen dituzte. Ondorioz, haien garapena neurri handi batean, eskolan dauden helduen erantzunaren menpe ere badago. Beraz, determinatzailea da irakaslearen begirada eta rola. Haurrak eskolan ordu asko igarotzen dituenez, irakasleari dagokio eskola orduetan behintzat, haurrari hazteko eta garatzeko behar dituen baldintza eta baliabide egokiak eskaintzea. Beraz, irakaslearengan arreta jartzea ezinbestekoa da, kalitatezko haur hezkuntza baten inguruan hitz egiten dugunean.

 

Zentzu honetan, haur bakoitzarekin kalitatezko harreman bat eraikitzea da irakaslearen eginbehar nagusietako bat, horretarako sentikortasunez jokatuz eta haurraren atxikimendu irudi seguru bihurtuz. Sentikortasuna haurraren seinale eta beharren kontzientzia izan eta modu egoki eta kontingente batean erantzuteko gaitasuna da. Horrela, irakasleak txikitatik bihurtzen dira haurrentzako atxikimendu irudi garrantzitsu, euskarri fisiko eta emozionala ematen baitiete testuingurua esploratu eta bestearekin zein berdinkideekin harremanak eraikitzeko. Azpimarratu behar da haurraren garapenean, atxikimendua dela garapen faktorerik inportanteena. Haurrak atxikimendu segurua eraiki behar du helduarekin. Eta eskolako kasuan irakaslearekin. Atxikimendu segurua eraikitzeko, heldu sentikorra behar du haurrak.  

 

Horretaz gain, Irakasle sentikorraren identitateak marko bat eskaintzen dio irakasleari, jakiteko “nola izan irakasle sentikor”, “nola jardun irakasle sentikor bezala” eta “nola ulertu hezkuntza sentikortasunez”.

 

Nola eta non “eraiki” daiteke begirada hori?

Zazpi irakasle aztertu dira ikerketa honetan, eta bakoitzak norbere begirada dauka, ez daude bi begirada berdin; eta 30 irakasle aztertu izan bagenitu, hainbeste begirada ezberdinekin egingo genuke topo. Beraz, sentikortasunaren graduazioa azpimarratzea garrantzitsua da. Ez da kokatzen sentikorra izan/sentikorra ez izan dikotomia batean; sentikortasuna gehiago edo gutxiago izan dezake irakasle batek. Batzuk lehen definitutako begirada horretara gehiago hurbiltzen dira beste batzuk baino.

 

Ikerketako emaitzen arabera, begirada sentikorra denboran zehar garatzen doan konstrukuta da. Prozesu bizia da. Pertsona ez da sortzen identitate konkretu bat zehaztuta, ezta begirada sentikor bat finkatuta ere; inoiz amaitu gabeko prozesua da. Begirada zerbait dinamikoa, konplexua, multidimentsionala eta aldakorra da; testuinguruarekin elkarrekintzan eraikitzen dena eta pertsonaren esfera guztiei eragiten diena. Eta honek isla dauka gelako giroan, haurrarekiko jokabidean eta ebaluazioan. Nabarmendu nahi den beste ideia bat da begirada sentikorra garatu egin daitekeela da. 

 

Aztertu diren irakasleen bizitzako narratibak kontutan hartuta, argi dago begirada sentikor horren eraikuntzan eragin duten hainbat gertaera badaudela eta hauek irakasleen bizitzan eragina izan duten pasarte esanguratsuak dira; inflexio puntutzat hartu daitezkeen mugarriak. Gaur egun duten begirada hori izateko aurrekariak izan direnak. 

 

Honela, denboran zehar pertsona aldatzen eta garatzen doa bizitzan gertatzen zaizkion hainbat bizipen eta pasarteren eraginez. Eta horrek zuzenean eragiten du funtzio profesionalean ere. Prozesu hori etengabea da, gaur egun garena, bizi dugun guztiaren ondorioa da; gure bizitzatik pasatu diren pertsonena, gure balio, pentsamendu eta emozioena; azken finean gure esperientzien ondorioa, positiboak edo negatiboak izan.

 

Azpimarratzekoa da gertakari hauek guztiak badutela zerbait komunean: gorputzarekin eta bizipenekin oso lotuta daude. Askotan gainera, ez dira esperientzia gozoak, sufrimendua ekar dezakete, baina era berean, beste toki batetik eta beste modu batera begiratzera eraman ahal gaituzte, ikasteko aukera handia eskaintzen duten esperientziak dira eta transformazioa ahalbidetzen dute, norbere buruaren kuestionamenua egiten delako. Gure barnean konfiguratuta geneukana edota ikusteko eta sentitzeko modu bat aldatzeko gaitasuna dute. Horrek eramaten du pertsona testuingurua beste modu batera ulertu, begiratu eta sentitzera. Honela, pasarte hauek identitatean edo prozesu profesionalean aldaketak eragiteko ahalmena dute. Alde batetik ditugu pasarte pertsonal esanguratsuak, eta hauek batez ere haurtzaroko esperientziekin lotuta daude; gurasoekin edo anai arrebekin harremanak, eskolako lehen oroitzapen eta bizipenak, lagunekin harreman gazi gozoak, bullying kasuak, abandonua… agerian geratzen da haurtzaroak duen garrantzia. Bestetik, pasarte pedagogiko esanguratsuak; azpimarra egiten dute zenbait prestakuntza saiok beraien “begiradan” eragindako aldaketa eta aurrera begirako formazio asmoak ere badituzte hizpide. Eta azkenik, pasarte profesional esanguratsuak; egonkortasunarekin lotutako esperientzia inportateak, berrikuntza prozesuak, laneko gogobetetasuna etab… aipatzen dituzte.

 

Irakaslearen atxikimendu eredua ere begirada sentikorraren eraikuntzan erabakiorra eta determinatzailea dela esan daiteke. Baina ez da behin betikoa. Begirada sentikorra landu eta garatu daitekeen bezala, atxikimendu ereduak ere landu eta tratatu datezke. Bizitzan zehar eredu horiek egonkor mantentzen badira ere, aldaketak izan dizakete esperientzia berrien eta beste irudi esanguratsu batzuekin izandako kalitate harremanen ondorioz.

 

Zein metodologia erabili duzu tesia egiteko?

Metodologia kualitatiboaren hautua egin da. Ikerketa honen kasuan, irakasleen bizitza profesionala eta pertsonala arakatu nahi izan da eta horretarako metodo biografiko-narratiboa aukeratu da; gizakiok mundua eta errealitatea esperimentatzeko dugun modua ezagutzeko aukera ematen baitu. Ikerketa narratiboa erakargarria da esperientziari buruz pentsatzeko; identitatean, esanahietan eta jakintza praktikoan barneratzeko tresna baita. Horrela, irakasleen bizitzaren kontakizuna hartu nahi izan denez abiapuntu bezela, bizi historien metodoan bilatu nahi izan dut inspirazioa.

 

Ikerketan zazpi irakaslek hartu dute parte. Eta hainbat ezaugarri dituzte komunean; adibidez, guztiek burutu dituzte Haur Hezkuntzako irakasle ikasketak eta lanbide bera partekatzen dute. Baina testuinguru ezberdinetan hazi, hezi eta eraiki dituzte beraien harremanak. Bizi esperientzia ezberdinak izan dituzte. Formazio bideak ere anitzak izan dira. Bakoitzak historia pertsonal propioa dauka. Adin tarte eta lan esperientzia ezberdinetakoak dira denak.

 

Datuak biltzeko oinarrizko erreminta nagusiena elkarrizketa biografikoa izan da. Irakasle bakoitzarekin elkarrizketa bana egin da; baina elkarrizketa hau hiru saiotan zatikatu da; historia pertsonala, historia profesionala eta irakaslearen eguneroko lanaren inguruko galderetan oinarrituta.

 

Beste alde batetik, helduen atxikimendu eredua ezagutzeko, ECR-S (Experiences in Close Relationships) eskala erabili da. Honek pertsona lau atxikimendu ereduetan kokatzea ahalbidetzen du: segurua, kezkatua, beldurtia eta iheskorra.

 

Aipatu ditzakezu atera dituzun ondorio nagusienak?

Ikerketa honek aukera eman du begirada sentikorraren garapenaren gakoak zeintzuk diren identifikatzeko: kontzientzia, egokitzeko gaitasuna, ongizatea, erresilientzia gaitasuna, inplikazioa eta konpromisoa, eta azkenik, formazioa.                                                                                                                                                                                                              

 

Aldagai faktore nagusi horiek elkarreraginean daude etengabe. Izan ere, lehen aipatu bezala, begirada sentikorra  prozesu dinamikoa, moldagarria, eta etengabe aldatzen doana da. Une oro mugimenduan, irakasle bakoitzak ere begirada sentikor propio bat izango du, momentu eta testuinguru bakoitzaren arabera moldatutakoa.

 

Norbere burua ezagutzeak eta honen kontzientzia izateak, norberaren identitatea sendotu eta begirada propioa aberasten ditu. Eta hori da irakaslearen garapen pertsonalaren eta ongizatearen abiapuntu. Irakaslea ongi sentitzen denean, begirada sentikorra garatzeko aukerak zabaltzen dira; horrek ateak irekitzen ditu haurra behatzeko eta entzuteko, hau da, haurraren seinaleei adi egoteko, seinale horiek interpretatu eta modu egoki batean erantzuteko.

 

Baina irakasleak ez badu ongizaterik, jaitsi egiten da sentikortasuna. Presek eta kezkek ez diete uzten irakasleari begirada osoa haurrarengan jartzen, haurra sentitzen. Ondorioz, entzuteko gaitasuna oztopatzen da. Irakaslearen ongizatea jaisten denean, sentikortasuak ere behera egiten du. Eta irakaslearen erantzun negatiboekin lotzen da, horrek haurraren garapenean eragin zuzena izan dezakeelarik; praktika eta errutina zurrunak martxan jarriz, erreakzio zigortzaileak areagotuz edota irakaslearen entzuteko gaitasunean eraginez. Horrelako egoeretan, irakaslearen erresilientzia faktore oso inportantea da egoera zailek sortzen dituzten erronka ezberdinei aurre egiteko.

 

Irakasleak sentikortasunez jokatzen duenean ordea, haurarengana egokitzen da, malgutasunez jokatzen du, eta hain zuzen ere, horixe da lanbidearen beste gakoetako bat. Soilik horrela lortuko da haurrarekin kalitatzeko harremana eraikitzea. 

 

Irakasle onak eta bere lanean gustura sentitzen dira, haurrak ondo eta pozik ikusten dituztenean. Eta haurrak horrela sentitzen dira harremanean konfiantza eta segurtasuna sentitzen dituztenean. Horrek irakaslearei lanean inplikazioa eta konpromisoa sentitzea ahalbidetzen dio.  

 

Etorkizuneko irakasleek sentikortasun jokabideak garatzea oso garrantzitsua da, beraz, formazioan arreta jartzea estrategikoa da. Begirada sentikorraren formazio diseinua egiteko zenbait zertzelada edo argibide eskaini ditu ikerketak: argi ikusi da formazioan garapen pertsonalari, autoezagutzari, sentikortasunari, identitateari eta erresilientziari toki egin behar zaiola. Atxikimendu ereduen gaia da kontuan hartu eta prestakuntza horretan jorratu beharreko beste arlo bat; duen garrantziagatik, eta  landu eta garatu daitekeen arloa delako. 

 

Zeintzuk dira etorkizunerako irekitzen diren ikerketa ildo posibleak?

Argi geratu da formazioak nolako garrantzia duen begirada sentikor horren eraikuntzan. Aurrera begira interesgarria izan daiteke Haur Hezkuntzako etorkizuneko formazioan eragitea, eta graduan ez ezik, eskolan lanean dauden irakasleen garapen profesionalean edo etengabeko formazioan ere lantzea gai hauek. Behin hori eginda, begirada sentikorra garatu den edo ez ikustea oso baliagarria litzateke.

 

Bestalde, generoaren gaia aztertzea ere zinez interesgarria izan daiteke.

 

Topatu duzu harritu zaituen bitxikeriarik ikerketa prozesuan?

Norbere historiaz ari denean bat, bere burua (ber)aurkitzen du. Bere buruarekiko lan bat abiatzen du, bere historiarekiko harremana aldatzen duena. Kuriosoa da nola transformatu dezakeen hitzak berak. Elkarrizketatuari hitz egiteko espazio eta denbora bat eskaini zaio eta elkarrizketek kutsu terapeutikoa ere hartu izan dute batzuetan eta horrela adierazi izan dute protagonistek ere; haserreak beste modu batera ikusi eta kudeatzen lagundu die, edota ezintasunei hitza jartzerakoan hasi dira aldaketa txikiak ematen…batenbatek aitortu du bere harremanetan eta bere bizitzako erabakietan eragina izan duela prozesuak modu positibo batean.